UGT, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek osatzen dute Sunsundeguiko enpresa batzordea. Guztiek deituta, langileek "lan eta etorkizun" duina aldarrikatu zuten otsailaren 6an, gosari garaian. Horretarako, elkarretaratzea egin zuten enpresan bertan. Protesta horrekin salatu nahi izan zuten ilbeltzean 900 euro kobratu dituztela, "eta soldataren gainontzeko zatiarekin materiala erosi nahi dute, geldirik dauden autobusak bukatu ahal izateko".
Langileak zuzendaritzaren "kudeaketa txarrarekin" kexu dira. Haien artean haserrea handia da. Joan zen hamarkadako krisian zuzendaritzak langileei makina bat murrizketa ezarri zien, eta orain soldata osoa ez kobratzea, euri zaharraren gainean euria egitea bezala izan da: "haiek beraien buruari ez zieten murrizketarik jarri, antolatu behar omen zutelako. Beti bezala, desantolatu besterik ez dute egin". Volvoren proiektua iragarri ondoren, gaur Sunsundeguin lan egiten duten langile batzuek aurretik zuten lana utzi zuten etorkizuneko proiektua ikusi zutelako, eta orain jota omen daude opatu duten egoerarekin. Bestetik, enpresaren Sakanako hornitzaileak ere kobratu gabe omen daude, haietako batek enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea indarrean jarri du.
Enpresa batzordeak zuzendaritzari lau eskaera egin dizkio. Batetik, langileei jakinaraztea enpresaren finantza egoera zein den, eta nomina osorik zergatik ez den ordaindu azaltzea. Aldi berean, zuzendaritzari eskatu diote plantillari eta enpresa batzordeari jakinarazteko zein den berreskurapen plana. Bestetik, enpresa batzordeak soldatak bere osotasunean ordaintzea exijitu du. Eta, azkenik, enpresa batzordeak nahi du berreskurapen planaren berehalako informazioa eta haren unean-uneko jarraipena izatea.
Nafarroako Gobernua
Kexu eta ezin egon horren berri eman zion enpresa batzordeak Mikel Irujo Amezaga Industria eta Trantsizio Ekologikoko eta Enpresa Digitaleko kontseilariari. Harekin, Industriako zuzendari nagusiarekin eta Sodenako bi arduradunekin batzartu ziren otsailaren 7an. Enpresa batzordeak aurretik zuen bilera eskatuta. Langileen ordezkariak kezkatuta daude enpresaren kudeaketarekin. Horregatik, haren kudeaketa eta kontuen gaineko fiskalizazioa eskatu zioten foru administrazioari eta Sodenari. Ez dute nahikoa ikusten kanpoko auditore batek kontuak zuzen daudela esatearekin.
Irujok gogorarazi zienez, Nafarroako Parlamentuan Foru Lege bat onartu zuen abenduaren 21ean. Haren bidez Sodenak baimena jaso du Sunsundeguiri 4 milioi euro arteko mailegu bat emateko. Kontseilariak azaldu zuenez, mailegua bideratzen ari da eta, hori egin bitartean, langileen ordezkariei hiru astez lasai egoteko eskatu zien. Irujok berretsi zien Volvorena proiektu ona dela, aurreikuspen onak dituena. Eta Volvok eta Sodenak zuzendaritzan erabateko konfiantza dutela. Azaldu zuenez, sinatutako akordioaren arabera enpresan zuzendaritza horrek jarraituko du, eta administrazio kontseiluan Sodenako bi kide sartuko dira.