AsInSakana elkartea berregiteko lehen pausoak

Guaixe 2024ko ots. 28a, 09:32

Jendea Altsasuko azokan. ARTXIBOA

Ibarreko migratzaileak elkartuko dituen erakundea berriro eratzeko aurreneko bilera otsailaren 18an, igandean, egin zuten Altsasun. Elkartea berrabiaraztea erabaki zuten. Bilkuran hainbat gabezia zerrendatu zituzten.

AsInSakana elkartea, Asociacion de Inmigrantes de Sakana, 2005ean sortu zen. Haren sortzaileetako bat Evelin Trujillo Vega olaztiarra izan zen. Gaur egun Trujillo Nafarroako Atzerritarren Elkarteen Federazioko, Nazioen Etxeko koordinatzailea da. Federazioaren baitan 78 elkarte daude, "hizkuntzak, esperientzia batzen dugu. Gainera, guztiok migratu dugu". Federazioko kideak Nafarroan barna erronda egiten ari dira eta Altsasun egin zuten geldialdietako bat. Otsailaren 18ko bileraren berri kartelen bidez eman zuten, baita ikastetxeetan eta dendetan ere. 

Trujillok gogoratu duenez, AsInSakana elkarteko presidentea Fabian Bayona izan zen. Garai hartan, hainbat jarduera egin zituzten Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen: "Munduko Arrozak ekimena egin genuen. Emakumezkoak elkar ezagutzeko herriz herri sukaldaritza tailerrak egin ziren, autoa genuenok errazago genuen parte hartzeko. Futbol talde bat sortu zen, Lakuntzan jokatzen zuena. Hainbat herritan bizi ziren kolonbiarrek, ekuadortarrek eta txiletarrek osatu zuten taldea. Asoziazio mugimendu ederra egon zen orduan. Baina krisiak sakon eragin zion". 

Izan ere, finantza arloak eragindako krisiaren ondorioz, "2010 eta 2012 urteen artean askok alde egin zuten. Lana galdu zutenez, erositako etxea  ordaindu ezin zutenez, krisiak batzuk bere sorterrira bueltatzea eragin zuen. Beste batzuek Europan probatu zuten". Joandako gehienak bueltatu direla azaldu du olaztiarrak. "Orain berriro ekin diogu elkartzeari, izan ere, elkartea gauza askotarako behar baita".  


Gurasoak eta haurrak Altsasuko Intxostiapunta gazte guneko eta Txantxari ludotekako plazan. ARTXIBOA

Bileraz
Horregatik, otsailaren 18an, igande arratsaldean, bilera deitu zuten. "Jakin nahi genuen jarduerak antolatzeko gogorik ba ote zen. Haiek planifika ditzatela, igandeak Altsasun oso tristeak baitira. Ideia da herrika lan egitea, herri bakoitzean gaur egun nahiko jende baitago". Elkartu zirenek interesa azaldu zutenez, AsInSakana ez dute deseginen. Hori baitzen mahai gainean zegoen beste aukera. 

Trujillok azaldu duenez, "oso harrera ona izan genuen. Emakumezko askok eta gizonezko gutxik parte hartu zuten, denak altsasuarrak. Beste herrietakoak ez egoteak harritu gintuen. Pentsatzen dut garraioagatik izanen zela. Brasildar batek esan zigun hiru lagun ezin izan zirela Etxarritik eta Urdiaindik horregatik etorri. Gainera, igandean garraio publikoa eskasagoa da". Bi gizonezko altsasuarrek lagundu nahi zutela adierazi zieten. "Ederki iruditu zitzaigun". 

Bilerara jendea txandaka joan zen eta, beraz, federazioko kideek aurkezpena hirutan egin zuten. Aurrenekoak 17:00etan iritsi ziren, Ekuador, Kolonbia, El Salvador, Txile eta Nikaraguan jaiotako sakandarrak izan ziren. Ondoren, beste jatorri batzuetako altsasuarrak agertu ziren: El Salvador eta Puerto Rico esaterako. Azkenik, hamar bat emakumezko arabiar joan ziren. Bilkuran "20 bat urte Altsasun bizitzen daramaten pertsonak daude, hemen bizitzeagatik pozik daude gehienak. Baina gauzak behar direla sentitzen dute". 


