Emakumezkoen Preferente mailako hamazazpigarren jardunaldian Altsasuk Universidad de Navarra taldea hartu zuen Dantzalekun. Partida berezia izan zen Altsasuko taldearendako, dutxan zeudela irudiak hartu zizkiotela jabetu ondoren eta jasandako sexu eraso horren ondoren aste nahasia izan baitzen, baina egoerari buelta eman zieten altsasuarrek.
Maalen Beraza kapitainak aurreikusi moduan, partida oso borrokatua izan zen. Universida de Navarra izan zen 27. minutuan aurreratu zena. Altsasu saiatu zen, baina lehen zatian ezin izan zion markagailuari buelta eman. Bai, ordea, bigarrenean. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, eta 50. minutuan Nerea Arellanok banako berdinketaren gola sartzea lortu zuen. Berdinketak partida gogortu zuen, eta 73. minutuan Maalen Beraza kapitainak Altsasu aurreratu zuen, zaleen gozamenerako (2-1). Altsasuk ongi eutsi zuen, eta, azkenean, 3 puntuak Dantzalekun geratu ziren eta Altsasuk sailkapeneko azken postutik ateratzea lortu zuen. Altsasuko kintaden egun handian, ospakizun bikaina egin zuten altsasuarrek.
Atsedena
Emakumezkoen Preferente mailako sailkapenean aldaketak egon dira. Tuterako Lourdes taldea da lider berria (38 puntu), orain arteko Tudelanori 2 puntu aterata (36 puntu). Azken bi garaipenei esker, Altsasuk azken postua atzean utzi du eta hamahirugarren postuan dago (12 puntu). Asteburuan hemezortzigarren jardunaldia dago jokoan eta Altsasuri atseden jardunaldia dagokio.