Astekaria

"Bideojokoa aurrera eramateko gogoa dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urt. 24a, 13:21

Maite Martinez Marquez arte zuzendari altsasuarra.

Maite Martinez Marquez altsasuarra arte zuzendaritza masterra ikasten ari zela, 'Little Keepers' bideojokoaren demoaren sorreran parte hartzeko aukera izan zuen. Proiektuak bi sari irabazi ditu.

Iturrama institutuan arte batxilergoa egiten ari zela, ikus-entzunezkoen mundua ezagutu zuen Maite Martinez Marquez altsasuarrak, Tomas irakaslearen bidez. Argazkilaritza, bideogintza, edizioa eta abar gustatzen zitzaiola ikusi zuen, eta horrek bultzatuta ikus-entzunezko komunikazioa gradua ikastea erabaki zuen. Amaitu ondoren, trebatzen jarraitu zuen eta Arte zuzendaritza masterra egitera joan zen Madrilera. Bertan zegoela bideojoko baten sorreraren proiektuan parte hartzeko aukera izan zuen, eta orain beste bideojoko bat garatzen ari dira. 

Zertan datza arte zuzendaritza?
Proiektu batean koherentzia eta osotasun bat bilatzen du arte zuzendariak. Diseinu grafikoa eta gehiago ere bada; esaterako, publizitate kanpaina egiteko orduan zer kolore, tipografia eta abar behar diren osotasuna lortzeko.

Nola eman zenuen ikus-entzunezkoetatik artera saltoa?
Badirudi bi mundu guztiz desberdinak direla, baina ikus-entzunezko komunikazioa graduan diseinu grafikoa irakasgaia egin genuen ere. Azken finean, artea da. Zineman grabatzea eta nahikoa dela dirudi; eta ez. Badago kolorea, zuzendaritza artistikoa... Elkarrekin doazen bi gauza dira.

Bideojoko baten garapenean parte hartu duzu. Nola sortu zen aukera?
Masterra Voxel eskolan egin nuen, eta masterra Complutense unibertsitatea eskola pribatu batean egiten dute, eta eskola horretan master gehiago daude: bideojokoen sorkuntza, pertsonaien sorkuntza, concept art eta abar. Ikasketa horietan, master bakoitzeko bi edo hiru pertsona elkartu behar dira Master Amaierako Lan amankomun bat egiteko: bideojoko baten demoa egin behar zuten ikasturte amaierako. Gure masterrean ez eta ez du horrekin zerikusirik, baina logotipoa egiteko, triptikoak, bideojokoan agertzen diren botoiak eta abar sortzeko norbait behar zuten eta niri proposatu zidaten. Ekoiztetxe horrekin aurrera jarraitu dugu, eta lanean jarraitzen dugu; Atabey Creations. Boluntarioak gara denak.

Eta nola da bideojoko bat sortzea?
Ez da erraza, gainera kontuan izanda ez dela berez ordaindutako lan bat, baizik MAL bat dela. Jendea sartzen da, baina ez guztiz. Nire kasuan ez nintzen narratiban edo jokoan asko sartu, baina azkenean diseinukook badugu begi hori pantailan zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko. Orduan, adibidez, jokoan materialak sortzen direnean halo bat sartzea egokia zela uste genuen, jokalariak ez dakielako zer gertatzen ari den. Guk gauza horiek ikusten ditugu. Gero gehienetan erantzuna "ezin da hori egin" izaten zen. Zaila izan da, baina oso gustura aritu naiz.

Zenbat denbora egon zarete proiektuan lanean? 
Irailetik uztaila edo abuztura arte. Bakarrik demoa atera dugu. Joko honekin bukatu dugu eta Steamen deskarga daiteke, doan; probatu daiteke, bi pertsona behar dira jokatzeko. Orain beste bideojoko batean lanean ari gara, modu berdinean. Narratiba oso antzekoa izango da; gauza batzuk mantenduko dira eta beste batzuk oso desberdinak izango dira. Bideojoko luze bat egin nahi dugu orain. 

Zer kontatzen du bideojokoak?
Little Keepers bideojokoan, lehenengoan, bi haur dira, Oli eta Dalia eta bere ama botanikaria da. Landareekin esperimentuak egiten hasten da eta esperimentuekin eta klima aldaketarekin landareak gaiztotzen dira, maltzurrak bihurtzen dira. Ama desagertzen da. Bi haurrak pertsonaia nagusiak dira eta jokalariak erabaki behar du norekin jokatu. Pantailaren erdian etxea dago eta materialak jaso behar dituzu dorretxoak egiteko etxearen inguruan, etxea defendatzeko eta landare gaizto horiek etxean ez sartzeko eta dena ez txikitzeko. 