Altsasuarrak paseatzen basoan. ARTXIBOA

Premiak
Igandeko topaketan "Altsasun dauden gabezia ugari" agerian gelditu ziren, "beste herriak ez genituen aipatu". Haietako bat da familiek ez haurrek igandeetan ez dutela ezer egitekorik, "ikusi genuen haurrei zuzendutako jolas eta heziketa jarduerak antolatu beharra zegoela. Hitzarmena sina daiteke udalarekin eta, horrela, herriko begiraleei lana emango diegu". Gogoratu zuen migratzaileek asteburutan egiten dituztela jarduerak, "bestela ezinezkoa baita". Migratuek seme-alaba nerabe eta gazteekin ere kezka dutela esan zuten, "gaztetxea eta porroak, ia herri guztietan atera den gaia da", argitu du Trujillok, "entretenituta egoteko edozer gauza izatea nahi lukete gurasoek". 

Emakumezkoek elkar ez zutela ezagutzen azaldu zuten. "Ez dago horretarako aukera ematen duen eremurik. Ikastetxera joan, haurrak jaso eta kitto. Jatorri berekoak badira ere, ez dute elkar ezagutzen, edo horretarako aukerarik ez da sortzen. Igandeko bileran aurkezpen erronda egin genuen eta herri berekoak zirela jabetu ziren emakumezko batzuk. Askotan elkar ikusi bazuten ere, lotsa edo dena delakoagatik ez zuten elkar ezagutzen. Topagune ederra izan zen". Ikastetxe batean dagoen egoera baten berri jaso zuten igandean. Zuzendaritzaren iritzia jasoko dute eta, beharrez gero, bitartekaritza egiten saiatuko da federazioa. "Bakarka joan beharrean, elkartearen eta federazioaren eskutik joatea desberdina da". 

Etxarri Aranazko osasun etxean dago Emakumezkoen Arreta Zentroa. "Batzuetan ordutegiek eta garraio publikoek ez dute bat egiten. Emakumezko guztiek ez dute gida baimenik edota autorik. Edo denek ez dute autoan eraman ditzakeen lagunik. Haietako batek azaldu zuen ginekologia arazoa izan zuela joan zen urtean, eta garraioaren arazoagatik ezin izan zela Etxarriko zentrora joan. Joan daitezke, baina ez dira haurrak ikastetxetik jasotzeko garaiz iristen". Olaztiarrak nabarmendu duenez, "halako gabeziek eragiten dute emakumezkoak berez garatzeko edo dituzten premiak asetzeko aukera ez izatea". 


Gurasoak eta haurrak Altsasuko Zumalakarregi plazako jolas parkean. ARTXIBOA

Etorri berriak eta haurrak
Trujillok esan duenez, "azken urte erdian hiru familia iritsi dira. Ekuadorko emakumeen taldeak arropa eta altzariak emanez eta beste hainbat gauzarekin lagundu diete. Hori prestutasuna! Haiek beraiek egin diete ongi etorria familia horiei. Etorri berriei norbaitek kontatu beharra die herria nolakoa den, emakumezkoendako arreta zentroa non dagoen...", esan du olaztiarrak.  

Azken urteotan iritsitako emakumezkoek bileran aipatu zutenez, "buru osasuneko arazoren bat izan dute. Migrazio doluagatik da ezin izan dutelako ongi bizi, ez dute itxi. Sorterrian haiendako gakoak diren pertsonak utzi dituzte. Hori ez dute inolaz ere landu, ez gizarte zerbitzuek ezta Gurutze Gorriak ere". 

