Palestinan bizi duten genozidioari "ez ohitzeko" deia

Guaixe 2024ko mar. 25a, 09:31
Osasun langileekin batera altsasuar batzuk ere izan ziren bilkuran.

Bilkura bidez "Palestinarrek bizitzen ari diren infernua" ez dutela ahazten adierazi nahi izan zuten.

Nafar Osasungintza Su Etenaren Aldek deituta, Nafarroako hainbat osasun etxeen parean Palestinan berehalako su eten iraunkorra eskatzeko bilkurak egin ziren martxoaren 21ean, baita Altsasun ere. Horrekin batera, mugetan dagoen eta Israel Gazan sartzen uzten ez duen giza laguntza sartzea exijitu zuten. Aldi berean, Nazioarteko Giza Zuzenbidea eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ebazpenak betetzea eskatu zuten. Azkenik, genozidioa eta apartheida Palestina osoan etetea eskatu zuten. 

Osasun arloko profesionalek esan zutenez, "ez dugu ohitu nahi Gazan eta Palestinan bizi duten genozidioari". Bestetik, "osasun langile garen aldetik, min handia ematen digu desnutrizioak eragindako heriotzak" Gogorarazi zutenez, "gero eta jaioberri eta haur gehiago daude gosearen ondorioz hiltzeko zorian". Horregatik, "gosetea gerra estrategia gisa erabiltzea", salatu zuten. 

Ez ohitu, ez ahaztu
Bilkuraren deitzaileek gaztigatu zutenez, "ez dugu genozidiora eta basakeriara ohitu nahi, normalizatzen baduzu, eragiten ez badizu, denboraren poderioz ahaztu egiten zara". Eskaerak berresteko beste arrazoi bat izan zen ezin dugula ohitu "gizatasun galera eta izuaren normalizazioaren aurrean". Osasun langileendako “Israel estatu arrazista eta kriminala egunero ehunka pertsona hiltzera ezin dugu ohitu. Ez dugu ohitu nahi Gazan hamar minutuero Israelek ume bat hiltzera. Egunero hamar ume baino gehiagok hanka bat edo biak galtzea". Palestinarrek bizi dutenari ez ohitzeko beste arrazoi bat da "ospitaleak eta anbulantziak egunez egun bonbardatzea, anestesiarik gabeko anputazioak, eragindako gosetea, giza laguntza ukatzea, umiliazio eta laidoa, espetxeratze eta tortura sistematikoa". Azkenik, ez dute ohitu nahi Israelgo "soldadu okupatzaileen jarrera zigorgabera, bere menekoen martirioa isekaz hartzen baitute". 

Israelek dagoeneko 40.000 palestinar hil dituela eta 73.000 zauritu dituela gaztigatu zuten. "Osasun langileak baldintza izugarrietan lan egiten dute, baliabiderik eta atsedenik gabe. 458 osasun langile hil dituzte, ehunka zauritu, beste batzuk atxilotu, torturatu eta umiliatu ditu Israelgo armadak". Horiek guztiak ez dituztela ahazten esan zuten. Ezta ehunka kamioitan dagoen NBEren giza laguntza Israelek mugan blokatuta izatea. "Eta muga zeharkatzen dutenean tirokatu eta bonbardatzen dituzte, janari bila gose diren herritar zibilen ondoan".