Aratz Sanzol Lumbrerasek sendo jarraitzen du eskalada munduan. Ilbeltzaren 20an Nafarroako Bloke Eskalada Txapelketa jokatu zen Iruñeko Bihatz rokodromoan, eta 16 urtez azpiko gizonezkoen kategorian txapelduna izan zen eskalatzaile altsasuarra, Martin Uribarriren eta Jon Villegasen aurretik. Gizonezkoen master mailan Jaime Sanzol, Aratzen aita, hirugarren sailkatu zen. Nafarroako Bloke Eskalada Txapelketan 120 eskalatzaile baino gehiagok hartu zuten parte. 8:00etan hasi, eta 21:00etan bukatu zen, egun osoko jarduna.
Blokea rokodromoan prestatutako lau metro eta erdiko egituretan egiten den eskalada da, oso teknikoa. Hasierako presak markatzen dira, eta goian presa bat jartzen da, helmuga dena. Bide hori egiteko modurik egokiena aukeratu beharko dute eskalatzaileek. Aratz Sanzol 14 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko Nafarroako txapelduna da, eta Nafarroako selekzioko kidea.