Astekaria

Lau egun Alex Txikonen Annapurnako kanpamenduan

Maider Betelu Ganboa 2024ko urt. 24a, 14:20

Joxepo Lizarraga eskalatzaileak aspaldiko laguna du Alex Txikon. Hark gonbidatuta, Madi alabarekin, Ion Lizarraga ilobarekin eta "Txibi" lagunarekin batera laukoteak Annapurnako ipar aldeko kanpamenduan esperientzia zirraragarria bizi du

Pasatu berri diren Eguberriak oso ezberdinak izan dira Unanun jaio eta Altsasun bizi den Joxepo Lizarraga Balda mendizale eta eskalatzailearendako, oporrak Nepalen pasa dituelako, tartean Alex Txikonen neguko Annapurnako espedizioan bisitan. Madi alaba, Ion Lizarraga iloba eta Zaldibiako Zeberio "Txibi" laguna izan ditu bidaide esperientzia ahaztezinean. 

Alexen gonbidapena
Lizarragak ez zuen Himalaia ezagutzen. "Alex Txikon aspaldiko laguna dut, sarritan pasatzen da gure etxetik. Aspalditik esaten zidan noizbait bere espedizio bat ezagutzera joan beharra nuela. Abuztuan, eskalatzen geundela, Annapurnara joatea eskatu zidan, iparraldeko aurpegian egongo zirela, eta merezi zuela, inguruko ibilbideak inork gutxik egiten dituelako eta basatiak eta gogorrak direlako. Gogorra hitza entzun genuenean... bete-betean animatu ginen" dio Joxepo Lizarragak, irribarrez. 

Joxepo Lizarraga: "Alex Txikonek Annapurnara joatea eskatu zidan, eta animatu ginen"

Alaba nagusienak, Madik, aitak mendiarekiko duen zaletasun berbera du. "Txiki-txikitatik Himalaiarekiko eta Nepalekiko erakarpen handia du". Jakina, Alexen gonbitera berehala animatu zen, baita Lizarragaren Zaldibiako Zeberio "Txibi" laguna ere. Hasieran eurekin eskalatzen duen lagun bat ere joatekoa zen, baina ezin izan zuen, eta Ion Lizarraga iloba animatu zen. "Alex Annapurnako ipar aurpegian zegoenez, inguruko ibilbideak eta aukerak begiratzen hasi nintzen. Berak esan bezala, hara inolako trekking ibilbiderik ez zihoala ikusi nuen; horra bakarrik alpinistak zihoazela. Trekking ibilbideak hegoaldeko aurpegiko aldean egin ohi dira. Iparreko aldea izugarria iruditu zitzaidan, ederra, eta horrek asko erakarri ninduen". Aurreikuspena bete egin zen. 

Laukoteak abenduaren 20an hartu zuen Nepaleko bidea, Katmandu hiriburura heltzeko. Gabon gaua eta Gabon eguna mendian eman zituzten, Bilboko bikote batekin batera egindako mendi ibilbide batean. Eta Alex Txikonen Annapurna iparraldeko espedizioko oinarrizko kanpamendura abenduaren 28an iritsi ziren, eta abenduaren 31rako bertatik jaitsi ziren. Ilbeltzaren 5ean itzuli ziren.  

Hotza
Alex Txikonen Annapurnako ipar aldeko oinarrizko kanpamendua "oso atsegina zen. Baina oso" nabarmendu du Lizarragak. "Agian beste oinarrizko kanpamendu batzuk ez dira horrela izango, baina hau zabalgune handi ederrean zegoen kokatuta. Nahiz eta neguan egon eta tenperaturak baxuak izan, kanpamenduan ez genuen elurrik, eta haizea bai, baina gutxi. Hotza bai, ordea. Hala ere, atsegina izan zen; gogorra baina atsegina". 

Gaua zen okerrena. "Gauean 0 azpitik 10-15 gradu izango genituen. Hotz handia. Hasieran Alexek utzitako lumazko jaka bereziekin sartzen ginen lo zakura. Ur botila beroa ere sartzen genuen. Goizeko 7:00etatik 10:00ak arte zen tarterik okerrena. Zaku barruan egotea, ez zegoen besterik, eskuak ere ezin baitziren atera, hotzarengatik". Kanpamenduko martxa 10:00ak aldera hasten zen, "guztiak gosaltzera biltzen ginenean. 10:15etik aurrera eguzkia jotzen hasten zen, eta eguraldia zeharo aldatzen zen, onera. Ez zuen zerikusirik". 

Joxepo Lizarraga: "gaua zen okerrena. Tenperaturak 0 azpitik 10-15 gradukoak ziren"

Oinarrizko kanpamenduko bizitza zuzenean bizi zuten Lizarragak eta bere taldekideek. "Alexen espedizioa eta gu kontuan hartuta, 11 pertsona ginen; eta sherpak. Elkarrekin gosaldu ondoren, buelta bat ematen genuen inguruetan. Trekking pare bat egin genituen, oso politak, eta ondoren elkarrekin biltzen ginen bazkaltzera. Arratsaldea ederra zen. Kartetara jokatzeko ohitura handia dute. 30 urte neramatzan kartetara jokatu gabe, eta han briskara ibili ginen jo eta su, giro ederrean". 

