Astekaria

"Hauteskundeak irabazteko eremua prestatu du Bukelek"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ots. 28a, 13:12

El Salvadorreko Pro-Vida elkarteko kideekin; Asun Fernandez de Garaialde erdian. UTZITAKOA

Asun Fernandez de Garaialde-Lazkano mediku altsasuarra El Salvadorreko hauteskundeetan behatzaile izan da, eta egondako "iruzurrak" bertatik bertara ikusi ditu.

Otsailaren 4an hauteskundeak izan ziren El Salvadorren. Nayib Bukele presidentearen berrautaketa izan zen, herrialde batean non bozken aurretik presidente zandakoak ezin duen  bere burua berriz aurkeztu. Berrautaketarako"eremua" denbora luzez prestatu duela esan du Asun Fernandez de Garaialde-Lazkano hauteskunde horietan nazioarteko behatzaile aritutako altsasuarrak.

Nola sortu zen El Salvadorko hauteskundeetan behatzaile izateko aukera?

"El Salvador Elkartasuna elkartearekin joan nintzen, eta maitemindu nintzen"

BAMEa (barruko mediku egoiliar) bukatu nuenean, aurreko urteko ekainean, El Salvadorrera hilabete  joan nintzen El Salvador Elkartasuna elkartearekin. Elkarte horrek Cinquera inguruan lan egiten du, eta beraiekin harremanetan jarri nintzen eta, egia esan, gehienbat aisialdi bidaia  izan zen. Izugarri gustatu zitzaidan, maitemindu egin nintzen: jendea, tokia eta bertan egiten ari diren guztia. Orduan, hauteskundeak zirela eta ea nazioarteko behatzaile gisa itzuli nahi nuen esan zidaten, eta baietz esan nien. Elkartearekin joan nintzen, eta Centro Internacional de Solidaridad elkartearekin lankidetzan aritu ginen. Elkarte horrek bertan lan egiten du eta Amerikako Estatu Batuekin ere harremana dute , eta bertan zeuden behatzaile gehienak AEBkoak eta Kanadakoak ziren. 

Zein zen giroa edo egoera?

"Momentu historiko batean bisitatu dut; demokrazioaren amaiera"

Aurreko urtean egon nintzen, egoera aurretik ezagutzen nuen. Bi urtez Bukele, presidente atera dena, eremua prestatzen egon da berak jarraitzeko eta berriz presidente ateratzeko. San Salvadorren bizi den emakume batek esan zidan une historiko batean egon naizela El Salvadorren, eta, bai, une historiko batean egon naiz; ikusi dudalako bertan izan duten demokrazia laburraren amaiera eta nola pasatu den demokrazia labur horretatik ejerzitoaren laguntza duen diktadura zibil batera. Berak esaten zidan diktadura militar bat bizi izan zutela, eta orain diktadura zibil batera pasa dira ejerxitoaren laguntzarekin. Azken bi edo hiru urteetan, Bukele honek dena prestatu du hauteskundeetan azken kolpea emateko. 

Nola prestatu du? Zer egin du?

"Magistratuak eta epaileak kargutik kendu ditu; konstituzioa aldatu du..."

Bukele 2019an iritsi zen gobernura. Gorteko magistratuak kargugabetu zituen; epaile guztiak kargutik kendu zituen eta bere aldekoak jarri, berak bezala pentsatzen duten epaileak jarri ditu; eta konstituzioaren interpretazio propioa egin du berriz hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko; izan ere,  El Salvadorren gobernuan bost urtez egon ondoren ezin dira hauteskundeetara berriz aurkeztu. Orduan, justizi gorte gorena bere nahietara egin zuen, inolako prozesu legalik aurrera eraman gabe. Fiskal orokorra ere kargugabetu zuen; pandemia garaian izandako funtsen bidegabeko erabiltzea ikertzen ari zen fiskala, hain zuzen. Diputatuen kopurua ere murriztu du, 84tik 60ra. Dirua aurrezteko egiten zuela esan zuen, oso popularra gelditzen delako hori esatea, baina errealitatea da 15 milioitik 56 milioira pasatu dela gastua. Udalerriak ere murriztu ditu 262tik 44ra. Hori ekainean egin zuen, bertan nengoenean. Ez zuen inolako eztabaidarik behar izan egiteko. Legeak aldatuz joan da, eta Legebiltzarra ere bere nahietara aldatu duenez... 2022ko martxoaren 27an salbuespen egoera ezarri zuen, eta hilabetero luzatzen du. Horrek giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztien atzerapen izugarria ekarri  du.


