Osasun langileek "lankide palestinarrei elkartasuna" adierazi diete

Guaixe 2024ko urt. 19a, 10:27

Osasun arloko langileekin batera hainbat herritar izan ziren bilkuran.

Osasun etxe parean egindako kontzentraziotik Iruñeko Antoniuttin ilbeltzaren 20an, larunbatean, 17:00etan eginen den mobilizazioan parte hartzera deitu dute. Estatuko deialdia da.

Abenduaren 21ean egin bezala, atzera ere, Altsasuko osasun eskualdeko osasun langileek eta hainbat herritarrek kontzentrazioa egin zuten Altsasuko osasun etxearen parean ilbeltzaren 18an, ostegunarekin. Su etenaren aldeko Nafarroako Osasungintza ekimenak deituta egin zuten bilkura herrialdeko beste hemeretzi osasun etxeen parean ere. Gazan berehalako su-eten iraunkorra eta Palestinan genozidioa bukatzea aldarrikatu zuten. Bilkuran nabarmendu zutenez, "Historian lehen aldiz, Palestinan osasun langileei ez zaie alboko kalte gisa eraso egiten, lehentasunezko helburu gisa baizik".

Elkarretaratzean gogorarazi zutenez, Israelek Palestinan "ilbeltzaren 4rako 241 osasun profesional hil eta 283 zauritu zituen. Eta 121 anbulantzia eraso eta suntsitu dituzte lanean ari zirela. Bere delitu bakarra gaixoak zaintzea eta sendatzea". Antolatzaileek jakinarazi zutenez, "Gazako Zerrendako ospitale guztiak erabat edo partzialki suntsitu dira. Ospitale askotako mediku, erizain, zelari, teknikari asko bahitu, torturatu eta umiliatu dituzte, neguko aire hotz eta hezean ordu biluziak egonaraziz, morala txikitzeko helburu bakarrarekin. Horietako batzuek, Al Awda, Al Quds eta AL Shifa ospitaleetako osasun langileaek, desagertuta diraute".

Bilkuran parte hartu zutenek nabarmendu zutenez, "osasun arloko profesionalak garen aldetik, gure lankide palestinarrei elkartasuna adierazten diegu, baldintza drakoniarretan lan egitera behartuta baitaude, atseden hartzeko edo familiak ikusteko aukerarik gabe". Gaineratu zutenez, "Euromed Human rights monitorearen arabera, gaur egun, ilbeltzaren 18an, Israelek 30.000 pertsona baino gehiago hil ditu, Ukrainako gerra osoan baino hiru aldiz gehiago. Eta adituen arabera, horietatik %70 emakumeak eta haurrak dira".

Atzera begira
Su etenaren aldeko Nafarroako Osasungintza ekimeneko kideek adierazi dutenez, "1948an mugimendu sionistak Israelgo estatua sortu zuenetik, Palestinako herriak bere lurraldea nabarmen murriztu du. Israelek Palestina historikoaren %12 baino ez die utzi. Ordutik, ehunka herri eta hiri suntsitu dituzte, milaka palestinar espetxeratu, hil eta torturatu dituzte, ehunka mila kanporatu dituzte beren lurretik, beren etxeetatik, errefuxiatu bihurtuz".

Gaineratu dutenez, "Gazan duela 100 egun baino gehiagotik gertatzen ari dena garbiketa etnikoaren prozesu horren beste fase bat besterik ez da, sionismoak 1897an planifikatu zuena. Berezitasun bakarra erasoen basakeria da". Gogora ekarri dute Israelgo armadaren bozeramaileak lastailaren 10ean esan zuena: "gure helburua ahalik eta kalte handiena eragitea da".