Nepalen arroza da elikagai nagusia, baina oinarrizko kanpamendua "beste mundu bat" zen. "Denetatik zegoen, nik etxean ez dut elikagai biltegi hori. Eduki ahal den guztia zuten; etxean baino hobeki jan dugu" dio Lizarragak. 

Alex Txikon
Joxepo Lizarragaren taldeak zorte handia izan zuen, egun batean izan ezik Alex eurekin egunero egon zelako Annapurnako oinarrizko kanpamenduan egin zuten egonaldian. Lizarragak miresmen hitzak ditu alpinista bizkaitarrarendako. "Alex eta bere taldekide Mattia Conte italiarra mendi goitik nola jaisten ziren, ikustekoa zen. Beste planeta batekoak dira". 

Neguko espedizio baten gogortasuna "apartekoa" dela uste du Lizarragak. "Negu gorrian halako espedizioak egitera joateak erokeri puntu bat badu. Alexek joan zen urtean zortea izan zuen eta Manaslu igotzea lortu zuen, baina oso zaila da. Guztia ongi atera behar da: baldintza klimatikoak, sasoia, unea... dena". Bertako baldintza klimatikoak oso aldakorrak dira neguan. "Oinarrizko kanpamendura iritsi ginenean zerua urdin-urdin zegoen eta eguraldi aurreikuspena ona zen. Pentsatu nuen aurten ere Alexek lortuko zuela, Annapurnara igoko zela". Kanpamendura iritsi eta lau ordura, sekulako elur jauzia ikusi zuten. "Gure aurrean gertatu zen, justu Alexek igoeran gainditu behar zuen eremuan, lehen eta bigarren kanpamenduen artean. Eta handik bi ordura atzeko mendian ere sekulako elur jauzia gertatu zen. Eguraldi aurreikuspenak onak izan arren, hau da, eguraldi perfektua, egoera eta baldintzak di-da aldatzen dira". 

Joxepo Lizarraga: "Kanpamendura iritsi eta lau ordura, sekulako elur jauzia ikusi genuen"

Tenperaturekin, antzekoa. Oinarrizko kanpamenduan gauean 0 azpitik 10-15 graduko tenperaturak zeuden, baina lehen kanpamendura edo bigarrenera igotzean, tenperaturak 20 gradu hotzago izan daitezke. "Alexek hirugarren kanpamenduan pasa zuen azken gauan 0 azpitik 45 gradutan egongo zirela kalkulatzen dut. Eta orduko 100 kilometroko haize aldaketarekin. Pentsa. Eta zerua urdin zegoen. Horregatik, jendeak esaten duenean Alex Txikonek hirugarren kanpamendutik berriz oinarrizkora jaitsi behar izan duela, tonu ironikoan... jende horrek ez du hitz egiten ari denaz ideiarik ere ez. Neguko espedizio batean oinarrizko kanpamendu batean egotea, berez, gogorra da, goiko kanpamenduetakoa kontuan hartu gabe. Eta ia bi hilabete ematen dituzte espedizioan. Uste dut Alex abenduaren 16an iritsi zela kanpamendura, eta atzo (ilbeltzak 15) jaitsi zen. Pentsa". 

Alex Txikonek Annapurna ipar aldetik neguan igotzeko ahalegina amaitutzat eman zuen ilbeltzaren 13an. Besteak beste, aurretik hirugarren kanpamendura igotako materiala desagertu zela ohartu ziren gailurrerako ekinaldia egitera igo zirenean. Hango baldintza gogorrekin, edozer gerta daiteke, baina hori ere gertatzea, zoritxarra. "Zoritxarra? Ez dakit zer pentsa. Alex lur jota zegoen gertatutakoarekin, baina askoz ere gogorragoa litzateke beraiek hirugarren kanpamenduan egotea eta beraiek desagertzea, materiala baino. Mendi horiek oso gogorrak dira". 

Komunikazioa
Himalaiako espedizioaren barruan pisu handia du, egun, komunikazio lanak. Argazkiak atera, bideoak prestatu, sare sozialetan unean uneko azalpenak eman, hainbat hizkuntzatan... lana ez da bukatzen. "Alexek egiten zuen lan hori guztia. Egunero hiruzpalau ordu zituen halakoetarako. Eguraldi iragarpenak begiratu, eguneroko antzekoa bete, sare sozialetarako testuak idatzi eta irudiak aukeratu... Idatzitako testuak Enekori pasatzen zizkion, sukaldaria izateaz gain espedizioko bere eskuin eskua dena, hark zuzentzeko. Argazkiak eta irudiak Andres kamarak egiten zituen". Horretaz gain, espedizioko ohiko lanak: otorduak, guztia txukun mantendu, sherpei jarraipena egin eta bestelakoak. "Sherpak kide bat gehiago dira espedizioan. Tratua bikaina zen". 

