“Emaitzak ikusita, badirudi eragin daitekeela”

Guaixe 2024ko mar. 12a, 14:00

Aritz Bereziartua Arruabarrena Arikala egitasmoko kidea Altsasun.

Euskaltzaindia, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Ikastolen Elkartea ari dira Arikala egitasmoa garatzen. Haren berri Ikastolen Elkarteko Aritz Bereziartua Arruabarrenak eman digu. 

Arikalatarren lehen topaketa hartu zuen Altsasuk astelehenean eta asteartean. Arikala ikerketa-ekintzaren barruan, hainbat jolas dinamika egin zituzten Euskal Herriko hamar ikastolatatik etorritako ikasleek. Eta, haiekin batera, Iñigo Aritza ikastolakoak. Arikala Mintzola egitasmoaren barruan dago. Eta haren ardura Euskaltzaindiak hartu zuen 2022ko ilbeltzean. Mintzola egitasmoaren ardura hartu zuenetik, hizkuntzaren akademia euskarazko ahozko jardunaren ikerketan, dibulgazioan eta sustapenean dihardu. Eguneroko hizkera deitzen ditugun elkarrizketak eta jardunak, eremu ez formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen du. Mintzola egitasmoaren helburu nagusia hizkera hori aztertzea da, baita adierazkortasuna lantzeko tresnak garatzea ere. Arikalak helburu horiei eusten die.

Zer da arikalatarra?
Arikala egitasmoan parte hartzen duena. Proiektuaren bigarren ikasturtea da hau. Ikastoletatik egin zen eskaera bati erantzuteko egin ditugu topaketak, arikalatarren komunitatea eraikitzeko. 

Eta Arikala?
Arikalatarren topaketa Arikala egitasmo horren barruan kokatzen da. Euskaltzaindiaren Mintzola egitasmoak Mondragon Unibertsitateak eta Ikastolen Elkarteak sustatzen duten ikerketa bat da. Bere helburua da ikasleen artean euskarazko lagunarteko hizkera sustatzea. Kezka handi bat dago: Euskal Herrian ikasleen artean euskararen erabileran apaltze nabarmen bat nabaritu delako. Eta horri erantzun asmoz, Arikala proiektua garatu da. Gu saiatzen ari gara, bai gela barruan eta bai aisialdi esparruan, ekintza ludikoen bitartez ikasleei hainbat hizkuntza baliabideak eskaintzen. Horiekin goza dezatela. Ondoren ikertzen ari gara jolas garaietan edo lagunarteko momentu horietan erabiltzen ote dituzten. 

Ikasleek euskara ikasketa hizkuntzarekin identifika ez dezaten? 
Ikus dezatela badagoela hizketa informal bat, badagoela erakargarria izan daitekeen molde bat, eta gaurkotua dena. Gure helburua hori da. Pixka bat hizketa informal horren hizkuntza baliabide horiek ematea. Bereziki esapide eta esamoldeetan zentratu gara. Iruditzen zaigulako horiek direla gehien erabiltzen direnak. Horiek erakargarri sentitzea, gero mihian dantzan erabiltzeko. 


Arikalatarrak estalpean jolasten.

Beraien adierazkortasuna aberastea. 
Hori da. Ikus dezatela euskaraz ere badaudela gaztelaniaz edo frantsesez esaten dituzten esamolde horiek. Egia da errealitate soziolinguistiko asko, tamalez, aski erdaldunak direla; ikastola askok oso ingurune erdaldunetan kokatuta daude. Ikasleek ikastoletatik kanpo bizi duten denboraren ehuneko    handi bat erdaraz bizi dute. Ez dute euskaraz hizketatzeko aukerarik. Baina guk erakutsi nahi diegu badagoela erakargarri izan daitekeen euskara bat. Eta horretan gabiltza, hori ikertzen.