Amekin batera joan ziren hamalau bat haurrek beraien iritzia emateko aukera izan zuten. "Txikienek lagun gehiago ezagutu nahi zituzten. Hizkuntza eredu desberdinetako ikasleek atsedenaldian ez dute bat egiten. Hizkuntzagatik egiten da hori, baina haurrek ez dute hori ikusten, ikastetxean laguna ez dutela ikusten diote". Altsasun jaiotako Hego Amerikako jatorria zuten neska batzuek beraien sorterriko dantzak ikastea nahi zutela adierazi zieten. "Lehengusuak dantzan ikusten zituzten, baina haiek ez zuten horretarako modurik". Trujillok azaldu duenez, "jabetu ginen premiak dituztela, akaso ez dutela bertakoen moduko kuadrillarik. Ez dute kuadrillarik sortzen, talde txikitan ibiltzen dira. Eta sorterri berekoak iritsi badira ere, ez dira pausoa ematera ausartzen. Eta bat egiteko eremurik ere ez dago". 

Trujillok laburbildu duenez, "gabezia handiak daude. Elkartuz gero, zein konponbide izan ditzaketen azter dezakegu". Bilkuran atera ziren gaien berri jaso zuen Trujillok. "Federazioan aztertuko dugu horiei nola erantzun: dela erakundeekin hitzarmenak sinatuz, edo bestela".  


Jendea Altsasuko azokan. ARTXIBOA

Hurrengoa
Bilkuran izan zirenek telefono zenbakiak eman eta guztiak txat batean bildu zituzten. Bertara gehitu nahi dutenek 620 926 348 telefono zenbakira mezua bidal dezakete. "Gainera, federazioak zabalkunde zerrenda batean sartuko ditu. Haren bidez, herrietan sortzen diren lan eta prestakuntza eskaintzen, federazioko kolektiboen jardueren, ospakizunen eta bestelakoen berri emanen diegu". 

Hurrengo bilera bi bat aste barru eginen dute. Ideia ekaitza eginen dute. "Gainera, federaziotik elkartean trebakuntza eskainiko diegu: elkartea nola kudeatu behar den jakin dezaten, boluntarioen taldea nola sortu, zuzendaritzako kideen zereginak zein diren, kudeaketa liburuak... Zuzendaritza berrituko da", azaldu du olaztiarrrak. Federazioan bezala, AsInSakanan ere, presidentea edo koordinatzaile nagusia atzerrian jaiotako pertsonak izan behar dira. Zuzendaritzako gainontzeko kideen sorterria zein den berdin dio. 

Gaineratu duenez, "pertsona guztiek parte hartzea da ideia. Jende asko etorri da hainbat herritara. Batzuek ez dute paperik. Federaziotik gizarte langilea, abokatua, tailerrak egiteko begiraleak ekarriko ditugu. Baina nahi dugu haiek ere egiten ikastea eta egin dezatela, askok baitakite. Gainera, federaziotik eman nahi duten tailerra ordaindu diezaiekegu. Garrantzitsua da haiek ere aukera baliatzea".  Ez dute baztertu herrietako eta ibarreko beste erakundeekin elkarlanean aritzea, "indarrak batzean datza kontua". 

Olaztiarrak azaldu duenez, "federazioak Nafarroako elkarte eta atzerriko pertsonen berri eman nahi du, baita migratzaileak babesten dituztenak ere. Casa de las Nacionesek YouTuben duela lau aste programa abiarazi genuen". Aurrena, Begoña Alfaro Garcia kontseilariaria elkarrizketatu zuten, ondoren, Bulgaria eta Txinako elkartekoekin hitz egin zuten. "Helburua da herrietan dauden atzerritarrei jakinaraztea sorterriko elkarte bat badagoela, eta hartan parte hartzeko gonbidapena egitea. Elkarteek laguntzeko modu ugari baitituzte".

Irurtzungo elkartea
AsInSakana federazioaren sortzaileetako bat izan zen. Han ere Irurtzungo ekuatoriarrak biltzen zituen Otovalo elkartea zegoen. "Eguzkiaren festa antolatzen zuten. Herri guztietatik joaten ginen. Jatekoak eskaintzen eta haien dantzak erakusten zizkiguten. Eta hainbat herrialdetako dantzak ere dantzatzen genituen".