Astekaria

Irulegiko eskuaren hamaika eskultura

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mar. 18a, 11:24

Juanjo Abaurrea, ezkerran, Sorioneku! erakusketaren barruan egindako haurrendako tailerrean. IORTIA

Eskuahaldunak, Euskal Herriko eskultoreen elkartearen 'Sorioneku! Euskal eskultura 2.100 urte' erakusketa martxoaren 20ra arte ikusgai dago Iortia kultur gunean. 50 bat eskultorek Irulegiko eskuaren haien bertsioak egin dituzte.

Sorioneku! Euskara eta Euskal Kulturaren 2.100 urte erakusketa ikusgai dago martxoaren 20ra arte, Iortia kultur guneko erakusketa gelan. Otsailaren 20an mustu zuen Eskuahaldunak, Euskal Herriko Eskultoreen Elkarteak. 50 bat eskultorek Irulegiko eskua oinarri egindako artelanak ikus daitezke erakusketa, guztira 70 bat lan, Luisa Aldaburu eskultorea eta elkarteko kideak azaldu bezala. Otsailaren 27an haurrendako tailerra egin zuten ere, eta parte hartzaileek eskuak egin ez ezik, bisita gidatua egin zuten erakusketan zehar. Aldabururendako artista eta ikusleen arteko harreman hori oso garrantzitsua da ere.  

Eskuari omenaldi bat dela esan du Aldaburuk. "Eskuak gizarte eta euskal identitate bezala zeresan handia piztu du, eta horri garrantzia eman nahi genion". Eskuahaldunak elkartea horren bueltan bildu zen eta haiei ere "inporta" zaiela erakutsi nahi zuten. Erakusketa ibiltaria da, eta aurretik Iruñean, Ilundainen eta Mutiloan egon da, eta eskultore elkartearen asmoa "mugitzen jarraitzea" da. "Aranzadik Irulegiko eskuaren eta gainerako aztarnen berri eman zuenean, fokua esku horretan jarri zen bertan soineku edo sorioneke idatzita zuelako eta horrek jakinmin handia eta teoria asko piztu zituen. Baina guk sortzaile eta euskaldun bezala beharra ikusi genuen aipamen bat egiteko". Aurkikuntza garrantzitsu horretan ere sortzaileen "ahotsak" jartzeko: "Gure egitearekin lotzeko". Hortik dator martxoaren 20ra arte ikusgai dagoen Sorioneku! Euskara eta Euskal Kulturaren 2.100 urte erakusketa.

Aurkikuntza
Irulegiko eskua azaldu izana eta "euskara zaharrean" idatzia egotea garrantzitsua dela aipatu du Aldaburuk. "Ez dakigu oso ongi esanahia, ez da hain garrantzitsua jaungoiko bat izan edo zer. Ohartzen gara euskaldunak egunerokotasunean hitz horiek ditugula: zorion, zorioneko... Hortik joan behar da gauza". Gainera, brontze aroko errituekin eta sineskeriekin lotura dutela esan dute ere ikertzaileek: "Atean jartzen zen saria bezala". 

"Garai batean dena eskuz egiten zen, eta gu eskugileak gara, ez dugu hori galdu"

"Garai batean dena eskuz egiten zen, eta gu eskugileak gara, eskuahaldunak, eta ez dugu galdu eskuz egitearen grina hori". Sortzaileek haien eguneroko bizi artistikoan lanetan "ametsak, pentsaerak eta hainbat gauza" bulkatzen dituztela azaldu du eskultoreak. "Eta nola ez bat egin brontze garaian sortzaileek egin zuten horrekin". 

Artista bakoitzak bere egin du aurkikuntza. "Bakoitzak bere erara ulertu du". Identitatearekin edo izatearekin zerikusia duela azaldu du Aldaburuk: "Guk tinko jarraitzen dugu, Guillermo Olmok esaten duen bezala, gu erresistentzia gara; euskaldunon egunerokotasuna hori da, zer zaila dugun euskalduna izatea hain kontrako inguruan".  

Guillero Olmo izan zen Euskal Herriko eskultoreak biltzeko ideia izan zuena. Berak urtero Mikel Zeberiorekin batera Azken muga deitutako kultur jaialdia antolatzen du. Besteak beste, lehiaketak, bertso saioak eta abar izaten dira, eta garrantzia handia ematen die naturan jartzen diren eskulturei: "Guillermok ulertzen du eskultura dela artea egitearen ardatza". Duela pare bat urte eskultura lantzen zutenak biltzeko saiakera egin zuen, eta jaialdian erakusketa egin zuen, ondoren ibiltaria bihurtu zena. "Baina formalki antolatu behar ginen: Eskuahaldunak".