Futbola

Altsasuk puntu bat arrantzatu zuen Dantzalekun

Guaixe 2024ko urt. 30a, 12:50

Emakumezkoen Preferente Mailako hamabosgarren jardunaldian Altsasuk garaipena izan zuen eskuetan, baina puntu batekin geratu zen

Altsasuk Gares taldea hartu zuen Dantzalekun Emakumezkoen Preferente Mailako hamabosgarren jardunaldian. Altsasuarrak indartsu hasi ziren, laugarren minuturako June Altzelaik talde gorritxoa aurreratu zuelako. Berehala bana berdindu zuen Garesek, baina atsedenaldira 2 eta 1eko errentarekin joan ziren altsasuarrak, Sonia Alonsok Garesen atea zulatu eta gero. Bigarren zatian bi taldeen arteko lehiak jarraitu zuen. Nerea Arellanok 3 eta 1 aurreratu zuen Altsasu, Dantzalekun bildutako zaleen zoramenerako, baina Garesek ez zuen etsi eta hiruna berdintzea lortu zuen. Garaipena eskutan izanda berdintzea ez zen samurra izan, baina gutxienez puntu bat bildu zuen Altsasuk. 

Tudelanok jarraitzen du Emakumezkoen Preferente Mailako lider (36 puntu). Altsasu bederatzigarren da, azkena (6 puntu). Otsailaren 4an, igandea, Altsasuk 12 punturekin sailkapenean zazpigarren den Idoya taldea hartuko du Dantzalekun, 17:45ean.