Palestinaren aldeko bi ordu

Guaixe 2024ko mar. 1a, 15:01

 Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak, Gernika Palestina herri ekimenarekin batera, bi ordu Palestinaren alde antolatu dute. Larunbatean eginen da Foru plazan, 19:00etatik aurrera. Palestinan proiektuak biltzeko dirua jasoko dute. Diru bilketa enpresetan ere eginen dute hainbat sindikatuk hileko lehen hamaika egunetan.

Israelek Palestinako Gazako Zerrendan 30.000 pertsona hil ditu eta Egiptoko mugaren ondoan dagoen Rafah hiria suntsitzeko prestatzen ari da. Dagoeneko Israelgo armadak Gazako biztanleriaren %5 erail edo zauritu duela jakinarazi du Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak. Gainera, umezurtz gelditu diren edo derrigorrezko joan-etorrietan 17.000 haur galdu dira. 

Egoera hori salatu eta genozidioa gelditzea eskatzeko Altsasun bi orduko ekitaldia eginen da larunbatean. Bi ordu horietan txalapartariak, kantariak, musikariak eta dantzariak izanen dira. Horrekin batera, Afrika iparraldean jaiotako altsasuarrek pastak eta tea eskainiko dituzte. Plataformaren materiala salgai izanen da. 

Sosa
Plataformako kideek dirua biltzeko ere baliatuko dute larunbateko deialdia. Bi helbururekin. Batetik, Israelgo agintariak epailearen aurrea eramatea. Bestetik, Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundeak Palestinan proiektuak garatzera bideratuko da jasotako dirua. Ekarpenak egiteko aukera izanen da Altsasuko plazan. Bestela, ES36 3035 0083 28 0830140037 kontu korrontean egin daiteke Palestinaren aldeko diru ematea. Bizumen bidez ere lagundu ahal izango dira ekimenak, "dohaintza" atalean, Mundubat edo 08837 kodea bilatu behar dira. Bestalde, plataformako kide diren UGT, CCOO, LAB, Steilas, ESK, CGT eta Solidari sindikatuek dirua bilduko dute Nafarroako dozenaka enpresatan martxoaren 1etik 11ra bitartean.