Euskaltel Euskadi taldeko aurpegi berrietako bat da Iker Mintegi Claver altsasuarra. Laboral Kutxatik profesionaletara egin du salto, UCI Pro Team mailara. Jorge Azanza Soto zuzendari altsasuarraren aginduetara debutatu du UCI World Tour mailako Mallorcako Challengean, eta amestutako debuta izan da: Challengeko lehen etapan, Calviá Trofeoan, hamaseigarren sailkatu zen altsasuarra, Top 20an, tropeleko onenen artean.
Afizionatuetatik profesionaletara igotzeko koxka hori, handia al da? Zertan nabaritzen duzu gehien?
Azkenean jauzi handia da. Zaletasuna lan bihurtzen da, eta exijentzia handia da. Esango nuke alde handiena profesionaletan dagoen maila altua dela. Txirrindulari guztiek tropelean sekulako maila dute. Horretaz gain, abiadura asko nabaritzen da. Agian lehen, afizionatuetan, portu batean 10-20 txirrindulari atzean geratzen ziren, eta orain, profesionaletan, erritmo berberean ez da inor atzean geratzen. Maila oso altua da, eta oso azkar joaten da.
Horretaz gain, egunerokotasunean ere aldaketa sumatuko da. Talde profesionalek baliabide gehiago dituzte, eta taldeei egiten zaien jarraipena ere bestelakoa da. Beste mundu bat izango da.
Alde horretatik ere nabaritzen da, bai. Taldea profesionala denez, baliabide gehiago ditugu; jende gehiago dugu gure ondoan guri laguntzeko prest. Azkenean, hori ere nabaritzen da.
"Jorge Azanza zuzendari ona da, gutxitan okertzen da. Horrek lasaitasuna dakar"
Entrenamenduei dagokienez, afizionatuetatik profesionaletara asko aldatu dira zure saioak? Kontuan hartuta Laboral Kutxatik zatozela, Euskaltelen harrobitik, agian ohitura edo molde asko aurretik bereganatuak zenituen. Hala ere, egunerokotasunean zer aldatu da gehien?
Urtez urte pausoak ematen joan naiz, denboraldiro geroz eta gehiago entrenatzen. Azkenean, prozesu bat da. Laboral Kutxako afizionatuen lehen urtean, 18 urte nituela, ezingo nituzke aurten egiten ditudan ordu berdinak egin edo asimilatu. Hau gutxika egin beharreko lana da. Urtez urte ordu gehiago sartzen dituzu entrenamenduetan. Lan espezifikoa nahiko antzekoa dela esango nuke, baina egia da astez aste lan gehiago egiten dela.
Euskaltel Euskadin eskuadra gaztea zarete. 21 txirrindulari, 16 euskaldun, eta horietatik 12 harrobitik igo zaretenak. Alteako aurkezpenean plantilla orekatua zaretela nabarmendu zen, gazteek eta beteranoek orekatutakoa. “Bere bertsiorik onena” emateko prest dagoen taldea osatzen duzuela esan zuen Jorge Azanzak, “poz handiak” ekarriko dituzuela. Zer deritzozu?
Talde polita ikusten dut; talde txikia gara, baina talde polita dugu. Beterano berriak etorri dira, maila oso altua dutenak, eta gazteok ere gutxika aurrerapausoak ematen ari gara, pausoz pauso. Harrobitik txirrindulari asko pasa garenez, aurretik ezagutzen dugu elkar, gehienak etxekoak gara, eta horrek ere gauzak asko errazten ditu.
Nolakoa da Jorge Azanza zuzendari gisa?
