Palestinan “genozidioa bukatzeko” exijitu dute

Guaixe 2024ko mar. 4a, 12:42

Gazarekiko elkartasun aktiboa kanpainaren baitan, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak Bi ordu palestinaren alde izeneko ekimena egin zen hilaren 2an. Administrazioei eskaera egin zieten: Espainiako Gobernuari Israelekin dituen harremanak etetea, eta Nafarroako Gobernuari eta udalei Palestinako herriari laguntza ematea.

Bi ordu Palestinaren alde. Eta denbora tarte horretan Palestinan genozidioa stop. Sionismoa hiltzailea leloa zuen pankartari makina bat altsasuarrek heldu zioten, txandaka. Bitartean musikariak, txalapartariak, dantzariak, kantariak eta musikariak aritu ziren. Magrebeko emakumezko batzuek tea eta pastak eskaini zituzten. Eta Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek material salmenta eta diru bilketa egin zuten. 

Bilkuraren akaberan, Gazan bizi den egoeraren berri emateko datuak eman zituzten: "bi milioi pertsona baino gehiago baldintza ankerren menpe daude. Biztanleriaren %5 erail, zauritu edo banandu dute". Banaketei dagokienez, jakinarazi zutenez, "17.000 haur umezurtz geratu dira edo derrigorrezko joan-etorrietan galdu dira". Gogorarazi zutenez, "Isralek milioi eta erdi palestinar Egiptoko mugara bulkatu eta han pilatuta daude. Gainera, Israel Rafah suntsitzeko prestatzen ari da". Bitartean, Unicef, Elikagaien Munduko Programa edo Osasunaren Mundu Erakundearen ohartarazpena gogorarazi zuten: "Gazako Zerrendan laster batean goseak eragindako haurren heriotzen pilaketa ikusiko dugu, eta iparraldeko haurren desnutrizio larriak mundu osoan aurrekaririk gabeko hondamena" izan duela. 

Eskaerak 
Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek "genozidioa bukatzea" exijitzearekin batera beste eskaera batzuk egin zituzten. Batetik, Espainiako Gobernuari sarraskiak irauten duen bitartean Israelekin dituen harremanak eten ditzala exijitzen diogu, eta armen negozioa bertan behera utz dezala berehala". Nafarroako Gobernuari, berriz, "eskatzen diogu aurrekontuetan sar ditzala partida zehatzak Palestinako herriari laguntza humanitarioa emateko". Azkenik, "udalek diru-partida zehatzak bidera ditzaten", plataformako kideak alderdiekin bilerak egiten ari direla jakinarazi zuten. 

Ekitaldian bertan dirua jaso zuten, alde batetik, Benjamin Netanyahu gerra kriminal gisa auzitegian epai dezaten. Bestetik, Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundeak Palestinan proiektuak garatzeko. Ekarpenak ES36 3035 0083 28 0830140037 kontu korrontean egin daitezke. Bizumen bidez ere lagundu ahal izango dira ekimenak, "dohaintza" atalean, Mundubat edo 08837 kodea bilatu behar dira. Bestalde, plataformako kide diren UGT, CCOO, LAB, Steilas, ESK, CGT eta Solidari sindikatuek dirua bilduko dute Nafarroako dozenaka enpresatan martxoaren 1etik 11ra bitartean. 

Bi ordu Palestinaren alde izeneko ekimenaren barruan, ekitaldi berezia antolatu dute Iruñeko Sarasate pasealekuan martxoaren 9an, 11:30ean. Egun horretan tailerrak, Palestinako jakiak eta musika izanen direla jakinarazi zuten. Honako musikariak ariko dira: El Drogas, Eztitan, Kerobia, La Chula Potra, Madafack, Kai Etxaniz, Mielotxin, Burutik eta Alaitz Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleak izanen dira. Horretaz aparte, haurrendako txokoa eta material salmenta izanen dira. Eta diru bilketa eginen dute.