Altean kontzentratuta dago Euskaltel-Euskadi taldea eta talde laranjak bertan aurkeztu du 2024ko denboraldia. Jorge Azanzak 21 txirrindulari izango ditu bere aginduetara, “talde orekatua, kalitatezkoa, bere bertsiorik onena emango duena” teknikari altsasuarraren esanetan. Esperientziadun txirrindulariak kimu berriekin tartekatu dituzte, talde orekatua lortzeko. Gertuko lehen mailako probetan -Itzulia, Donostia, Ordizia, Getxo... bere onena eman nahi du Euskaltel-Euskadik, eta Vueltako gonbidapena lortzeko gogor borrokatuko du. “Hozka egitera atera behar dugu”.
Afizionatuen Laboral Kutxatik datorren Iker Mintegi altsasuarrak talde laranjarekin egingo du debuta profesionalen mailan. Altsasuarra denboraldia hasteko gogotsu dago. “Kolore berriekin goazen 2024aren bila!” azaldu du bere sare sozialetan. Mallorcako Challengean egingo du debuta.