Gobernuak Altsasuko tokiko bi irrati digitalen lizentziak eman ditu

Guaixe 2024ko ots. 22a, 14:47

Beleixe Irratiko estudioko ordenagailuak eta mahaia. ARTXIBOA

Abian Media SMk eta Naiz Irratia sustatzen duen Euskal Irrati Zerbitzuak SMk lortu dituzte emakidak.

Nafarroako Gobernuak 2019an argitaratu zuen tokiko irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio digitalaren zerbitzuko lizentzien lehiaketa ebatzi du, eta irrati digitaleko lehen hemeretzi lizentziak (digital audio broadcasting edo DAB) eman ditu Foru Komunitatean, Balorazio Mahaiak jasotako 45 proposamenen emaitza publiko egin ondoren. Hemeretzi lizentzia horietatik bi Altsasukoak dira. Bata Abian Media SMk lortu du eta, bestea, berriz, Euskal Irrati Zerbitzuak SM merkataritza sozietatea, Naiz Irratiaren sustatzailea. 

Behin Nafarroako Aldizkari Ofizialak lehiaketa ebazten duen Foru Agindua argitaratuz gero, tokiko irrati digitalaren lizentzien titular berriek sei hilabeteko epea dute, justifikatuta luza daitekeena, emisioei ekiteko. Irrati digital horien emisioak 2021etik aurrera eskuratutako auto berrietan eta emankizun horiekin (DAB) bateragarriak diren gailuetan entzun daitezke.