Saskibaloia

CBASK, Zelandiko kantxa faktoreak ez zuen erabaki

Guaixe 2024ko mar. 21a, 12:30
Zelandin ezin izan zen garaipenik ospatu. ARTXIBOA

Etxean jokatu zuten Altsasuko CBASK saskibaloi taldeko talde nagusiek, baina gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoak eta Emakumezkoen Lehen Senior mailak ezin izan zuten garaipena ospatu

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapia taldeak Humiclima liderra hartu zuen martxoaren 16an, larunbata, Altsasun. CBASK-ek oso ongi egin zion aurre liderrari eta markagailuan aurrean egon zen tarte batean, baina Humiclimak ongi eutsi zion. Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren partida guztian zehar, eta azken segundoetan hartu zuen abantaila Humiclimak, 69-73, 4 puntuko aldearekin gailentzeko. Unax Ijurra izan zen CBASK-eko puntuatzaile finena (9 puntu). 

Horrela, Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (36 puntu). CBASK Narum Fisioterapia hamalaugarren postura jaitsi da (24 puntu), bi partida gutxiagorekin. Martxoaren 23an, larunbata, talde altsasuarrak puntu berberekin sailkapenean hamahirugarren dean Navarro Villoslada izango du aurkari, 18:00etan, Iruñean. Arerio zuzenen arteko lehia da, eta hamahirugarren postua dago jokoan. 

Emakumezkoen seniorrak, ia-ia
Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Ega Perfil Oncineda Lizarrako taldea hartu zuen Zelandin. Aspaldiko partez garaipena lortzetik zetorren talde altsasuarra, eta animatuta atera zen kantxara. Lizarrakoak hasieratik aldea ateratzen hasi ziren eta partida gehienean aurretik joan ziren, baina azken laurdenetan altsasuarrek berdintzea eta aurreratzea ere lortu zuten. Tamalez, gutxi iraun zuen pozak Ega Perfil Oncinedak CBASK berdintzea eta 41-51 irabaztea lortu baitzuen, 10 puntuko aldearekin. Edurne Ormazabal izan zen CBASK-eko puntuatzaile nagusiena (10 puntu).

Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (40 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak hamaikagarren jarraitzen du (24 puntu), partida bat gutxiagorekin. Martxoaren 24an, igandea, talde altsasuarrak sailkapenean laugarren den Burlada A taldea izango du aurkari, 10:15ean Burlatan hasiko den partidan.