Araba Trenaren Alde, Goierriko AHTrik Ez eta Nafarroa Trenaren Alde plataformek antolatuta,
Trenbidearen defentsan eta AHTaren txikizioa gelditzeko jardunaldiak izan ziren asteburuan. Bertan izan ziren tren sektoreko langileek zerbitzuaren desegitearen hasiera XX. mendeko 80 hamarkadaren erdialdean kokatu zuten. 1985ko ilbeltzaren 1ean 2.000 trenbide km itxi ziren. Beste mila hilabete batzuk geroago.
Ikusten zuten eraispenari buelta emateko, tren sektoreko sindikatuek proposamena aurkeztu zuten garai hartan. Probintzia hiriburu guztiak lotzea zuen helburu, 180 edo 200 km orduko abiaduran, trenbide bikoitz elektrifikatuen bidez, eta beste. Gobernuak erabaki zuen Madril eta Sevilla arteko abiadura handiko linea egitea, eta sindikatuen proposamenak hondoa jo zuen. Tren langileek gogoratu zutenez, ordurako eraikuntza enpresak Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko presioa egiten ari ziren. Europako hainbat gobernuk ere presio egin zuten, beraien enpresak hornituko baitzuten AHT (Alemaniako Siemens eta Frantziako Alston). "Orduan ohiko trena garaitu zuten, gizarte eztabaida lapurtuz". Sindikatuen proposamenaren aurrekontuaren pareko diru kopurua bideratu zuten Madril eta Sevilla arteko AHTra. Tren azkarrarekin eskualde trenen eraispena azkartu zela nabarmendu zuten.
Duela 40 urte Renfek 70.000 langile zituen estatuan. Hura bitan banatu zuten: Renfe (garraioa) eta Adif (azpiegitura). Bien artean 19.000 bat langile izanen dituzte gaur egun. Teknologiaren aurrerapenarekin lanpostu asko desagertu dira. Ekonomia eta antolakuntza arrazoiekin batera, eta azpikontratazioa izan da langileen murrizketarako argudioa. Horregatik, Ernesto Reyes Lararendako beharrezkoak dira antolatu diren moduko jardunaldiak, jendea informatzeko eta estatuari, Adifi, Renferi presioa egiten segitzeko, kezka adierazteko eta gauzak egin daitezkeela jakinarazteko.
Inbertsioa behar da, eta publiko izaten jarraitzea
Tren sektorearen zein ikuspegi duzu?
Duela hogei bat urte trena pitteka uzten joan ziren, interes faltagatik eta politika estrategiagatik. Inbertsio gehiena errepide edo aireportutarako izan da, eta trenaren kasuan abiadura handirako. Bitartean ohiko trenak funtziona ez zezan utzi dute. Trena ekologikoa izateaz aparte, egituratzailea da. Esaterako, Nafarroan bakarrik hogei tren geltoki itxi zituzten duela urte batzuk. Haietan ez da trenik gelditzen, ez du jendeak lan egiten. Ez dute mantentzen, ez dute inbertitzen eta, ondoren, arduradunek hori guztia "ekonomia galerekin" mozorrotzen dute. Lehen funtzionatzen zuen. Inbertsioa behar da, eta publiko izaten jarraitzea. Zeren publikoa, mundu guztiari iristen zaio, errentagarria ez bada ere. Jakina, Sakanan Gipuzkoan adina aldiriko tren ez ditugu jarriko. Baina gauzak zentzuz egin daitezke. Gutxienez, aukera eman behar da. Gauza bera merkantziekin.
Sakanan langileak bakarrik Altsasun daude?
Hala da. Lehen, esaterako, Uharte Arakilen eta Etxarri Aranazko tren geltokian eguneko 24 ordutan lan egiten zuten. Altsasun bi sektoreren edo zerbitzuren hondarrak gelditzen dira. Elektrifikaziokoa desagertu egin da, ez dago inor; haiek katenaria konpontzeaz arduratzen dira. Segurtasun instalazio sektoreko langileak Gasteizera eraman dituzte. Trenbide eta obretako bi langile gelditzen dira, 60 urte ingurukoak. Katigamendu zerbitzuko bi langile daude, jubilatzen diren arte. Haiek trenbideak dauden dispositiboen funtzionamendu egokiaz, mekanikaz, arduratzen dira. Zerbitzu hori osorik kendu nahi dute estatuan.
Lanpostuak betetzeko plazarik ez dituzte ateratzen, bakarrik arduradunei interesatzen zaizkienak. Altsasura ez da inor etorriko, eta denbora pasatzen denean, itxi eginen dute. Ondoren enpresa batzordeetako bileretan esaten dute: "jenderik ez dagoenez..." Ez da langilerik ez dagoela. Ez dute langilerik sartu nahi izan. Eginez eta deseginez, baseak bateratzen ari dira, eta lanpostuak kentzen ari dira. Trenbideetako langilearen kontzeptuan daude lana ulertzeko modua, lankideekin dauden harremanak eta beste. Orain makina bat enpresa txiki daude. Langileak profesionalak dira, baina lan txiki horiek egiten dituzte, eta kitto.
Altsasura ez da etorriko inor, eta denbora pasatzen denean, itxi eginen dute
Zenbat langile daude Altsasun?
Zirkulazioko sektorean, trenen sarrera eta irteerez arduratzen direnak. Lau langile daude. Adifeko beste lau daude. Guztia azpikontratatu nahi dute. Noizean behin jende pixka bat sartzen dute, apur bat mantentzeko. Baina zerbitzu gehienak azpikontratatuak dira. Altsasun halako enpresa bateko langileak daude. Jakina, ez dute ez Renfen ezta Adifen ditugun lan baldintzak, soldata txikiagoa eta baldintza okerragoak dituzte. Goizean nirekin sektore batean lan egin dezakete, eta gauean beste batean. Haien lan baldintzak Lan Ikuskaritzan salatu izan ditugu, baina ez digute jaramonik egin. Garai batean Altsasun 180 pertsonak lan egiten zuten, biziz beteta zegoen: kantina zegoen, estankoa, liburu denda... Egunero 200 bidaiari txartel baino gehiago saltzen ziren. Zerbitzu horiek bidaiari faltagatik desagertu dira. Orain ez dago ezer. Lanpostu batzuk teknologia aurrerapenarengatik kendu izana ulertzen dugu.
Herrietan plaza balute, langileak bertan bizitzeko aukera lukete?
Altsasun Iruñea, Irun eta Gasteizko trenbideek bat egiten dute. Logikoa da bertan sektore bat egotea. Baina hiriburuetara eramatea erabaki dute, teorikoki, "lanpostuak desiragarriagoak egiteko, langileak gelditzeko eta ez joateko". Baina kontrakoa gertatzen ari da: jendea hirietatik doa etxebizitzak duen prezioagatik, Gasteiztik Altsasura bizitzera etorri dira. Orain hiriburuetatik etorri, lan egin eta joan egiten dira. Gainera, ez dute ezta plazarik. Altsasutik abiatu edo helmuga zuten trenak zeuden lehen, haien langileendako gelak... Tren geltokiek inguruan bestelakoak sortzen ziren. Esaterako, Altsasun ez hain aspaldi, 40 bat urte, Txunkai edo geltoki auzoan hiru taberna, hotela, harategia, ile apaindegia eta denda txiki bat zeuden. Bizi handia zuen auzoak. Gaur egun ez dago ezer. Hori izan daiteke herrien etorkizuna.
Tren publikoa, soziala eta edozeinek erabiltzea nahi badugu, ezin dugu tren mota bakar baten alde egin
Zein geltoki eta geraleku kendu dira Sakanan?
Izurdiaga, Hiriberri Arakil, Lakuntza, Bakaiku, Olatzagutia eta Ziordikoak. Herri horietan aspaldi ez da tren bat gelditzen. Gaur egun trenak Uharte Arakilen, Etxarri Aranatzen eta Altsasuko geralekuan eta geltokian gelditzen dira bakarrik. Tren publikoa, soziala eta edozeinek erabiltzea nahi badugu, ezin dugu tren mota bakar baten alde egin. Abiadura Handiko Trenak (AHT) estatuan jendea hiri handitik handira eramateko besterik ez du balio. Gainontzekoak ahaztuta uzten gaituzte. Ohiko trena sustatu behar dugu.
Uharte eta Etxarriko tren geltokiak erabat hutsik daude?
Inbertsio handia egin zuten horiek berritzeko. Pena da, baina enpresa honetan askotan gertatzen den zerbait da: zerbaitean dirua inbertitu eta berritzen denean, askotan berehala itxiko den sentipena dugu. Altsasuko geltokian ere tailer gune eder bat berritu zuten, azpiegiturako jendea etortzeko egin zuten. Orain ez dago langilerik, eta ez da sekula erabili.
Altsasun bat egiten duten hiru trenbideetatik bi bikoiztuta daude.
