Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Valle de Egües taldea hartu zuen Zelandin. Ihoteetako partida atzeratuen ondoren puntuatu gabe zegoen talde altsasuarra, puntuak lortzeko gogoz. Bi taldeek borroka oso estua izan zuten, parez-pare ibili baitziren partida guztian barna. Azken segundoetan CBASK-eko jokalariak oso fin ibili ziren, eta 70-66 irabaztea lortu zuten, 4 punturekin aldearekin. Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (30 puntu), eta CBASK Narum Fisioterapia hamahirugarren postura igo da (20 puntu). Bi partida ditu atzeratuak, jokatzeke. Martxoaren 2an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean zortzigarren den Logrobasket hartuko du Zelandin, 17:50ean, hemezortzigarren jardunaldiko partidan.
Emakumezkoen seniorrak, puntu batengatik galdu
Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean bigarren den Navasket SF´old taldea izan zuen aurkari Iruñerrian. Bi taldeek partida serioa jokatu zuten eta nor baino nor aritu ziren. Hasieran Navasketek aldea hartu zuen, baina, CBASK berehala gerturatu zitzaion, eta azken segundoetan garaipena lortzear egon zen, 47-46 izan baitzen bukaerako markagailua. Puntu bakar batengatik galdu zuten, tamalez, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldekoek.
Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (34 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos hamaikagarren da (20 puntu). Martxoaren 2an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean zazpigarren den Universidad de Navarra taldea izango du aurkari, 16:00etan Zelandi kiroldegian.