Altsasuarra lan istripuan hila

Guaixe 2024ko urt. 16a, 09:12
Lan istripua gertatu zen etxea. FORUZAINGOA

42 urteko gizonezkoa hil zen Arribeko eraikuntza lan batean.

Nafarroako 112 larrialdi zerbitzuek istripu baten berri izan zuten atzo 09:02an. 42 urteko gizon bat zortzi metrotik erori zen, Arribe herriko Orella auzoko etxe batean lanean ari zela. Zaintzako medikua eta anbulantzia ezbeharraren tokira joan ziren. Gizonezkoa suspertzen ahalegindu ziren, baina ezin izan zuten, eta bertan hil zen. Hilotza Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, autopsia egiteko. Foruzaingoak bere gain hartu zuen ezbeharraren ikerketa. Lan istripuan aurten hildako aurreneko sakandarra da atzokoa. Joan zen urtean lan ezbeharrean beste langile bat hil zen. 

Erreakzioak
LABek salatu duenez, Euskal Herrian aurten dagoeneko lau langile hil direla lanean ari zirela, eta joan zen urtean 58 izan zirela. "Aurtengo joera ikusita berriro ere hilkortasun tasaren gorakada baten aurrean geundeke. Istripu guzti horien atzean neurri prebentiboen eza dago. Segurtasun bitartekorik gabeko altuerako erorketak ohikoak dira gurean". LABek gogorarazi duenez, "nahiz eta altueretako lanek baduten araudi propioa, zorrotza, errealitatean patronalak inpunitate osoz saihesten du langilearen bizitzarako bermeak eskaintzea, araua hautsiz". Horren aurrean "administrazioek ez dute nahikoa neurri hartzen eta isunak, istripua gertatu ondoren bakarrik egoten dira, inoiz ez aurretik egondako ez betetzeengatik". Atzoko heriotza eta egoera hori salatzeko, elkarretaratzera deitu dute LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek, ilbeltzaren 17an, asteazkenarekin, 12:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusian.

ELA sindikatuak nabarmendu duenez, "altuerako erorikoak dira lan-istripuek eragindako heriotzen lehenengo kausa. Heriotza mota horiek erraz saihets daitezke oinarrizko segurtasun neurriekin, eta, hala ere, joan zen urtean gutxienez bi pertsona hil ziren kausa horren ondorioz, eta aurtengo lehen biktima arrazoi beragatik hil da". Horregatik, ELAk "enpresaburuen zigorgabetasuna bukatzea" eskatu du. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari eskatu dio, "berehala, lan ikuskaritzaren plantilla handitzeko, Nafarroako lantokietan lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko".

CCOOrendako “lehentasunezkoa da laneko ezbeharren kopurua murriztea”. Sindikatuak gogorarazi duenez, "langileengatiko istripuen intzidentzia-tasari dagokionez, Nafarroa estatuko lurralde txarrenetakoa izan zen 2023an". Horregatik, CCOOk "inplikazio handiagoa" eskatu die inplikatuta dauden erakunde guztiei. CCOOkoek nabarmendu dutenez, "beharrezkoa da herritar guztiak kontzientziatzea Nafarroako lan istripuek sortzen duten arazo handiaz. Laneko gertakari hilgarriak icebergaren punta baino ez dira, laneko ezbehar-tasa normalizatzeari utzi behar dion eredu batean". Prebentzio programen baliagarritasuna nabarmendu du. "Hala ere, konpainiek prebentzio programetan parte hartzen duten sindikatuetako lan osasuneko arduradunei ateak ireki behar dizkiete". 

UGT-tik jakinarazi dutenez, “Nafarroan gertatzen diren lan ezbeharren kopuru altuen aurrean, ezinbestekoa da enpresetan prebentzio neurriak eta politikak areagotzea”. Eta enpresei zuzenduta, nabarmendu dute: "enpresek laneko arriskuen prebentzioa kostu gisa ikusteari utzi behar diotela eta inbertsio gisa hartu behar dutela defendatzen du". Era berean, UGTk uste du beharrezkoa dela "administrazioek eta alderdi politikoek prebentzioa eta lan osasuna lehentasuntzat hartzea beren agenda programatikoetan, eta lan istripuak murrizteko ahaleginik eta baliabiderik ez izatea". Gainera, sindikatuak azpimarratu du beharrezkoa dela "langileei prestakuntza eta informazioa ematea beren lanpostuei lotutako arriskuei buruz, bai eta Lan Ikuskaritzari giza baliabide eta baliabide material gehiago ematea ere, arauak betetzen direla kontrola dezan".