Cementos Portland Valderrivas enpresan lan istripua izan zen otsailaren 15ean eta, ondorioz, 32 urteko gizonezko altsasuar bat hil zen. Ikerketaren emaitzen zain, momentuz ez dago jakiterik ezbeharra nola gertatu zen. Ikatza jasotzera joan zen beste langile batek opatu zuen lankidea hilda. Enpresa berean beste lan istripu bat izan zen 2022ko irailaren 8an, eta orduan ere langile bat hil zen. Azken urtean lan istripuan hil den hirugarren altsasuarra izan da. Euskal Herrian aurten lan istriputan hamabost pertsona hil dira, horietatik sei Nafarroan.
Porlandegiko enpresa batzordeak deituta, hildakoaren gertukoei elkartasuna adierazi eta lan istripua salatzeko langileek elkarretaratze isila egin zuten lantegiaren atean otsailaren 16ko eguerdian. Egun berean Altsasuko Udalak "lan istripuak behin betiko bukatzeko hartu behar diren neurriak har daitezen aldarrikatu eta nondik norakoak argi ditzan" eskatu zuen. Arratsaldean, berriz, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuak deituta, protesta bilkura egin zen Altsasuko estalpean.
Porlandegiak lan ibilbide luzea du eta makina bat sakandarrek lan egin izan dute bertan. Baita istripuak izan ere. Gertatutakoak etxe eta lagun arte askotan memoria piztu zuen: "nire aitona tobera bateko karga azpian harrapatuta hil zen duela ehun urte". "Duela 70 urte tobera batean larri zauritu nintzen". Halakoak entzun ziren. Baina elkarrizketa horietan guztietan harridura galdera bera sortu zen: “nola gerta daitezke horrelakoak gaur egun?"