Gizonezkoen junior mailako Espainiako selekzioak Guido Reybrouck Classic-en parte hartu zuen asteburuan. Manuel Mateok hautatutako seikotean Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Quesos Albeniz) altsasuarra aritu da. Selekzioa Nazioen Kopako probak prestatzeko lehiatu da Belgikako klasikoan, bereziki apirilaren 7an jokatuko den Paris-Roubaix prestatzeko. Galtzadarrietan ibiltzen ikastea izan da erronka.
Larunbatean, martxoaren 16an, 11,4 km erlojupekoa jokatu zuten. Louis Chaleil (Decathlon AG2R La Mondiale) izan zen azkarrena (13:34), eta Iker Gomez 39. sailkatu zen, 55 segundora (14:08). Igandean, martxoak 17, 121,9 kilometroko lasterketa izan zuten aurrez aurre, galtzadarrietako 14 eremurekin. Espainiako selekzioak talde lan itzela egin zuen. Hautatzaileak azaldu duenez, “Iker Gomezekin edo Hector Alvarezekin saiakera egin nahi genuen 50. kilometrotik aurrera, baina Iker eta Marc katarro latzarekin esnatu ziren. 80. kilometrora arte sakrifikatu ziren, taldekideak ongi kokatzen, eta gero ezin izan zuten etapa bukatu, baina taldekideen alde lan itzela egin zuten”. Azkenean, Hector Alvarezek irabazi zuen klasikoa (2:46:05). Bi probak kontuan hartuta sailkapen orokorra Louis Chaleilek irabazi zuen (2:59:39) eta Alvarez hamahirugarren sailkatu zen, 34 segundora.