Eta orain egiten ari zaretena nolabait horren garapena da?
Pertsonaiek ez dute izen berdina izango, baina istorioa nahiko antzekoa izango da. Orain naturarekin konexio gehiagorekin egingo dugu. Arerio nagusia Yuki izango da, Amalurra, eta, beraz, gaizkile nagusia amalurra izango da. Mezua izango da natura zaindu behar dugula, bestela gure kontran jarriko dela. 

Zuen lana pertsonaiak eta mundua diseinatzea da, ezta? 
Bai, guztien artean erabakitzen dugu pertsonaiak eta mundua nolakoak izango diren, eta lan hori garatzea concept art departamentura dagokio. Diseinukoak marketin departamentuan gaude gehienbat, eta gure iritzia oso garrantzitsua da gero jokoa saldu behar dugunez zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, zer den ona eta zer ez esaten dugu. Estetika bat ematen diogu. 


'Little Keepers' bideojokoaren sortzaileak Gala Play Station Talentsen; Maite Martinez altsasuarra ezkerretik laugarrena. UTZITAKOA

Proiektuak sariak irabazi ditu.
Bi sari irabazi ditu: Guerrilla Game Festivalean ikasleendako eta bideojoko indiendako sariak dira eta bertan bigarren saria irabazi genuen, eta horri esker Gala Play Station Talentsera izendatu zuten eta bertan Konpromiso saria jaso genuen. Play Station eta ONCEren artean ematen duten sari bat da eta epaimahaiaren iritziz gure jokoak kutsaduraren eta klima aldaketaren primerako islada egiten du; horregatik irabazi genuen lehenengo saria. Esperientzia oso ona eta arraroa izan zen. Batbatean deitu zidaten Madrilera joan behar nintzela Cines Callaon alfonbra urdinatik pasa behar ginelako. Altsasun nengoen dagoeneko, lanean, eta Madrilera itzuli behar izan nintzen, eta Cines Callaora, gainera, oso garrantzitsua dela. Oso ongi pasa genuen, bertan mago oso ospetsu bat egon zen, Play Stationeko oso jende garrantzitsuek hitzaldiak eman zituzten. Bideojoko oso onak zeuden izendatuta.

Horrek proiektua aurrera eramateko gogoa emanen dizue.
Produktoran hogei pertsona hasi ginen, gehienez, eta orain marketin departamentuan hamar pertsona gara. Proiektu osoan 30 pertsona baino gehiago gaude. Proiektu txiki b at da, baina nahiko jendea dago lanean eta jendeak gogoa dauka zerbait garrantzitsua egiteko. Astero elkartzen gara, marketin asteazkenean, esaterako, eta astean zehar ekoizleek mezu bat bidaltzen digute proiektua zein prozesutan dagoen azaltzeko eta sektore bakoitzaren lanaren berri emateko; esaterako, marketinek neguko egutegia egin du... Jokoa egiteko ez dugu dirurik behar, boluntarioak gara, baina bukatuta dagoenean gure intentzioa enpresetara saltzea da, eta, bestela, Steam bidez saldu.

Espero zenuen bideojokoen munduan amaitzea? 
Dudan esperientziagatik eta egin nuen masterragatik ez nuen espero bideojoko batean egotea, baina egia da txikitatik anaiarekin jokatu izan dudala: Play Station, Nintendo... Gustukoak izan ditut bideojokoak eta masterreko lagunak proiektuan sartzea proposatu zidanean oso pozik esan nuen baietz. Orain mundu hori asko gustatzen zait eta barrutik ezagutzen ari naiz, gainera, marketinetik. Zinemaren eta bideojokoen munduak antzekoak dira, narrazio bat dago, mundu bat, pertsonaiak... Agian bideojokoena zailagoa da dena sortu behar delako.

"Datorren urterako Altsasuko inauterietako dokumentala egitea espero dugu"

Etorkizunerako proiektu gehiago dituzu? 
Momentu honetan bideojokoan sartuta nago, baina beste proiektu batzuk lantzea nahi dut. Datorren urterako daukagun proiektu bat Altsasuko inauteritako dokumental bat egitea da, motza, pertsonaiak aurkezteko. Aste honetan egin nahi genuen, baina ez dugu kamerarik lortu eta datorren urterako uztea erabaki dugu. Beraz, datorren urtean Altsasuko inauterietako dokumentala izatea espero dugu.