El Salvadorko militarrak hauteskunde aurretik. UTZITAKOA

Egoera horretan, nola egin daitezke hauteskundeak?
Salbuespen egoera batean egindako hauteskundeak izan dira. Argi dago zer den prozesu demokratiko bat eta zer diren hauteskunde libreak eta bizi nuen guztiagatik, prozesua guztiz kontrakoa izan da. Aurretik egindako guztiagatik, baita hauteskunde egunean ere. 

Egoera kontuan hartuta, zein zen zure lana behatzaile gisa?
Lehenengo, giza eskubideen inguruko elkarteekin bilerak egin genituen. Esaterako, abortatzeagatik espetxean egondako emakumeekin bilerak egin genituen. Jendearen egoera ezagutzeko batzarrak egin genituen eta hauteskunde egunean hainbat eskualdetako eskoletan egon ginen. Horrekin txosten bat egin genuen eta publikoa da. Pentsatu nahi dut txosten hori instantzia gorenetara eramango dutela, eta horrekin lanean jarraituko dutela. Oso bitxia iruditu zitzaidan, adibidez, hauteskunde eguna baino zenbait egun lehenago, hauteskundeak igandean baziren aurreko ostiralean, hango lagun batekin kafe bat hartzera joan nintzela, eta bertatik atera ginenean jende asko zegoela ikusi genuen eta militarrak janari kutxak banatzen ari ziren.


Banatutako janari kutxa. UTZITAKOA

Etxez etxe janariz betetako kutxak banatu zituen Bukelek, diru publikoarekin ordaindutakoak eta bere izenean. Niri hori astakeria iruditu zitzaidan. Bestetik, hauteskunde egunean datuen erregistroa ordenagailuekin egiten zuten. Flipatu egin nuen, hemen ez dute egiten, eta han ordenagailuekin ari ziren. Orduan, presidentea aukeratzeko bozken kontaketa oso azkar egin zen. Baina legislatiboendako kontaketa egin aurretik, Bukelek 60tik 56 parlamentari aterako zituela esan zuen, kontaketa hasi aurretik. Azkenean, ezin izan zen kontaketa ordenagailuekin egin blokeatzen zirelako, ez zen seinalea iristen... 4:00etan kontatzen ari zen jendea lurretik botata eta lotan ikusten zenuen. Izugarria izan zen. Azkenean, kontaketa eskuz egin behar zutela esan zieten, baina ez zeuden horretarako prestatuta. Ez hori bakarrik, bozka guztien zaintza kate guztian galdu zen. Inork ez daki nora eraman behar zituzten. Esan zutenez hurrengo egunetan berriz kontaketa egingo zuten, baina ezin zen inor joan; behatzaile  joatea eskatu genuen baina ez ziguten utzi, ezta oposizioko alderdiei ere. 59 parlamentario lortu zituen. 

Nola onar daitezke horrelako hauteskundeak? Zerbait egin duzue?
Guk salaketa bat jarri dugu eta ulertzen dugu nazioarteko estamentuetara eramango dutela. Oso bitxia iruditzen zitzaidan egon nintzen mahaietan presidente bezala bozka pila ateratzen zituelako. Baina hori  horrela izateko lan ikaragarria egin duelako da. Orduan, bozka asko lortu ditu. Baina egia da baita ere mahai berean—apuntatu nuen—, presidente izateko 210 bozka lortu bazituen, bere alderdiak legebiltzarrerako ehun atera zituen. Erdia baino gutxiago. Beste mahaikoekin eta beste begiraleekin kontrastatzen joan ginen eta ezinezkoa da datu horiekin 60tik 59 legebiltzarkide izatea. 

Zer ondorio izan ditzake salaketak?
Ez dakit. Ez dakit zer egin daitekeen nazioarteko erakundeetatik. Badakite zer gertatzen ari den eta zer egiten ari den, eta onartzen dute. . Arrazoiak ez dakit zeintzuk diren, baina uzten diote. Hauteskunde egunean, Alemaniatik atera ziren esanez ez zutela zorionduko orain arte egindako giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoen urraketak izan direlako, ikusi behar zutela bere politiken norakoa zein den. 


