Astekaria

"Inguruko ekimenak ikusteko 'app' bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ots. 21a, 12:24

Irune Guinea Zufiaurre JaiMapp aplikazioko garatzailea.

Irune Guinea Zufiaurre altsasuarrak, Emma Velez lagunarekin batera, JaiMapp aplikazioa sortu du. Ekintzailetza Saria irabazi zuten.

Maiatzerako, festa sasoirako, prest izatea nahi dute.

1. Zer ikasi duzu?
Aurreko urtean Plataforma anitzeko aplikazioen garapena bukatu nuen, Gasteizen, aplikazioak eta abar garatzeko, eta aurten Web aplikazioak garatzeko ikasketak egiten ari naiz. 

2. Zerk erakarrita aukeratu zenituen ikasketak horiek? 
Txikitatik ordenagailuetan eta mugikorretan oso interesatua egon naiz. Bigarren batxilergora arte ez nekien zer ikasi nahi nuen, eta han IKT irakasgaian programatzen hasi ginen eta horrek interesa sortzen zidala ikusi nuen.

3. Beraz, programatzen ikasten duzu. 
Bai. Lengoaia askotan: Java, Python, C... Sortu dugun aplikazioa Flutterren izan da, oso berria da. Denetarik ikasi dugu. 

4. JaiMapp deitutako aplikazioa sortu duzue. Nola eta zergatik? 
Berez ez dago ikasketekin lotuta. Ekintzailetza teknologiko jardunaldi batzuetara eraman gintuzten eta bukatzerakoan esan ziguten txapelketa bat zegoela. Ideia egunean bota eta paseak pasatzen eta pasatzen joan ginen. Pixka bat zaila izan zen ni Erasmusean nengoelako. Baina finalera iritsi ginen. 

5. Eta irabazi zenuten. 
Araba Ekin Ekintzailetza Teknologikoa kategorian irabazi genuen, eta 1000 euroko saria eta BIC Araba eta Urrats baten sei hilabete mentoretza jasotzea irabazi genuen. BIC enpresa inkubadora bat da eta enpresa sortzen laguntzen dizute.

6. Zertan datza JaiMapp? 
Aurkeztu genuen ideia berez ez da oso berritzailea. Kultur ekimenak begi bistan aurkitzeko aplikazio bat da. Gehien bat herri txikietarako planteatu genuen, oso ezagunak ez direnak, eta beste modu batera bisitatuko ez zenituzkeenak. Horretara bideratu genuen eta hortik tiratu genuen. Gaur egun informazio hori ez dago inon zentralizatuta. Badago eh_jaiak bezalako Instagram kontua, baina ez dago toki bat non begi bistan ikus dezakezun zure inguruan zer dagoen. Orduan, sortu dugun aplikazioan mapa bat dago eta bertan inguruan zer daukazun egiteko ikus dezakezu. Egutegi eta zerrenda bat ere badaude. Izan daiteke larunbata batean zerbait egin nahi duzula baina ez dakizula zer, begiratzen duzu eta inguruan zer dagoen ikus dezakezu. Erabiltzaileari laguntza errez emateko da. 

7. Nolakoa da aplikazio bat sortzeko prozesua?
Lehenengo ikusi behar genuen egin zitekeen edo ez; datuen erabili, nola gorde datu horiek eta abar. Gero diseinuarekin eta programazioarekin hasi ginen. Ni naiz perfil teknikoagoa eta programatzeaz eta halakoetaz arduratzen naiz gehiago. Nire laguna dokumentazioaz eta horietaz. Gauza hauek Googlera igotzeko kristoren papeleoa egin behar da. Burokrazia handia dago, espero genuena baino gehiago. 

8. Programatzea gustatzen zaizu. 
Bai, asko. Gainera hau framework berri batekin egon gara egiten. Lehen Androiderako aplikazio bat egiten zeneunean, ezin zenuen IOSerako kodigo bera erabili eta bi aplikazio egin behar zenituen. Berri honekin behin programatzen duzu eta gero migratzen duzu. Pixka bat ikertzeko erabiltzen hasi gara; egiten ari garen bitartean ikasten ari gara. 

9. Aplikazioen mundua garatzen ari da, ezta? 
Bai, geroz eta gehiago. Framework berriak eta lege berriak ateratzen ari dira; datuen tratamenduengatik eta abar. Paper pila bat egin behar dira, izan ere, arriskutsua da gure datuak tratatzeko modua eta hori kontuan izan behar da. Etengabe ikasten egon behar gara. Egia da behin programatzen hasten zarenean pentsaera algoritmiko hori daukazula, eta lengoaiak ikastearena migratzen joatea da. Ez da hainbeste kostatzen, baina ikasten eta informatzen joan behar gara, bai. 

10. Zein da hurrengo urratsa?
Saiatzen ari gara maiatza inguruan aplikazioa prest egon dadin. Uda sasoi hoberena da. Enpresa aurrera badoa beste aplikazio gehiago ateratzea nahi dugu. Sari gehiagotara aurkeztea pentsatu dugu ere. Urrats bat deitutako programa bat dago, eta enpresa sortzen baduzu laguntzen dizute.

11. Erasmusean ere egon zinen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Eslovenian egon intzen praktikak egiten eta e-learning plataforma bat sortzen egon nintzen. Askatasun osoa izan nuen proiektu guztia nirea zelako. Ni bakarrik nengoen horretan lan egiten, eta oso gustura egon nintzen.