Sei urte pentsio duinen alde egiten

Guaixe 2024ko ots. 26a, 10:30

Urteak bete zituen kideari "zorionak zuri" kantatu ondoren, urteurren auzatea izan zuten. Aurretik bilkura egin zuten.

Pentsiodunen mugimenduak urteurreneko bilkuran hil diren kideak gogoan izan zituzten: "haien borroka ereduak bizirik segitzen du". Nabarmendu zutenez, "pentsio duinen aldeko borrokak guztiondako onura ekarriko du, bai guretako, bai etorkizuneko pentsiodunendako".

Sakanako pentsiodunen eta jubilatuen mugimenduko kideek, ohi bezala, astelehenean kontzentrazioa egin zuten. Deialdia berezia izan zen, izan ere, sei urte egin ditu mugimenduak pentsio duinen aldeko aldarria kalera ateratzen. Zehazki, 2018ko otsailaren 22an atera ziren estreinakoz kalera. Hala ere, aurretik ere bazen kezka. Pentsionistak Martxan taldeak deituta, 2016tik hilabeteko lehen ostiraletan bilkurak egin ziren. 

Otsailaren 19ko bilkuran, atzera ere, mugimenduko kideek "bizi baldintza duinak eta pentsio bidezkoagoak" aldarrikatu zituzten. Aukera baliatu zuten hainbat kide gogorarazteko: "borroka abiarazi zuten eta, zoritxarrez, utzi gintuztenak: Enriqueta, Frasquito, Peio eta Miguel Angel. Borrokak darra".  Hildako horietako batzuen senideak elkarretaratzean izan ziren. Altsasun elkarretaratzeak egiten hasi zireneko argazki baten kopiak banatu zituzten parte hartzaileen artean. Hartan hildako lau kideak ageri ziren. Irudiarekin batera "eskerrik asko aitzindariak izateagatik" irakur zitekeen.

Lekukotzak
Juana Santano Marquez asteleheneetako elkarretaratzeetan hutsik egiten ez duenetako bat da. "Aspaldi hasi nintzen kontzentrazioetara etortzen. Bizitzaren gorabeherengatik utzi egin nuen, baina, atzera ere, hemen nago, uste baitut pentsio duinen alde borrokan segitu behar dugula". Joaquin Romero Santos bilkuretan parte hartzen hasi zen "batez ere, gutxieneko, alarguntasun eta bestelako pentsioak hobetzeko. Ez da nire kasua, baina lagundu beharra dut". 

Nekane Senar Aristorena lanean zela, aukera bazuen, Zumalakarregi plazan egiten ziren kontzentrazioetan parte hartzen zuen. Jubilatu ondoren, astelehenero hutsik egin gabe parte hartzen hasi zen, "duela hiruzpalau urte". Pentsio duinen aldeko protestarekin bat egin zuen "jendeak laguntza behar duelako, indarra egiteko; pentsioak jende gehiagori igotzeko eta denon bizitza hobetzeko". Orraztegian lan egitetik badaki "askori ez zaiela ezer geratzen. Askoren senarrak hil eta ezer gabe gelditu ziren urte haietan. Horregatik, jendearekin batera, indarra egin nahi dut". Jose Ignacio Elorza Diazek ere ez du hutsik egiten astelehenetako bilkuretan. "Garaia heltzen denean gazteek halako pentsioak izan ditzaten nahi dut. Guk pentsioarena ia konponduta dugu. Eta pentsiorik txikienak jasotzen dituztenei babesa adierazteko, biziraun ahal dezaten". 

Senarri aurtengo pentsioen igoerak desengainua eragin zion: "17 euro bakarrik. Bikotekideari esan nion gehiago ez nintzela etorriko. Autonomoa nintzen eta oso gutxi kobratzen dut". Santanori gertatzen ari den guztia "oso bidegabea" iruditzen zaio. Santanok esan duenez, "bukaerara arte borrokatu behar da. Hemen egonen gara, hotz edo bero egin". 

Elorzak azaldu duenez, "beti egon naiz langileen borroketan eta hau oso gogoko dut". Elkarretaratzeetan parte hartzeak Santanori "animoa" ematen dio, "elkarri lagundu behar diogula uste dut. Jendea erretiratu egiten da, aspertuta. Ez, hemen segitu beharra dugu. Borrokatu beharra dago. 82 urte ditut eta hemen nago, gogotsu. Hankak eta burua ongi ditudan bitartean, hemen egonen naiz. Bizitzan gauzak egin behar dira, norberaren alde, eta besteen alde ere bai". 

Senarrek haiekin batera jende gehiago egotea nahi luke, "eta entzuten duen. Batek esaten zidan: 'zeinen ondo, pentsioa igo digute'. Eta esan nion: 'konturatu zara zergatik?' Ni astelehenero kontzentrazioetara joaten naiz. 'Bai, horregatik izanen da'. Ez du ezer gehiago esan. Badakite jende asko elkartzeak indarra ematen duela. Borroka da". 

Pena du Santanok, "jendea ondotik pasatu, begiratu eta, ezer pasako ez balitz bezala egiten du. Eta gauza asko pasatzen dira. Atzetik asko hitz egiten dugu, baina gero ez dugu aurpegirik ematen. Hemen jende askoz ere gehiagok egon beharko luke, gazteak eta helduak. Helduak alferkeriagatik ez datoz, eta gazteek uste dute haiei ez diela eragiten. Baina oker dabiltza, iritsiko baitzaie". 

Sei urtez bilkurak egin ondoren "pitteka" gauzak lortzen ari direla azaldu du Santanok. "Zerbait lortu da. Badirudi gobernuak gogoan hartu duela, baina oraindik asko falta da", esan du Elorzak. Kontsumo Prezioen Indizea ez dela egoki ezartzen salatu du Elorzak, "nahikoa manipulatuta dago". Romerok gauza bera uste du: "asko ez, baina pitteka nahi duguna lortzen ari gara. Politikarien agendan pentsiodunen egoera jarri dugu. Ez dira haiek bizi eta jaten duten bakarrak, gainontzekoak ere". 

“Nahi duguna lortu arte jarraitu beharra dago: mundu guztiarendako pentsio duina", azpimarratu du Romerok. "Zerbait gehiago atera arte" segitzeko prest da Elorza. Helburua pentsio duinak lortzea baita. Senarrek uste du pentsiodunen mugimenduak sei urteko ibilbidean zerbait lortu duela: "jendeari ailegatu zaio herri askotan. Baina oraindik askoz ere gehiago lortu beharra dago. Ez dago beste biderik: elkartu eta borrokan jarraitu. Ni ongi banago eta, ahal badut, etortzen segituko dut".  

Sakanako pentsiodunen eta jubilatuen mugimendua Altsasuko Zumalakarregi plazan eginen du bilkura hurrengo astelehen eguerdian. Eta otsailaren 29an, ostegunarekin, 11:00etan Iruñean eginen den manifestazioan presente izanen dira. 1.080 euro orain gizarte ekimenak deitutako mobilizazioarekin foru gobernuari eskatuko diote gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea.