Altsasu taldeko emakumezko futbolariak dutxan grabatzen saiatu dira

Guaixe 2024ko ots. 6a, 09:08

Altsasu emakumezkoen talde nagusia Altsasu Kirol Elkarteko aurkezpen egunean, aldageletara bidean.

Altsasuko Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, otsailaren 2ko entrenamenduaren ondoren aldagelako atzeko aldean pertsona bat edo gehiago zeudela konturatu ziren jokalariak. Egileak autoz alde egiten ikusi zituzten. Kirol elkarteak gertaera gaitzetsi eta salatu du.

Emakumezkoen Preferente mailan jokatzen duen emakumezko erregional taldea otsailaren 2ko, ostirala, entrenamendua despeditu ondoren aldagelara joan zen, dutxa hartzera, eta jokalariak jabetu ziren aldagelako atzeko aldean pertsona bat edo gehiago argazkiak ateratzen edo bideoa grabatzen ari zela. Jokalariak pertsona horren bila lasterka atera ziren, eta, urrutitik, auto batean nola alde egiten zuen ikusi zuten. Egilea identifikatzea ezinezkoa izan zitzaien. 

Altsasuko Kirol Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, "gertakari horiek oso larriak eta onartezinak dira. Gure gaitzespen sendoena eta gure babesa berretsi nahi diogu gure emakume talde osoari". Azaldu duenez, honako delituak egin dituzte egileek: sekretuak deskubritzea eta agerraraztea, pribatutasunaren urraketa eta adingabeen jazarpena. Aldi berean, halakoak berriro ez gertatzeko agintari eskudunen aldetik beharrezko neurriak hartuko direla espero du elkarteak. 

Salaketa
Altsasuko Kirol Elkarteak jazotakoa Foruzaingoan salatu du, eta dagoeneko ikertzen hasi dira: "instalazioa zaintzeko kameren eta agintarien esku jarritako gainerako tresnen bidez pertsona horiek ehizatuko dituztelakoan". Elkarteko kideek laguntza eskatu dute: "une horretan inguruan zegoen edonork edozein xehetasun ikusi baldin bazuen, harremanetan jar dadila Foruzaingoarekin edo elkarteko edozein kiderekin". 

Elkartasuna
Albistea jakin bezain pronto Altsasu emakumezkoen taldeko futbolariek eta Altsasu Kirol Elkarteak babes handia jaso dute.

 

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.