Martxoaren 3an, igandea, juniorren 38. Udaberri Saria jokatu zen Altsasun, eguraldi guztiz desatseginarekin: hotza, euria, tarteka elurra, mendian bereziki, eta haizea. Burunda Txirrindularitza klubak antolatutako lasterketan 123 txirrindulari zeuden izena emanda, probak zituen 80 kilometroak osatzeko prest. Tartean, Altamira hirutan igo behar izan zuten.
Quesos Albeniz-Burunda taldeko Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak etxeko proba begiz jota zuen, eta sekulako erakustaldia eman eta bakarrik aurrera eginez, joan zen urteko arantza kendu eta Udaberri Saria irabazi zuen, helmugara bakarrik helduta (2:06:29). Bere atzetik Alimco-Campagnolo taldeko Ibai Villate sartu zen, minutu erdira, eta atzetik, tantaka, talde bereko Iñigo Uria, Oier Colmenero eta Facundo Nicolas Ambrossi. Eñaut Oiarbide etxarriarra (Quesos Albeniz) seigarren izan zen (2:10:25), Top 10ean.
Guztira 67 txirrindulari sailkatu ziren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Begiristain (Quesos Albeniz) hogeigarren sailkatu zen, eta Mikel Viloria (Quesos Albeniz) 27. Taldeka, Alimco-Campagnolo izan zen onena.