Txirrindularitza

Astizek ezin izan zuen Urkola gainditu Altsasuko Duatloian

Guaixe 2024ko mar. 27a, 10:50

Mikel Astiz eta Sara Modrego, lehen sektorean.

Saltoki Trikideak taldeko Urkola gazteak minutu bat atera zion Hiru Herriko Astiz ihabardarrari hirugarren sektorean. Emakumezkoetan, Sara Modregok ez zuen areriorik izan

Martxoaren 23an eguraldi ederrarekin jokatu zen Sakana Triatloi Taldeak antolatutako Bioracer Altsasuko XIII. Duatloia-Gabirondo aukerazko ibilgailuak saria. Guztira 108 duatletek hartu zuten parte, gehienak banakako proban, 76 gizonezko eta 13 emakumezko. Bestalde, sei bikote errelebotan aritu ziren, hau da, batek korrikako sektorea egiten zuen eta besteak bizikletakoa, eta, azkenik, zazpi kirolarik paratriatloi modalitatean parte hartu zuten. 

Joan zen urteko irabazle Mikel Astiz seniorrak (Hiru Herri) eta Elur Urkiola 23 urtez azpikoak (Saltoki Trikideak) lehia oso borrokatua izan zuten. Lehen bi sektoretan, korrikako 5 km-etan eta bizikletako 20 km-etan elkarrekin osatu zuten bidea. Eguraldia ederra zen, baina Altamira gainean haizeak jotzen zuen. Foru plazan zegoen trantsizio gunean bizikleta ia batera utzi zuten, baina korrikako azken sektorean, 2,5 km-ko tarte horretan Elur Urkolak hegan egin zuen, eta Astizi minutu bateko aldea atera zion. Urkola bakarrik iritsi zen helmugara (58:22), eta Astiz minutu eta 2 segundora sartu zen (59:24). Hirugarren Borja Martin (Peñota) izan zen (1:00:04). 

Duatloietan debuta egin duen Sakana Triatloi taldeko Beñat Katarain mendi korrikalari lakuntzarra zortzigarren sailkatu zen (1:00:36), eta bere taldekide Sergio Garcia de Eulate altsasuarra bederatzigarren (1:00:43), Top 10ean. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekhi Congil (Sakana) hemeretzigarren sailkatu zen, Ruben Garcia (Sakana) 41., Arkaitz Galarza (egun bateko federatua) 42., Juan Carlos Gomez (Sakana) 49. eta Jose Ignacio Mikeo (Hiruki) 55. Asier Ansak (egun bateko federatua) ezin izan zuen proba bukatu.

Emakumezkoetan Sara Modregok (Saltoki) ez zuen areriorik izan (1:08:24). Ia 5 minutu atera zizkion Nuria Rodriguezi (Hiruki), eta hirugarren Karmele Garaioa (Hiru Herri) sailkatu zen (1:15:00). Silvia Perez (Sakana) hamahirugarren izan zen (1:37:32). 

Erreleboak eta paratriatletak
Erreleboetan sei bikotek hartu zuten parte, eta Beñat Iglesias eta Ander Iraizoz gailendu ziren (1:03:44). Mistoetan Asier Uzquiano eta Sara Abecia izan ziren azkarrenak (1:16:02), eta emakumezkoetan Paula Diaz eta Zuriñe Chocarro (1:20:40). 

Paratliatoi mailan Aitor Oleaga (1:18:31) eta Josune Odriozola (1:25:52) gailendu ziren. 

Goizean, txikienak
Goizean Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria zen Altsasuko Duatloia jokatu zen Txioka ikastolako inguruetan. 90 kirolari gazte zeuden izena emanda. 

Erlazionatuak