Asun Fernandez de Garaialde, ezkerrean, behatzaile taldeko zenbait kiderekin. UTZITAKOA

Zer sentitu zenuen horrelako irregulartasunak ikustean? 
Han ezagutzen dudan jendearekin asko hitz egin dut, eta beldurra dute. Ez dakite zer gertatuko zaien. Alde batetik, salbuespen egoeran edozein pertsona atxilotu dezakete inolako agindu judizialik gabe, eta jakin da tortura kasuak izan direla espetxeetan. 75.000 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, ustez pandillen auziarekin erlazionatuta. Baina errealitatea da giza eskubideen alde lan egiten duen jende guztia atxilotzen ari dela. Traba egiten dion edonor. Beraz, saltzen duen ideia da pandillekin amaitzen ari dela eta munduko herrialde arriskutsuena izatetik seguruena izatera  pasatu dela. Ideia horrekin egundoko astakeriak egiten ari da. Hango lagunek eta beste elkarteetako pertsonek kontatu didate  aurretik pandilletako kideak izateagatik espetxean daudenak eta orain espetxeratu dituztenak salbuespen erregimen batean daudela. Ez dituzte epaitzen, osasun zerbitzurik ez dute eta espetxeetan heriotzak izan dira.

Eta segurtasuna nabaritzen da?
Berdin dio ezkerrekoa zein eskuinekoa izan, egia da jendeak segurtasun handiagoa nabaritzen duela esaten duela. Kalean nabaritzen da. Ni lasai joan naiz. Baina egia da egoera horretan eta aitzaki horrekin egin duela. Herrialde osoa bere nahietara jarri du. Molestatzen dion edonor atxilotzen du. Pandillekin negoziazio bat egon dela uste dute, ez da berak pandillekin bukatu duela, baizik eta negoziazio bat egon dela eta horregatik segurtasun handiagoa dagoela. Beraz, pandillak bakean uzten ditu, baina pandilla bateko kide izatearen aitzakiarekin bere aurka daudenak atxilotzen ditu. Komunikatzen oso ona da, sare sozialetan dabil, jendeari janariz betetako kutxak ematen dizkio... Jendearendako idolo bat da. Baina hau bukatzen denean nola egongo da herrialdea? 

Nola ikusten duzu? 
Gizarte arloan ez da ezer egiten ari. Hezkuntza aldetik ezta ere. Are gehiago, eman zizkidaten datuen arabera eskola adinean dauden 250.000 haur ez dira eskolara joaten. Pobreziaren datuak hirukoiztu egin dira; kanpoko inbertsioa gutxitu da, baina zorra handitu. Jendea borrokatzen eta antolatzen hasten denean, eta honi buelta ematea lortzen dutenean, nola geldituko da herrialdea?

Zergatik egiten du? Zeintzuk dira bere helburuak?
Boterean egotea. Saltzen duena bere irudia eta itxurakeria da; pandillekin amaitu duela dio. Irudi horrekin mantentzen da. Dena itxura da. Nazioartean saltzen du herrialdea oso ona dela eta berak ondo kudeatzen duela. . Adibidez, Miss Universo antzeko lehiaketa bat antolatu zuen eta 100.000 milioi gastatu zituen. Joko Panamerikarrak ere antolatu zituen, eta dirutza gastatu zituen. Dena itxurakeria da. Baina barnean jendea gaizki dago. Erosketaren saskitxoa (la canasta de la compra beraiek esaten duten bezala) izugarri igo da. Oinarrizko jakien prezioa hirukoiztu eta laukoiztu egin da.

Egoerari buelta emateko lanean ari dira, ezta? 

"Atxilotuak izateko beldur dira, eta ez dute etorkizunik ikusten; joaten ari dira"

Bai. Baina beldur dira, beldur handia. Edozein momentutan atxilotu ditzaketen beldur dira. Beste batzuek ez dute etorkizunik ikusten eta migratzen ari dira; herrialdetik joaten ari dira. Gehienbat AEBtara. 

Bere eredua Hego Amerikatik zabaltzen ari da? 
Heroitzat dute. Inguruko herrialdeetako herritarrek heroia balitz ikusten dute. Zer egin duen goresten dute. Irudi hori saltzea lortu du, berak nahi duen bezala. Hori lortzen ari da. Kanpoko bozkekin ere iruzur elementu guztiak ditu, eta AEBtan, migratzaile kopuru handien duen herrialdean, esaterako, ez du inork kontrolatu pertsona bakoitzak zenbat aldiz bozkatu duen. Lehenengo aldiz izan da kanpoan bizi diren salvadortarrek bozkatu dutela, baina saldu duen irudi horrekin izan da. Herrialderako ona dela pentsatzen dute, eta irabazi du. Kanpoan bizi den jendeari hori bakarrik iristen zaio, eta sinisten du. 

Noiz arte? 
Suposatzen da hurrengo hauteskundeak egin arte, hemendik bost urtetara. Baina hauteskunde hauetara ez zen aurkeztu, ezin zuelako errepikatu, eta bere burua aurkeztu du. Hauteskundeen ondoren bilera egin genuen eta txostena egiteko gure iritziak eta ideiak komunean jarri genituen, eta Cinquerara itzuli nintzen hango jendearekin egon nahi nuelako itzuli aurretik, eta esan zidaten beldurra zutela. Kontzientziatuago daude, eta borrokan jarraituko dutela eta El Salvadorren etorkizunean sinisten jarraituko dutela esan zidaten, baina beldur dira.  

Zergatik Cinquera?
Cinqueran egon nintzen Altsasuko Udalak El Salvador Elkartasuna elkartearekin hitzarmena duelako. Hemendik aurrera gehiago inplikatu nahi dut  Camino Mendiluze alkatea izan zenetik Cinquerarekin lanean darama udalak. Hitzarmen horrekin El Salvador Elkartasunarekin hango gazteendako bekak ematen dituzte, ikasteko eta unibertsitatera joateko, eta ordainean komunitatean hainbat lan egin behar izaten dituzte.  


El Salvador Elkartasuna elkarteko bekadunak. UTZITAKOA

Harreman handia dago, beraz.

"Cinqueran garapen jasangarria egiten ari dira; haiek egiten dute dena"

Bai. Elkarte honek lan handia egin du eta, gainera, proiektu gehiena bertakoek bertakoendako egindakoak dira. Asociación para el Desarrollo Municipal izeneko elkarte bat sortu zuten Bake prozesuen ondoren, eta haiek garapen jasangarria lantzen dute. Hango ikuspegitik lan egiten dute, komunitateak behar zuen garapena egiten. Oso inplikatuta daude. Bertan marak (pandillak) ez dira existitzen. Oihan bat berreskuratu dute... El Salvador Elkartasunak ere ProVida deitutako elkarte batekin lan egiten du, ez da hemengo Provida, haiek osasunean, ingurugiroan eta emakumeen ahalduntzean lan egiten dute, besteak beste. Bi beka ere ematen ditu El Salvador Elkartasunak , zortzi bat hilabetetarako joateko: ni egon nintzenean bi Cinqueran zeuden eta beste bi náhuat hizkuntza berreskuratzen. Izugarria da egiten duten lan guztia. Orain elkarte hauek ere arazoak izaten hasi dira kontzientzia handiko jendea delako, eta traba handiak jartzen dizkiete baimenak emateko orduan eta abar.

Itzuliko zara? 
Bai, eskualdeaz maitemindu nintzen; Cinquerarekin, El Salvadorrekin eta bertako jendearekin. Egiten dizuten harrera izugarria da. Beti lanean ari dira. Nik uste egon nintzen jendearekin ere lan handia egin zuela diktaduran eta gerrillan egondako jendea da, kontzientzia handikoa, eta lan handia egiten dute. 

Ahaztuak sentitzen dira? 
Rene deitutako lagun batek, betidanik lanean egon dena, esan zidan bake prozesuen ondoren elkarte asko joan zirela, baina iristen ziren eta hau horrela eta horrela egin behar dugu esaten zutela, eta diru asko eramaten zutela, baina nahi zutena egiteko. Horregatik, haiek erabaki zuten ADMak egitea eta garapen jasangarria sustatzea. Behin booma pasatu zenean erakunde horiek joaten hasi ziren, eta ahazturan gelditu zen El Salvador. GKE daudela esaten dute. Baina munduko beste gatazka askotan bezala. Gatazka dagoen bitartean fokua bertan dago, baina denbora pasatzen denean ahaztu egiten da.