Orain arte bakarrik itzuli batean izan dut zuzendari (Mallorcako Challengea), baina azken urtetan prestatzaile izan dut eta aspaldiko ezaguna da. Oraindik ez dut lasterketa askotan berarekin bat egin, baina esango nuke oso zuzendari ona dela. Ez dut nik bakarrik uste; Mallorcako Challengeko lehen egunean, De la Partek esan zuen Jorge oso ona dela. Urte asko daramatza honetan, eta badaki lasterketa bakoitzean zer gertatu behar den, ia gehienetan. Esango nuke oso gutxitan okertzen dela. Etapa aurretik autobusean egiten dugun bileran esaten badu honakoa eta honakoa gertatuko dela, % gehienetan hori gertatzen da. Eta gazte izanda, horrek lasaitasuna ematen dizu. Berak esaten dizuna egiten duzu, eta gehienetan hala gertatzen da, eta horrek asko laguntzen du.
"Gure bertsiorik onena eman, eta taldearen izena altuenera eramateko gaude denak"
Zuen onena ateratzen saiatzen da.
Bai. Azkenean horretarako gaude denak, ahalik eta bertsio onena emateko eta taldearen izena ahalik eta altuenera eramateko.
Orain arte aurrean egotea, ihesaldietan sartzea eta gerra ematea gustuko zenuen. Profesionala izateak aldaketa ekarri du?
Orain arte asko gustatu izan zaizkit ihesaldiak. Afizionatuen azken urtean agian ihesaldi gutxiago hartu nituen; lasterketako unean unekoetan zentratzen nintzen. Profesionaletan asko irauteko zure tokia azkar aurkitzea hoberena dela esaten dute. Profesionaletan lau lasterketa besterik ez ditut egin, eta oraindik nire tokia bilatzen ari naiz, baina etapa gogorretan, bukaeran taldetxoak egiten diren horietan, uste dut ondo molda naitekeela.
Zure aurtengo helburua, beraz, zure tokia aurkitzea da.
Bai, ikastea eta gutxika nire tokia aurkitzea. Egia esan, lehenengo lasterketa hauetan ongi sentitu naiz; tropelean joatea ez zait asko kostatu. Gutxika korritzeko modu berri honetara ohitzea da kontua, lasterketetara eta entrenamenduetara ohitzea, nire tokia aurkitzeko.
Berriki Itzulia aurkeztu zuten. Bi etapa Sakanan jokatuko dira, apirilaren 3an Ezpeletan hasi eta Altsasun bukatzen den etapa bikaina, eta apirilaren 4an Etxarri Aranaztik abiatuko dena, Legution bukatzeko. Itzulian parte hartzea handia litzateke. Aukerarik ikusten duzu?
Oraindik ez dakigu zein txirrindularik parte hartuko duten, baina, azkenean, horri ez diot gehiegi begiratzen. Etxeko itzulia da, proba oso garrantzitsua, eta Euskaltel Euskadi ahalik eta talde hoberena ematen saiatuko da. Gauzak ongi egiten baditut eta taldeak aukera ematen badit pozik, etxean korritzea gutxitan ematen den aukera izango delako, baina ez naiz horrekin obsesionatzen. Taldeak eramaten banau, ongi, eta bestela ere, ongi.
World Tour mailako Mallorcako Challengean egin duzu debuta, maila gorenean. Lehendabiziko proban, Caviá Trofeoan, hamaseigarren sailkatu zinen, eta Euskaltel Euskadik primerako debuta egin zenuela adierazi zuen. Profesional gisa lehendabiziko lasterketan txirrindulari onenekin aritzea zirraragarria izango zen. Zer sentsazio izan dituzu?
Egia esan, oso pozik nago hasiera honekin. Banekien maila onean nengoela, baina gauza bat da etxean, entrenamenduetan, ongi sentitzea, eta beste gauza bat da lasterketan World Tour taldeekin benetan ongi egotea. Oso pozik nago izandako errendimenduarekin eta bereziki lehenengo eguneko emaitzarekin, baina baita ere gainontzeko egunetan egindako lanarekin eta errendimenduarekin. Dena den, bertan zaudenean ez duzu ere gehiegi pentsatzen. Ahalik eta hobekien egiten saiatzen zara, ahalik eta postu onena lortzen, eta listo. Baina oso pozik nago.
