Naziek hil eta deportatuak omendu dituzte

Guaixe 2024ko ots. 1a, 09:32

Holokaustuko biktimak gogoratzeko Iruñean egindako ekitaldian lore eskaintza egin zuten. AFFNA_36

Kontzentrazio eremuetan bi altsasuar hil ziren eta beste bat liberatu zuten.

Nafarroako Memoria Institutuaren nazien kontzentrazio eremuetara egindako deportazioen zerrendan 60 nafar agertzen dira. Haien artean bi altsasuar zendutakoen edo desagertuen zerrendan daude: Victor Restituto Andueza Ranero eta Miguel Iriarte Uribe. Valeriano Albistur Mazkiaran, berriz, eremua askatzean askatu zuten. Hirurak Mauthausengo kontzentrazio esparru nazian egon ziren. 

Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna ospatu zen ilbeltzaren 27an, larunbatarekin. Hori dela eta, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak ekitaldia antolatu zuen Iruñean. Elkartekideek nabarmendu zuten jendeak ez dakiela nazien kontzentrazio eremuetan nafarrak izan zirela. Pertsona haien esperientziaren berri ezagutzea eta pertsona haien erreparazioa egiteko beharra nabarmendu zuten. Horregatik, haien omenezko memoriala egitea eskatu zuten elkarteko kideek. Nabarmendu zutenez, foru gobernuaren Historia Memoriako Legean jasoa dago nafarrak egon ziren kontzentrazio eremuetan plaka moduko bat jarriko duela. Hori ez dela egin azpimarratu zuten.