Topaketan ardatza jolasa izan da. Ikastetxeetan egitasmoa jolasaren bidez lantzen duzue? 
Bai. Gelek izaera formal hori izan dute beti. Saiatu gara haiek pixka bat informalagoak egiten. Normalean erabiltzen diren metodologiak ludikoago egin ditugu, jolasari leku gehiago emateko. Gela barruko jarduna ildo horretan kokatu dugu. Aisia esparruan hainbat jolas eta joko egin dituzte, tokian tokiko jolas eta jokoetatik abiatuta eta aldaera batzuk sartuta. Horietan oinarritu gara, eta jolasak amu gisa baliatu ditugu, ikasleek hizkuntza baliabide horiek erabiltzeko. 

Ikastola guztiak daude egitasmoan? 
114 ikastoletatik hamar ikastola daude buru-belarri proiektu honetan. Aurtengoa bigarren ikasturtea da. Hamarrotan pixka bat ikusten, ikertzen; ez dakigu zer aterako den, ea eraginik izango duen edo ez duen. Hori neurtzen ari gara. Lehenengo urteko emaitzak ikusita, badirudi eragin daitekeela, baina oraindik gelditzen zaigu. Aurtengo emaitzak oraindik aztertzeko ditugu. Gaur-gaurkoz oraindik geletan lantzen ari dira, eta hurrengo urtean ikusiko dugu zer ematen duen. Baina badirudi eragin daitekeela. 


Arikalatarrek majo pasa zuten Altsasuko topaketan. UTZITAKOA

Ikastola parte hartzaileen artean sakandarrik bada? 
Lurraldeko bina ikastola daude: Arabako La Pueblako Assa eta Laudio; Bizkaiko Getxoko San Nikolas eta Bilboko Abusukoa; Gipuzkoako Irura eta Oiartzungo Haurtzaro; Iparraldeko Angeluko Kimuak eta Hendaiako Gure ikastola eta Nafarroako Lizarrakoa eta Iruñeko Jaso. Guztira 450 bat haur. Topaketa Altsasun egin dugu geografikoki Euskal Herriko erdigunean dagoelako, eta ertz ezberdinetatik iristeko denbora antzekoa delako. Topaketak Altsasun egin behar genituenez, Iñigo Aritza ikastolakoei esan genien. Lanketa berezi bat egin dugu, beraiek ere gela barruan lanketa berezia egin dute. Gure materiala baliatu dute, eta pixka bat arikalatar ere badira. Horregatik, topaketan parte hartu dute. Iñigo Aritza ikastolakoek sekulako prestutasuna izan dute, beti laguntzeko jarrera. Egia esan, gozatua. 

Lehen urteko emaitzak aipatu dituzu. 
Ikerketa bat izanik zero puntua neurtzen dugu. Hezitzaile batzuek jolas garaian eta bazkalorduan ikasleen arteko elkarrizketak entzuten dituzte, behatzen dituzte. Ondoren, sei astez, gela barruan eta kanpoan materiala inplementatzen da. Eta, atzera ere, neurketa egiten da, bilakaerarik izan den edo ez ikusteko. Lehenengo urteko datuak onak izan ziren, igoera bat zegoen, erabileran pauso bat zegoen. Eta ikusten genuen landutako esamoldeak eta esapideak erabiltzen zituztela. Beharbada ez masiboki, baina aztarna hor zegoen, han eta hemen ikusi genuen. Aurten apustua izan da hizkuntza baliabide horiek aberastea, gehiago, desberdinak ere eskaini, eta saiatu gara komunitate izaera eraikitzen. Euskara gure hizkuntza komunitate bezala ulertuta, hizketa komunitatera. Arikalatarron hizketa propioa sortu dugu eta, ahozkotasunaz aparte, komunitatearekin identifikatzeko ikur, keinu, agurtzekoak, bestelako ikurrak-edo landu ditugu. Horretan zentratu gara, ea komunitatea landuz, komunitate berezi bateko kide izatearen sentsazio horretatik, atxikimendutik ea erabileran eragin ote daitekeen ere aztertzeko. Oraindik ez dugu neurtu. 

