Elkartasun bilketak ateak zabaldu ditu

Guaixe 2024ko ots. 15a, 09:01

Elkartasun bilketaren antolatzaileak. ARTXIBOA

Hirugarren urtez Sakana Harrera Haranako kideek elkartasun bilketari ekin diote. Erkuden kaleko 8. zenbakian izanen dira ostiraletan. Altsasu institutuan ere jasoko dituzte gauzak. Jasotako guztia elkartasun azokan salgai jarriko dute apirilaren 14an

Garai batean Sociedad Deportiva taberna hartu zuen udal eraikinak, atzera ere, ateak zabalduko ditu. Udalaren laguntzaz, atzera ere, Sakana Harrera Haranako kideak izanen dira ateak zabalduko dituztenak. Aurrenekoz, otsailaren 9an, egin zuten. 11:00etatik 13:00etara han egon ziren altsasuarrek eta sakandarrek emandako objektuak jasotzen. Sakana Harrera Haranako kideek dei egin dute "etxean dituzuen, erabiltzen ez eta egoera onean dauden arropak, jostailuak, bitxiak, oinetakoak, maindireak, ontziak eta abar" emateko. Erkunden kaleko 8. zenbakian dagoen bilketa gunea ostiralero zabalduko dute, aipatutako ordutegian, apirilaren 5era arte. Bestalde, Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuan ere objektuak jasoko dituzte: astelehenetik ostiralera, 8:15etik 14:15era.

Taldeko kideek jasotako materiala sailkatu eginen dute eta guztia apirilaren 14an eginen den elkartasun azokan salgai jarriko dute. Sakana Harrera Haranak bilketarekin eta elkartasun azokarekin bi helburu bete nahi ditu. "Batetik, jasotakoari bigarren bizitza bat ematea. Eta, bestetik, ekonomia egoera zailean daudenei erraztasuna eskaini modu onean erosteko egoera onean dauden gauzak". 

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak ere laguntzen du ekimena. Bakarren batek ostiraletan materiala eraman ezin badu, harekin harremanetan jarri eta nola eman zehaztu dezake. Horretarako, 648 070 710 telefonora hots egin edo anitzartean@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi behar da.