Testua irakurri zuen momentuan Tarara antzezlanarekin "maitemindu" zela esan du Agurtzane Intxaurraga ikuskizunaren zuzendariak. Egilea Josi Alvarado alikantearra da eta euskarazko itzulpena Arantxa Iturbek egin du; "oso irudi ederrak ditu, alde batetik oso lirikoa da, eta bestetik kaleko hizkuntza, kaleko pertsonaiak, oso almodoviarrak, oso koloretsuak, nolabait esateko agertzen dira, eta kontraste horrek erakarri ninduen". Intxaurragak jarraitu duenez, protagonista goi mailako musikari bat da, biolinista, "eta musika obran benetako pertsonaia bat da". Musika aldetik ere kontrasteak daude: Tarara, La Llorona eta euskal kantu tradizionaletatik goi mailako konpositoreen, Vivaldi, Hendel, Paganini eta abarren, musika konposizioetara; "eta dena zuzenean". Otsailaren 3an, larunbata, Tarara antzezlana Iortia kultur gunearen areto nagusian izan zen.
Harrera
Tarara antzezlana "opari bat" izan dela esan du antzerkigileak: "Bai guretzat, sortzaileentzat (zuzendari, aktore, egile...), baita publikoarentzat ere". Lanak "emanaldiro" harrera "ezin hobea" izan du, eta hainbat sari jaso ditu, tartean Max Espainiako Antzerki Sarietarako zazpi izendapen izan zituen. "Besarkada polita izan zen, nahiz eta gero irabaztera ez iritsi". Publikoaren eta kritikari profesionalen iritziak "oso onak" izaten ari dira. "Alde horretatik gustura ari gara aurten berriro martxan dagoelako gure Tarara". Altsasukoa urteko lehenengo emanaldia izango da.
Hika Teatroa konpainiak ekoitzi duen antzezlanak gai ugari kontatzen ditu, zuzendariak azaldu bezala. Protagonista Rosa da, bederatzi urteko neska bat. "Guk Bilboko San Frantzisko auzora ekarri dugu, hasierako lanean Alacanten kokatuta zegoelako". 1970ko hamarkadan kokatu dute, hain zuzen. "Denontzako ezaguna zen Sanfran horretan gertatzen da. Rosari biolin bat oparituko diote eta horrek erabat aldatuko dio bizitza". Asko kontatu gabe, gertaera horrek oso mundu ilunera eramango du Rosa, eta otsoen aurka borrokatu beharko du. Borroka horretan Yasmine prostituta, trabestia, izango du bidelagun. "Kepa Errastik modu zoragarrian antzezten duen pertsonaia". Tania Fornieles, Eneritz Artetxe, Jundana Otxoa, Jose Cruz Gurrutxaga eta Adrian Garcia de los Ojos dira obran agertzen diren beste aktoreak.
Aberatsa
Tratu txarrak, sexu askatasuna, identitatea, adin txikienganako sexu abusuak eta abar gai "potoloak" lantzen ditu lanak. "Nik uste dut modu batean garai hori usaintzea lortu dugula; Bilbo inguruko jendeak esan digu horrekin gogoratu direla".
"Aldi berean obrak izugarrizko argia dauka. Batez ere Yasminen pertsonaiak eskaintzen duena". Lanan zehar itzalean eta argitan "etengabeko dantza" dago. "Yasmine obra honetako argia da, denok gure ondoan nahiko genukeen emakumea".
Tarara obra "oso aberatsa" da bere osotasunean. Musika herrikoia eta klasikoa, hizkuntzaren aldetik euskalki desberdinak eta kaleko hizkuntza eta lirikoa agertzen dira, eta Intxaurragak azaldu duenez, "espazio eszenikoa ere oso aberatsa da". Ikerne Gimenezek egin du eszenografia eta jantzien diseinua, eta argiak David Bernues eta Dani Blancoren lana izan dira. "Eszenografiak eta argiztapenak ikaragarrizko indarra dute". Obrak "denetarik" daukala esan du zuzendariak: "Testu on bat, sei aktoreen interpretazio zoragarria, espazioa bera ere oso zaindua dago, argiztapen zoragarria...". Goi mailako ikuskizun bat atera zaiela uste du.