Udalak Aisiaz Blai eskaintza udaberriko oporretarako egin du

Guaixe 2024ko mar. 5a, 09:50

Haurrak eta gurasoak Zumalakarregi plazako jolas parkean. ARTXIBOA

Martxoaren 8ra arte, ostiralera arte, eman daiteke izena 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez, edo www.altsasu.eus webgunearen bidez.

Ikastetxeek udaberriko oporrengatik itxi eginen dituzte ateak. Horrek familia askori familia eta lana bateratzea zaildu egiten die. Horren jakitun, Altsasuko Txantxari Udal Ludotekak Aisiaz blai programa prestatu du. Hala apirilaren 2, 3, 4 eta 5ean ludoteka zabalik egonen da 3 eta 12 urte arteko neska-mutilendako. Familiek haiendako bi ordutegi izanen dituzte aukeran: 08:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Lehen ordutegia beteko ez balitz, bigarrena sortuko litzateke. Ludotekatik jakinarazi dutenez, plazak mugatuak dira. 

Hobariak
Izena emateagatik ordaindu egin beharko da, baina familiek haien diru sarreren arabera ordaindu beharko dute matrikula. Udalak hamaika errenta tarte zehaztu ditu, 5 euro eta 29 euro artekoak. Izena ematen duten familiek hobariak eskuratzeko aukera izanen dute. Horretarako, joan den urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute. Udalak martxoaren 12an jakinaraziko du zein eskaera onartu dituen, eta ezeztapen, erreklamazio edo dokumentazioa aurkezteko epea martxoaren 12tik 19ra izanen da, ludotekan edo udal bulegoan. Behin betiko onartuen zerrenda martxoaren 21ean argitaratuko du, eta ordainketa epea martxoaren 21etik 26ra bitartekoa izanen da.