Saskibaloia

CBASK-en, kromo aldaketa

Guaixe 2024ko mar. 14a, 11:45

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak merezitako garaipena lortu zuen.

Azkeneko garaipenen ondoren, gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak galdu zuen Errioxan, baina Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak esperotako garaipenaz gozatu ahal izan zuen

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Errioxan jokatu zuen hemeretzigarren jardunaldia, Erisa Clavijo taldearen kontra. Bi taldeek lehia estua izan zuten, baina Altsasu lehen zatian aurretik joan zen. Azken laurdenean Erisa Clavijok berdintzea lortu zuen eta aldea ateratzen hasi zen, azkenean 63 eta 53 irabazteko, 10 puntuen aldea. Unax Ijurra izan zen saskiratze gehien lortu zituen jokalaria (15 puntu).

Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (34 puntu). CBASK Narum Fisioterapiak hamahirugarren postuan segitzen du (23 puntu), bi partida gutxiagorekin. Martxoaren 16an, larunbata, talde altsasuarrak Humiclima liderra hartuko du Zelandin, 17:50ean. Talde altsasuarrak partida zaila baina motibagarria du aurretik. 

Emakumezkoen seniorrak, merezitako garaipena
Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak aspaldiko partez garaipena ospatzeko aukera izan zuen. Azkeneko jardunaldietan alde gutxiagatik galdu zuen talde altsasuarrak, baina azken jardunaldian Liceo Monjardinen kontra jokatutako partidan arantza kendu zuten altsasuarrek, partida oso paretsu eta lehiatuan 55-59 irabazi eta gero. Garaipenak meritu handia du partida bukaerara arte Liceo Monjardin markagailuan aurretik joan zelako, baina azken unean beharrezko erasoa jo, eta markagailua irauli zuen talde altsasuarrak. Edurne Ormazabal izan zen saskiratze gehien lortu zituen CBASK-eko jokalaria (21 puntu).

Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (38 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak postu bat gora egin du, eta hamaikagarren da (23 puntu). Martxoaren 16an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean zortzigarren den Ega Perfil Oncineda (26 puntu) Lizarrako taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan.