Alkateek Nafarroako autogobernuaren aldeko erantzun "irmoa" eskatu dute

Guaixe 2024ko mar. 1a, 14:55

Manifestua sinatu eta bilkura deitu duten alkateen artean dago Altsasukoa, Javier Ollo Martinez. UTZITAKOA

Espainiako Auzitegi Gorenak trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetu ondoren egin dute eskaera. "Nafarroak politika publikoak garatzeko duen gaitasuna dago jokoan", uste dute. Iruñean elkarretaratzea deitu dute.

Madrilen dagoen epaitegi batek Espainiako Gobernuak Nafarroakoari trafikoaren eskumenaren transferentzia baliogabetu zuen otsailaren 15ean. Hamar herritako alkateek, tartean Altsasuko Javier Ollo Martinez, epaiari kritika egin diote. Hamar alkateek Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren "garrantzi politiko handia" nabarmendu dute. "Horren aurrean argi eta garbi diogu ez gaudela ados. Nafarroaren borondate politikoaren, haren erakundeen, foruen eta autogobernu esparruaren kontrako erasotzat jotzen dugu". 

Hamar udal agintariek nabarmendu dutenez, "Nafarroaren eskumen historikoak ezin dira nafarren borondate politiko demokratikotik kanpoko tresnen menpe egon, ezta dinamika birzentralizatzaileei erantzun ere". Alkateek gaztigatu dutenez, "ez da autogobernuak jasaten duen lehenengo atzerakada, eta erantzun jarrera irmoa hartu behar da egoera hori berriro gerta ez dadin. Nafarroarekiko errespetua eta autogobernatzeko gaitasuna" aldarrikatu dituzte. Azkenik, ziurtatu dutenez, "gure bizitzetan eragin zuzena duten politika publikoak garatzeko Nafarroak duen gaitasuna da jokoan dagoena".

Hamar alkateek Nafarroako gainontzeko alkateak eta nafarrak gonbidatu dituzte martxoaren 2an, larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Sarasate pasealekuan eginen den elkarretaratzean parte hartzera. Momentuz deialdiak ehundik gora alkateren atxikimendua jaso du. Horien artean dozena bat sakandar daude oraingoz: Arakil, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Lakuntza, Olatzagutia, Uharte Arakil, Urdiain eta Ziordiko alkateak.