Saskibaloia

CBASK, txanponaren bi aldeak

Guaixe 2024ko ots. 8a, 09:40
CBASK Narum Fisioterapiari oso ongi etorri zaio lortutako garaipena.

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan aspaldiko partez garaipena lortu zuen CBASK Narum Fisioterapiak. Aldiz, emakumezkoen Lehen Senior mailan kolpe gogorra jaso zuen talde altsasuarrak Zelandin San Ignacioren kontra 

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Ega Perfil Oncineda taldea hartu zuen Zelandin, eta aspaldiko partez garaipena lortu zuen talde altsasuarrak, 65 eta 52. Lehen laurdenean abantaila lortu zuen CBASK Narum Fisioterapiak, baina bigarren laurdenean Lizarrako taldeak berdintzea lortu zuen. Hirugarren laurdenean, ordea, aldea ateratzea lortu zuen talde altsasuarrak, eta azken laurdenean ongi eutsi zuen. Azken partiden porrotaren ondoren, CBASK Narum Fisioterapiak beharrezkoa zuen garaipena lortzea. 

Bigarren Maila Interautonomikoan Aguerri Larraona Claret taldeak jarraitzen du lider (24 puntu), Erisa Clavijo bigarrenarekin puntutara berdinduta. CBASK Narum Fisioterapiak hamalaugarren postuan jarraitzen du, azkena (16 puntu), partida bat gutxiagorekin. Sailkapenean azken aurrekoa den San Ignaciok eta CBASK Narum Fisioterapiak asteburuan jokatu beharreko partida martxoaren 6ra atzeratu da, Santa Ageda ospakizunak direla eta. 20:30ean jokatuko da, San Ignacio kiroldegian.

Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak San Ignacio taldea hartu zuen Zelandin eta talde altsasuarrak ezin izan zuen etxean garaipenik ospatu, 42 eta 60 galdu baitzuen San Ignacioren kontra. Hasieran bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, baina hirugarren laurdenetik aurrera San Ignacio tartea ateratzen hasi zen, eta zuzenean joan zen garaipenera. Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (28 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos hamargarren postuan jarraitzen du (17 puntu). Asteburuan talde altsasuarrak Lagunak zuen aurkari, baina partida otsailaren 20ra atzeratzea erabaki dute bi taldeek. Partida Barañainen jokatuko da, 20:20ean.