Espero baino askoz ere gehiago
Himalaiako mendien handitasunaren aurrean, gizakion txikitasuna oraindik ere nabarmenagoa da. "Pirinioetan Posets mendi indartsua da, baina Alpeetan beste dimentsio batzuk ikusten dituzu, handiagoak. Andeetan ere izana naiz, eta dimentsioak handitzen dira. Baina Himalaiakoa sekulakoa da. Annapurnako iparraldeko oinarrizko kanpamenduan 4.400 metro ingurutan geunden, eta aurrez aurre beste 4.000 metro genituen, ipar horma ikusgarria. Sekulakoa izango zela espero nuen, baina espero nuena baino gehiago izan da. Ikaragarria. Dimentsio ikusgarri horietara ez gara egiten". 

Laurendako esperientzia itzela izan da, baita gazteendako ere. "Ongi pasa dute. Eurendako abentura ez zen mendian hasi, bidaian baizik, Katmandu hiriburuan, errepideetan, mendietan... Esaterako, Annapurnako iparralderantz joateko 180 km egiteko 10 ordu behar izan genituen autobusez. Soilik mendizaleak doaz bertara, eta errepideak beldurgarriak ziren. Beldur gehiena errepideetan pasa nuen nik. Autobusak zaharrak ziren, eta, errepideak, mendian tailatutakoak. Oso txarrak. Eta pentsatzea bertan lurrikarak edo elur jauziak egon direla... honek eromen puntu bat badu". 

Bidaiatik gauza asko gustatu zaizkio Lizarragari, baina argi du zer ez zaion "bat ere ez" gustatu: Katmandu hiriburua. "Jendetsua, erokeria hutsa, autoz betetakoa eta kutsadura izugarria duena. Lehen egunean lepoko braga sudurreraino igo behar izan genuen. Fundizio batean bezala sentitzen zinen". Nepal, ordea, "izugarri" gustatu zaio. "Gehienbat jendea. Kanpamenduan sherpekin egin genuen harremana bikaina izan zen. Jende oso ona da, beraiekin edonora joan zaitezke".  

Joxepo Lizarraga: "Noizbait itzuliko gara, ziur, bertako mendiengatik. Zoragarriak dira"

Joxepo Lizarragak argi du Nepalera itzuliko dela. "Orain dela 18-19 urte Alexekin eta Ochoa de Olzarekin Himalaiara joateko zorian egon nintzen, baina etxeko kontuengatik ezin izan nuen joan izan. Orain arte pentsatzen nuen bertaraino joatea, trekking bat egin eta behean geratzeko, horretarako ez zuela merezi. Baina han egonda, berriro diotsut badakidala bueltatuko naizela, bertako mendiengatik. Hango mendiak ikustea, eta neguan, zoragarria da". Mendizale unanuarrak aitortu duenez, Everest ondoan dagoen Ama Dablam (6.812 m) da bere betiko mendi kuttuna. "Etxean hiru koadro ditut. Piramide itxura du, eta igotzeko mendi zailenetako bat da, soka gailurreraino finkatu behar baita. Bertara ez hurbiltzea nahiago, tentaziorik ez izateko (kar-kar). Urte batzuk baditugu, eta hankak lurrean. Ez gaude horretarako". 

Alabari eta ilobari esperientzia asko gustatu zaie. "Iloba makina hutsa da. Mendia du gustuko, eskalatzea ez, ordea. Ziur noizbait bueltatuko dela. Eta Madik pila bat disfrutatu du. Oinarrizko kanpamenduan altuerako gaitza sufritu zuen, baina oxigenoa jarri zioten, eta gehien disfrutatu zuena izan zen. Poz-pozik. Biek sekulako bizipenak bizi izan dituzte, eta flipatuta etorri dira". Izan ere, Himalaiako espedizio bat bertatik bizitzeak ez du preziorik. "Halako mendi puskak, kanpamenduko martxa, elur jauziak... sekulakoa izan da". 

Espedizio masiboak
Alex Txikon lagun izatea Himalaiara itzultzeko atea da, "baina ez dakit Alex zenbat urte gehiago ibiliko den. Abenduan 42 urte bete zituen eta bigarren seme-alaba izango du aurki. Nahiz eta berak bezalako alpinistek burua beti Himalaian izan, nekatu antza sumatzen diot. Joan zen urtean, Manaslutik jaisterakoan, neguan ez zela gehiago bueltatuko esan zuen. Ez du hitza bete, Annapurnan egon delako, baina udako espedizioek ez dute erakartzen. Ez du bere burua hor ikusten. Eta negukoak gogorregiak dira". 

Udako espedizioak jendetsuak bilakatu dira, asko komertzialak, horrek dakarren guztiarekin: kutsadura, eta bestelakoak. "Ni ez naiz sekula halako batean egon, baina irudietan zaborrez betetako kanpamenduak ikusten dira. Annapurnakoan, ordea, guztia garbi-garbia zegoen. Sherpa batek esan zigun berak Everesteko gailurreraino bezero bat eman zuela, eta berak mugitu behar izan zizkiola hankak eta gorputza. Pentsa pertsona horrek mendiarekiko nolako zaletasuna duen". Bizitakoarekin kontentu dago laukotea. "Primeran pasatu dugu;sekulako esperientzia izan da". Etorriko dira beste batzuk.