Zer gertatzen da Basoitxirekin? Marmotaren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Galartza Zelaia 2024ko mar. 4a, 10:14

Badira lau urte, Altsasuko Udaleko mendi batzordea, Iñigo Villanueva Ceberio Nafarroako Basoa Zaharberritzeko Bulegoko buruarekin eta Sakanako basozainekin bildu ginela.

Bilera horretan azaldu ziguten 2015ean udala ohartarazi zela Basoitxin haritz amerikarrarekin zegoen arazoaz, gehienak gaixorik zeudelako eta zuhaitz horiek etengabe eror ez zitezen jardun behar zelako, horrek inguruko pertsona guztiak arriskuan jartzen baitzituen.
Teknikariek 2015ean eta 2020an gomendatzen zuten ekinbidea "azken mozketa edo matarrasa" zen. Batzorde osoa ados zegoen haritz amerikarra desagerraraztearekin eta bertako espezieekin ordezkatzearekin.
Bi urte igaro dira mozketa horretatik, eta orain haritz amerikarraren landare berria hazten ari da.  Honek duen dentsitate handiak bertako landarea birsortzea eragozten du eta arazo handia sortu du. 

Orain arte egin den jarduera bakarra, moztutako eremu batzuen inguruan bertako espezieak pantaila gisa landatzea izan da, horrela, haritz amerikarraren landarearen hazkunde bizkorra ez ikusteko asmoz. Bai, ondo irakurri duzue: haritz amerikarraren hazkundea ezkutatzea, berriz ere, etorkizun hurbil batean arazo bat izango den arte.

Alkatetza taldeak adierazi duenez, arazo horren guztiaren gakoa basoberritzeak ekarriko lukeen kostu ekonomikoa da. Baina Altsasuko herritarrek ba al dakite udalak baso lanetatik lortutako dirusarreren %20, legezko gutxienekoa, baino ez duela berrinbertitzen basoan? Gainera, diru sarrera horietako asko partzela pistak asfaltatzeko erabili dira mendiaren egoera hobetzeko erabili beharrean. Zein arazo ekonomikori buruz ari gara orduan?

Azken batean, baso autoktonoa berreskuratzea bideraezina dela esan digute. Arazo ekonomikoei buruz ari gara edo beste zerbaiti buruz? Arazoa argi dago: utzikeria eta ausardia falta.

Galdera asko dira, eta konponbiderik ez. Zentzugabekeria hutsa da eta gaiari segituan ekiten ez bazaio hasierako lekura itzuliko gara. Marmotaren eguna.