Astekaria

"Letren munduaren inguruan mugitzen naiz"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ots. 7a, 12:42

Idoia Granizo Uribarrena idazle altsasuarra. UTZITAKOA

'Gure esku balego bezala' narrazio laburrarekin Egile Berrientzako Literatur Lehiaketaren bigarren saria irabazi du Idoia Granizo Uribarrena altsasuarrak.

Iruñeko Udalaren Egile Berrientzako XXXIII. Literatur Lehiaketaren narrazio laburra modalitatean bigarren saria irabazi du Idoia Granizo Uribarrena altsasuarrak Gure esku balego bezala lanarekin. Guztira, 21 lan aurkeztu dira, hamabi poesia atalean eta bederatzi narrazioan. Epaimahaia Beatriz Chivite Ezkietak, Nerea Balda Sanjuanek eta Castillo Suarez Garciak osatu dute, eta Noelia Artazcoz Azcarate idazkari aritu da.

Bertsolaria zara, irakasle ogibidez, eta idazlea lanbidez noiztik?
Lanbide ez dakit deitu ahal zaion, baina afizioa behintzat bai. Bertsotan bezala, eta hizkuntza irakasle naizen heinean, nire bizitzak horren inguruan biratzen du; letrei lotutako edozer edo ia edozeri heltzea gustatzen zait. Orduan, mundu berdinaren barruan ikusten ditut guztiak eta heltzen saiatzen naiz. Noiztik? Afizioa nik oroitzen dudanetik; betidanik, egia esan. 

Ez da zerbait arrotza. 
Letren mundua da. Bertsoetatik hein handi batean literatura egin daiteke. Eztabaidatu daiteke noraino iristen den muga eta hori guztia, baina azkenean elkar elikatzen dute bai bertsolaritzak bai narrazioak. Ikusten da bertsolari askok idazten dugula, idazten dutela, eta alderantziz ere; idazle askok akaso bertsoak idazten dituzte, bertsoa ere idatzi daitekeelako. Nik uste guztiak ibiltzen garela mundu horretan.

Irakurzaletasuna aspaldi duzu? Eragina dauka? 
Bai, zalantzarik gabe. Askotan entzuten den kontu bat da idazle guztiak irakurle direla, eta idazten hasi aurretik irakurtzen hasi behar dela. Hortik elikatzen gara.

Nola eman duzu pausoa horrelako lehiaketa batean parte hartzeko? Istorioa aurretik zenuen edo lehiaketa zegoenez zerbait idazten jarri zinen?  
Nik uste bietara egiten dela. Nik bietara egin izan dut. Batzuetan lehiaketa ezagutzen duzu edo horren berri iristen zaizu eta hori motibazio edo aitzaki horrekin idazten jartzen zara. Beste batzuetan ideia bat etortzen zaizu, narrazioa egiten duzu, eta narrazio hori gordetzen duzu lehiaketara aurkezteko. Nire kasuan, kasu honetan, ideia etorri zitzaidan. Lehiaketa honen deialdia oso goiz irekitzen da, eta hilabete asko dituzu idazketa planteatu bat egiteko. Niri ideia bat etorri zitzidan, eta narrazio hauei laburra deitzen zaien arren, gutxieneko bat eskatzen dute. Ideiak luzatzeko eta oinarrietara egokitzeko aukera ematen zuela ikusi nuen, eta etorri zitzaidan ideia hori lehiaketara egokitzen saiatu nintzen. Pixka bat bietatik. 

Narrazioa itsasargi batean kokatu duzu. Zergatik? 
Ez dakit. Irudi hori etorri zitzaidan oso argi hasieran. Narrazioaren hasieran Julio Cortazarren eta Uxue Alberdiren aipu batzuk daude, eta narrazio horietan inspiratuta egin nuen nirea. Haiek baserri giroan girotzen dute haien narrazioa. Euskal Herria izatea nahi nuen eta baserria eta mendia dira gure paisaia idiliko hori, baina uste dut Euskal Herriak ere baduela itsasoa, eta kontraste hori eman nahi izan nion. 

Zer kontatzen da? 

"Bikote baten egunerokoa kontatzen du, baina pixkanaka errotik aldatuko da"

Bikote baten egunerokoa kontatzen da, baina eguneroko hori pixkanaka eta ia oharkabean errotik aldatuko duten hainbat pertsonaia agertzen dira istorioan. Tartekatzen doaz pertsonaia horien bizipenak eta puntu konkretu bateko errealitateak. Istorio asko nahasten dira aldi berean. 

Deskribapenek garrantzia handia dute. Kontzienteki egindako zerbait da?

"Lekua, ekintza eta pertsonaiaren emozioa konektatzea ezinbestekoa zen"

Etxe baten barruan gertatzen da narrazioa, eta etxe horren deskribapena eta etxe horrek zituen espazio guztien deskribapena oso garrantzitsua zen nolabait irakurleak bisualizatzeko zer kontatzen ari zen. Erabat lotuta zihoan normalean geratzen ari zena, pertsonaiaren sentimendua eta nola sentitzen zen momentu horretan, espazio berarekin. Leku bakoitza hautatu nuen ekintza bakoitzerako, pertsonaia hori momentu horretan nola zegoen kontuan hartuta. Hiru gauza horiek konektatzea ezinbestekoa zen.

Idazleen aipamenek irakurleari zerbait iradokitzen dio? 
Alde batetik, Uxue Alberdi aipatu nahi nuen niretzat irakurle gisa erreferente erabatekoa delako. Alberdik badu narrazio bat Julio Cortazarren La casa tomada-n oinarrituta, eta Julio Cortazar karreran ezagutu nuen. Uxue Alberdi lehendik deskubritu nuen, baina Julio Cortazar deskubritzeak beste Uxue Alberdi bat deskubritzeko aukera eman zidan. Berriz irakurri nuen bere lana eta gauza askoz gehiago ikusi nituen. Bi horiei aipamena egin nahi nien hortik atera delako hein handi batean nire narrazioa. Bi esalditxo horiek oso ongi definitzen dituzte haien istorioetako protagonistak, eta nire narratzailea ere bere bikoteak agintzen dion horretara eramaten uzten da. Hori aztertuta, bi aipu horiek sartu nituen.

Aurretik narrazio laburretan trebezia zenuen? 
Bai narrazioan eta bai poesian. Oso desberdin idazten da. Egia da narrazio laburra deitzen zaiola, eta hemezortzi folio ditu. Istorio motzagoetan ibilia naiz. Gehienez hamar bat orri. Muga hori pasatzea ere erronka bat da. 

Sari honek gehiago idazteko motibatuko zaitu? 
Bai; zalantzarik gabe. Hau egitea gustatzen zaigunoi idazten jarraitzen dugu. Horrelako sariak zerbait ongi egiten zaren seinale dira, eta jarraitzeko motibazioa.