Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Avia Zizur Ardoi taldea hartu zuen Zelandin. Etxean jokatzeak beharrezko animoa emango zielakoan atera ziren kantxara saskibaloi jokalari altsasuarrak, baina, zoritxarrez, ezin izan zuten garaipena lortu. Partida estua izan zen, hasieran bereziki, baina lehen laurdenerako aldea hartu zuen Zizurrek. Bigarren laurdenean CBASK Narum asko gerturatu zitzaion, baina Zizurrek aurrea hartu zuen eta, azkenean, 58 eta 69 gailendu zen, 11 punturen aldearekin. Bigarren Maila Interautonomikoak atzera ere lider berria du, Aguerri Larraona Claret (22 puntu), Erisa Clavijo bigarrenarekin puntutara berdinduta dagoena. CBASK Narum Fisioterapiak hamalaugarren postuan jarraitzen du, azkena (14 puntu), partida bat gutxiagorekin. Otsailaren 3an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean hamargarren den Ega Perfil Oncineda Lizarrako taldea hartuko du Zelandin, 17:50ean.
Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Valle de Egües taldea hartu zuen Zelandin, arerio zuzena. Azkeneko porrota ahaztu eta atzean utzi nahi izan zuten altsasuarrek, baina ezinezkoa. Lehendabiziko bospasei tantotan parez pare ibili eta gero, aginte makila atera zuen Valle de Egüesek eta tartea ateratzen hasi zen. Partida guztian barna agintzen jarraitu zuten Iruñerrikoak, eta, azkenean, erraz irabazi zuten, 30 eta 59. Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (26 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos hamargarren postuan jarraitzen du (16 puntu). Otsailaren 3an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean hamahirugarren den San Ignacio taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan.