2011. urtea da, eta Euskal Herriak bizi duen gatazka amaitzear dago. Neska gazte bat ihesi doa eta helburu garbia dauka: Frantziako estatuko muga pasatzea. Ihesean doala Zubietara iritsiko da. Mugako herri honetan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkak bat egiten dutela ematen du; herriko etxe bateko ganbaran ezkutaturik, hango egunerokotasunaz jabetzen hasiko da. Egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatusagoa bihurtuko da, eta behe laino trinkoak erabat inguratuko du. Negu Kolektiboak sortutako Negu hurbilak filmaren sinopsia da.
Negu hurbilak otsailaren 22an mustu zuten, joare soinuen artean, eta dagoeneko hainbat zinema aretotan ikusgai dago, tartean otsailaren 29an eta martxoaren 3an eta 4an Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da; ostegunean eta astelehenean 19:00etan eta igandean 19:30ean. Filma jatorrizko bertsioan, euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin proiektatuko dute eta sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eros daitezke (3,5 euro ostegunerako, 4,5 euro igande eta astelehenerako).
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofre eta Adria Roca zinemagileek osatzen dute Negu Kolektiboa. Negu hurbilak haien lehenengo filma da, eta kritikek filmaren giroa, iruditegia eta irudiak nabarmentzen dituzte.