Futbola

Altsasuren estropezua

Guaixe 2024ko urt. 16a, 11:45

Gizonezkoen Preferente mailako hamaseigarren jardunaldian Altsasuk ezin izan zuen Mendi garaitu

Gizonezkoen Preferente mailako hamaseigarren jardunaldian Altsasuk Mendigorriako Mendi taldea hartu zuen ilbeltzaren 13an Dantzalekun, arerio zuzena. Hotza izan zen protagonista. Partida ongi hasi zen Altsasurendako, Asier Claverrek seigarren minuturako talde gorritxoa aurreratu baitzuen. 49. minutuan Mendik bana berdintza lortu zuen, eta partida gogortu zen. Nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak, baina 65. minutuan Mendik bigarrena sartu zuen, eta 1 eta 2-koa ezarri zuen. Altsasuarrak partidari buelta ematen saiatu ziren, baina ez zen modurik egon eta 3 puntuak Mendigorriara joan ziren. 

Burlades B taldea da gizonezkoen Preferente mailako lider berria (32 puntu), orain arteko lider Beti Casedano bigarrenarekin puntutara berdinduta. Altsasu hamaikagarren da (24 puntu), igoera postuetatik 5 puntutara. Ilbeltzaren 20an, larunbata, Altsasuk Beriainen jokatuko du, 18:30ean, sailkapenean azken aurrekoa den Iruntxiki taldearen kontra.