Munduko onenen ondoan maila ematea, sentsazio itzela izango da.
Bai, pozik sentitzen zara, eta azken hilabeteetan egindako lanak fruitua ematen duela ikusten duzu. Dena den, ezin zara horrekin geratu; hurrengoan pentsatzen jarraitu beharra duzu.
Zutaz gain, beste bi sakandar aritu ziren Challengean: Igor Arrieta,UAE Emirates talde berriarekin, eta Gorka Izagirre, Cofidis talde berriarekin. Beraiekin egoteko aukera izan zenuen? Nola ikusi dituzu?
Bai, beraiekin egon nintzen. Igorrekin Challengean aritu nintzen lehen hiru egunetan bat egin nuen, eta egunero hitz egin genuen pixka bat. Gorkarekin azken egunean hitz egiten egon nintzen tarte batean. Igor oso ongi ibili da Challengean, eta uste dut Gorkak arazo batzuk izan dituela, baina ongi baita ere.
Ilusioa emango du zure debutean, halako egoera batean, sakandarrekin topo egitea.
Bai. Irteera gunean, agian pixka bat urduri bazaude, lagun batekin hitz egiteak, lasaitasun horrek urduritasuna arintzeko eta ahazteko ere balio du.
"Profesionaletako maila handiak eta tentsio uneetako azkartasunak harritu nau gehien"
Noizbait beraiekin edo Sakanako beste txirrindulariekin entrenatzen zara?
Egunaren arabera. Batzuetan zaila da gure entrenamenduak koadratzea, bakoitzak bere entrenamenduak dituelako. Azken egunetan ere etxean bat egitea ez da erraza izan, bakoitzak bere taldearekin kontzentrazioak izan ditugulako, edo lasterketak... baina Igorrekin bat egiten badut, edo Mulurekin, edo Gorkarekin... elkartzen gara.
Aurkezpenean Jorge Azanzak esan zuen lasterketa guztietan “hozka egitera” atera behar duzuela. Ahalik eta emaitza onenak lortu nahi dituzue Vueltako gonbidapena jaso ahal izateko. Presio hori nabaritzen al da?
Gu gure lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara, beti. Taldearen asmoa denboraldia ongi hastea da, mailarik altuena ematea, gonbidapen horren bila. Jakina, guk gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu lasterketa guztietan ahalik eta maila hoberena eman ahal izateko.
Zein izango da zure hurrengo lasterketa?
Otsailaren 10ean Figueira Klasikoa jokatuko dut Portugalen, egun bateko lasterketa, eta gero Andaluziako Itzulian parte hartuko dut. Lasterketa horietan ahalik eta maila altuena eman beharko dugu denok.
Afizionatuen mailako lasterketekin alderatuta Challengean zerk harritu zintuen gehien?
Dagoen mailak. Lehenengo portua oso azkar igotzea, eta atzean ez dela inor geratzen ikustea. Eta tentsio une edo puntuetan dagoen azkartasuna. Guztiek portura aurrean sartu nahi dugu, ongi kokatuta; pinganillotik ere guztioi esaten digute aurrean sartu beharra dugula, baina, jakina, ez dago guztiendako tokirik. Une horietan tropelean dagoen tentsioa, baina, aldi berean, segurtasuna. Oso eroriko gutxi egon dira halako tentsio puntuetan.
Une horiek urduritasun handikoak izango dira, ez?
Azkenean ere ez duzu gehiegi pentsatzen; gehiegi pentsatuko bazenu, ez zinateke ere aurrean sartuko.
Zer moduz sentitzen zara kamiseta laranjarekin?
Oso gustura. Ongi hasi naiz, eta orain horrela jarraitzea da tokatzen dena.
"Ongi hasi naiz, baina ezin zara horrekin geratu; hurrengoan pentsatu beharra dago"