Zein mailatako ikasleekin ari zarete?
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin hasi ginen joan zen urtean, aurten 5. mailan daudenak eta hurrengo urtean 6. mailan egongo dira. Hiru urteko ibilbidea izanen du egitasmoak. 4. mailakoak aukeratu genituen adin garrantzitsua izan zitekeelako, hizkuntz ohiturak-eta hor finkatzen zirelako. Bestalde, hizkuntz gaitasunaren eta haurren garapenaren baitan, hor salto kualitatibo inportante bat ematen delako. 

Jende asko etorri zarete, ezta?
Ikasleez aparte, ikastola bakoitzeko irakasleak eta hezitzaileak etorri ziren Altsasura, baita Arikala taldeko hirurak. 


Arikalatarrak bueltaka topaketako jolas batean. UTZITAKOA

Ikastolek egitasmoa praktikan jartzen duzue. Zertan laguntzen zaituztete Mondragon Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak? 
Bete-betean, eta eskutik helduta. Altsasuko topaketan izan ziren Euskaltzaindiko lagunak: Maider Garaikoetxea eta Iñaki Mendizabal, komunikazioko arduraduna. Harreman estua da. Azkenean, beraiek dira proiektuaren sustatzaileak. Altsasun izan zen ere Mondragon Unibertsitateko Arikalako arduraduna, egitasmoko zuzendari Idurre Alonso. Eta Ikastolen Elkartetik Odei Guirado eta ni. Azken batean, alderdi bakoitzak bere ekarpena egiten du, baina oso modu koordinatuan eta eskutik helduta. Ez da erakunde baten edo bestearen afera. Erakundeetatik harago, Euskal Herrian erronka oso-oso itzela daukagu. Zailtasunak ere handiak dira. Errealitatea hori da, baina elkarlana da egoera honi aurre egiteko bidea. 

Hiru urteko proiektua esan duzu. 
Bai. Joan den urtean, lehen hartu-emanean esapide eta esamolde ikaskuntzan sartu ginen. Aurten komunitatea egiten jarri dugu azpimarra. Eta hurrengo urtean saiatuko gara ikastolaren baitan transmisio hori lotzen, 6. mailan dauden horiek ikastolako gainontzeko ikaskideei zabaltzen saiatzen. Ildo hori dugu, baina ez dakigu; ikusiko dugu emaitzek zer ematen duten. Horrek finkatuko digu norabidea. 

Errotarria berriro 4. mailara buelta liteke, bueltaka segitzeko?
Bai, hori da. Zerbait bizia izatea nahi dugu, ikastoletan egunerokotasunean sartzea. Orain arte  ezagutzak erabilera ekarriko zuela, ildo hori landu da. Guk pentsatzen dugu erabileratik ere ezagutza etorriko dela. Ezagutza oso zabala izateagatik ez badugu erabiltzen, ez goaz inora. 

Altsasukoaren moduko beste topaketaren bat eginen duzue? 
Bi egun horiek, printzipioz, aurtengoz horrela geratu da. Azken batean, Altsasun egin ziren jolas, joko eta dinamikak gela pila bat landu dituzte. Altsasukoa elkar ezagutzeko, elkarri erakusteko momentua zen. Horrelako zerbait antolatzea ez da erraza, jende asko mobilizatu behar da, gauza asko lotu behar dira. Baina etorkizunean zergatik ez? Ikerketan dabiltzan hamar ikastolekin ari gara hau egiten eta etorkizunean proiektu hau Ikastolen Elkartean zabaldu, orokortu nahi baldin bada, aukera polita dela ikasleak elkar ezagutzeko, beste tokitako hizketak entzuteko, lagun berriak egiteko. Azken batean, ikasleen arteko Euskal Herri osoko saretze hori benetan indartzeko.