Apaiz etxea guztiz berrituko dute

Guaixe 2024ko ots. 19a, 09:34

Altsasuko eliza.

Ihoteak pasa ondoren hasiko dira lanak, urte bat iraunen dutenak. Sakristia gaineko eraikin guztia bota eta berria jasoko dute. Foru plaza aldera terrazaren altuerako eraikina geldituko da, Zubeztia plazara, berriz, hori baino altuera bat gehiago izanen du.

Elizari lotuta dagoen sakristian eta apaiz etxean ezohiko mugimendua dago azken egunetan. Haiek husten eta handik jasotakoak beste nonbaiten kokatzen ari dira behin behinean. Bestetik, elizako argiteria eta megafonia aginte koadroak ere tokiz aldatuko dituzte. Parrokiako koroak entsegutarako tokia aldatuko du. Makina bat birkokatze egiten ari dira, "pazientziaz hartuko dugu, behin behinekoa baita" azaldu du Patxi Izko Barberia apaizak. Guztia ihoteak pasata hasiko diren lanengatik da. Izkok azaldu duenez, "bost urte daramagu proiektuarekin. Behar dena eraikiko dugu. Baina hainbat arrazoirengatik atzeratu behar izan dugu obra. Gure nahia lehenbailehen astea zen. Udalak hala eskatuta, inauterien ondoren ekinen diote lanei". Lanak milioi erdiko aurrekontua dute. Haiek finantzatzeko parrokiak mailegua eskatuko du eta elizbarrutiaren dirulaguntza izanen du. 

Eraikuntza enpresak apaiz etxe guztia bota eginen du. "Hainbat aukera aztertu ondoren, egokiena hori zela ikusi genuen", azaldu du Izkok. Eraistetik libratuko den pareta bakarra sakristiarena izanen da. Izkok azaldu duenez, apaiz etxe berriak sarrerako atea gaur egun dagoen toki berean izanen du, "baina lurraren maila berean egonen da, hara sartzeko gaur egun dauden hiru eskailera mailak kenduko baitira". Sakristia gainean solairu bat gehiago eraikiko dute. Horrek Foru plaza eta Zubeztia plazara izanen ditu fatxadak. Solairu horren altuera elizaren hegoaldeko sarrera gainean dagoen terrazaren bera izanen da. "Horren ondorioz elizako pareta zati bat agerian geldituko da. Eta elizak leiho bat, beirate bat, irabaziko du: Aralarko aingeruaren irudiarena. Gaur egun beirate hori apaiz etxearen eskaileratan dago", zehaztu du apaizak. Izkok azaldu duenez, eraikin berriak Zubeztia plazara bigarren solairu bat izanen du. Eta horretan apaizaren etxea egonen da. Lehen pisuan bilerak egin eta katekesia emateko gelak egonen dira. "Gehienbat parrokia bizitzak beteko ditu. Baina herriari zabalduta egonen da erabilera".