Transferentzien Batzorde Mistoan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitzarmena sinatu zuten martxoaren 11n, astelehenean. Ondorioz, Gernikako Estatutuak jasotzen dituen beste hiru eskuduntza Eusko Jaurlaritzaren esku gelditu ziren. Horietako bat da aldiriko trenen zerbitzua, gaur egun Renfek ematen duena. Hurrengo egunean Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak jakinarazi zuenez, "abian dauden zerbitzuetan hobekuntzak” eginen dituzte, "eta zerbitzu berriak bere osotasunean definituko ditugu".
Zerbitzu berri horien artean dago Arabako aldirietako tren zerbitzua, halakorik ez duen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakarra baita. Batzorde Mistoan sinatutakoaren arabera, Araia eta Manzanos arteko aldiriko trena aurreikusi da. Baina Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Pedro Marcok jakinarazi duenez, "gobernuaren asmoa da aldirietako tren zerbitzu hori Altsasu eta Miranda de Ebro artekoa izatea". Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Gaztela Leon eta Nafarroako gobernuekin hitz eginen du, elkarlanean aritzeko aukerak aztertzeko. Bai Arabako Foru Aldundiak bai zerbitzua hartuko duten herriek Altsasu eta Miranda de Ebroren aldeko eskaera egin dute. Arabako EH Bilduk Arabatran deitu duen proiektu horren alde aspaldi ari da. Eusko Jaurlaritza Renferekin bilduko da heldu den astean, hark emango baitu zerbitzua, eta eskariari buruzko azterketa bat egiteko lehen pausoa emanen dute.