Bai, trenbide bikoitza da, trenak bi norabidetan joateko. Irun eta Madril arteko trenbide nagusia da, garrantzitsuenetako bat da. Hortik pasatzen dira merkantzia eta tren espresak. Gasteiztik Altsasura Alvia moduko trenak 160 km orduko gehienezko abiaduran ibiltzen dira. Baina Gipuzkoan, portu aldean ezin dute abiadura hori hartu tunel eta bihurguneengatik. Eta aldiriko tren asko daudelako.
Gaur egungo trenbidearen plataformak bikoizteko aukera eskaintzen du
Zer diozu merkantzia garraioaz?
Merkantzien korridoreak daude, tren autopistak, Mediterraneokoa eta Atlantikokoa. Horiek lotu nahi dituzte Zaragoza, Iruñea eta Sakanatik pasaz. Eraginkorra izateko bi trenbide behar dituzu. Baina AHTren bidez estatuan sekula ez da merkantziarik garraiatu. Bi korridoreak lotu nahi dituzte eta, horretarako, abiadura handian inbertitu nahi dute, beste trenbide bat eginez. Merkantzia trenek trenbideak asko hondatzen dituzte. Gaur egungo trenbidearen plataformak bikoizteko aukera eskaintzen du. Azterketak serioak egin dira, eta trenbidea bikoizteko aukera dagoela ondorioztatu dute. Hori nahiko erraz egin daiteke, eta askoz ere tren gehiago ibiltzeko aukera ematen du.
Sakanako enpresek tren bidezko merkantzia garraioa egiten zuten?
Bai. Porlandegira ikatzez betetako bagoiak etortzen ziren, eta porlanez betetako zisternak ateratzen ziren. Uste dut egunean bitan ateratzen zirela. Sunsundeguik materiala ateratzen zuen. Garai batean tren bidez mugitzen ziren merkantzia gehienak: laranjak, garia, ardoa, egurra, potasa, butanoa, biniloa, gasolina, merkantzia arriskutsuak, ibilgailuak, txapazko bobinak, txatarra... Altsasun trenen maniobrak egiteko beti egon izan dira langileak, tren traktore batekin bagoiak mugitzeaz arduratzen zirenak. Lehen paketeria zerbitzua zegoen. Zuk pakete txiki bat edo bagoi oso bat bidal zenezake. Kontratua egin eta beste tren bati gehitu zeniezaioke. Merkantzia eramateko Madrilera bitarteko tren bat antolatzen zen. Hori egin zitekeen. Enpresa handiek tren osoak kontrata zitzaketen. Lehen sailkapenak egiteko, bereizteko, pisatzeko asko erabiltzen zen. Gehiegi pisatzen bazuen deskargatu beharra zegoen eta, horretarako, jendea behar zen. Lehen azpiegitura hori guztia zegoen. Desegiten joan dira, ez da erabiltzen... Altsasun berrogei trenbide pasa daude. Haiek ikustea pena ematen du: zuhaitzak hazten ari dira, erabilerarik gabe daude, ezin da haietan zirkulatu, ezeztatuta daude...
Treneko diruaren inbertsio gehiena abiadura handira bideratu dute, eta gainontzeko guztia hiltzen utzi dute, gure ustez, nahita
Ongi jarriz gero, Altsasuko tren geltokiak merkantzia garraioa hartzeko aukera luke?
Gaur egun geltoki intermodalak edo industrialdeetan trenbide sarrera-irteerak egiten dira. Araiako ibilgailu esportatzailea den enpresari trenbidea egin zitzaion, baina bizpahirutan besterik ez da erabili. Azken finean, errepide bidezko garraioari erraztasunak eman dizkiote. Trenbide bidezko merkantzia garraioa sustatzeko makina bat plan egon dira, gobernu guztiek hitz onak izan dituzte, baina... Irungo mugatik 13.000 mila kamioi pasatzen dira egunero. Gehienak hemendik pasatzen dira. Merkantzia tren batek 20 edo 30 kamioi adina eraman dezake.
Treneko diruaren inbertsio gehiena abiadura handira bideratu dute, eta gainontzeko guztia hiltzen utzi dute, gure ustez, nahita. Funtzionatzen ez duen aitzakiarekin, dena azpikontratatu dute. Edo erkidegoei ematen diete. Merkantzia garraioan aritzen diren enpresek bakarrik errentagarria dena garraiatzen dute. Zerbitzu publiko batek kudeatuta, hain errentagarria izan gabe ere, gauza horiek guztiak eramaten saiatuko litzateke. Trenbide lineak ixtearen alde egin zutenen senideek enpresak sortu zituzten, esaterako, autobus enpresak.