Martxoaren 17ko asteburuan Korrika Erriberatik pasatzen zela aprobetxatuta, Altsasuko lagun talde batek kilometroa bertan erosi zuen, eta Tuteran asteburu pasa egin zuen. Murchante eta Cascante artean egokitu zitzaien kilometroa, eta esperientziarekin “liluratuta” daude. Garazi Urrestarazu da lagun taldeko kideetako bat. “Aurretik beste lagun talde batzuekin halakoren bat egin izan dut, Sakanatik kanpo kilometro bat erosi, baina talde honekin lehenengo aldia izan zen. Umeak ditugu, elkarrekin egoten gara, eta haurrekin Korrikaren inguruan irteera egitea bururatu zitzaigun, asteburuko plana” azaldu du altsasuarrak.
Azkenaldian Sakanan gauez pasa izan da Korrika, eta haur oso txikiendako ez da oso ordutegi egokia izaten. “Gure haur txikiendako ez ziren ordu egokiak, eta aurreko edizioan bezala batzuk aurtengoan ere ez zuten Korrika herrian ikusi behar. Erriberan asteburuan pasatzen zela ikusita, eta egunez, hara jotzea erabaki genuen, pentsatuta agian Erriberan behar handiagoa zegoela, bai kilometroak erosteko eta baita korrikalariak izateko behar handiagoa”.
Txundituta geratu ziren Tuteran zegoen mugimenduarekin. “Ez dut uste kasualitatea izango zenik; Erriberan Euskal Herriko leku ezberdinetako jende pila bat bildu ginen: nafarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak... Denetatik. Jende mordoa geunden, plan berberarekin: kilometroa erosi, eta Tuteran asteburu pasa egin. Igandean bakoitzak gure kilometrora jo genuen, baina asteburu guztian zehar Tuteran sekulako giroa egon zen”. Tartean, makina bat kuadrilla sakandar.
Garazi Urrestarazu: "Jende mordoa zegoen Tuteran, Korrikaz gozatzeko prest"
Tuteran larunbatarekin Gazte Eguna antolatu zuten Lezoko eta Tuterako gazteek. “Egun guztiko egitaraua prestatu zuten, eta giro aparta zegoen, baina errealitatearekin ere topo egin genuen. Altsasuko Elektrokela Elektrotxaranga bertan zen, baina Tuterako udalak elektrotxaranga kalera ateratzea eta kalean jotzea debekatu zuen. Horregatik, inprobisatutako planak sortu behar izan ziren. Elektrotxarangaz ere disfrutatu genuen, baina, tamalez, egun dugun errealitatearekin ere topo egin behar izan genuen”.
Nolanahi ere, udalak ezin izan zuen Korrikari lotutako kaleko festa giroa estali. “Kalean giroa bestelakoa zen; bertakoek, Tuterakoek, eta bertara hurbildutakoek bikain pasa genuen. Eurek antolatu zuten eguna; handiagoa, masiboago edo txikiagoa, baina Erriberan bada euskararekiko atxikimendua. Nik uste gure parte-hartzea eskertu zutela, gu ere han egotea eta halako asteburu eder bat gozatu ahal izatea”.
Garazi Urrestarazu: "Oso ongi pasa genuen. Haurrek ere disfrutatu zuten. Datorren Korrikan ere norabait joango gara, oso argi dugu"
Euskararen inguruan Erriberan makina bat taldek lan ordainezina egiten dute. Errigora bezalako kanpainek ere euskararen alde bere alea ereiten dute. “Euskararen alde jende asko dabil lanean, oso konpromiso maila handiarekin eta lan bikaina egiten. Hor daude ikastolak, hor segitzen dute lanean, ahal den guztia euskaratzen eta euskalduntzen. Euskara ere entzuten da Tuterako edo Erriberako kaleetan. Noski baietz. Giroan antzematen zen, beste ilusio bat, beste atxikimendu bat”.
Errepikatzeko modukoa
Altsasuko taldeari Murchante eta Cascante artean egokitu zitzaien kilometroa. “13:12ean genuen ordua, baina Korrika pixka bat beranduago etorri zen. Pila bat disfrutatu genuen, oso kilometro polita izan zen”. Haurrek, zer esanik ez “oso-oso ongi pasa zuten. Korrika girotzen eta alaitzen furgonetako kideek lan handia egiten dute. Kilometroan lekukoa hartu, umeek euren artean lekukoa txandakatu zuten, eta oso gustura ibili ginen”. Beroa izan zen protagonista. “Hemengo udako egun onenean izan dezakegun eguraldia izan genuen”. Ondoren, Hiru Herri atletismo taldeari pasa zieten lekukoa. “Haiek gu baino finago ibiliko ziren, ziur (kar-kar)”. Hurrengo kilometroa ere oso berezia izan zen, Nafarroako trabestiena. “Bertara iritsi nahi genuen, baina hainbeste umeekin eta entrenamendu gutxirekin ezin izan genuen. Oso kilometro polita izan omen zen”.
Esperientzia “oso ona” izan da, “hurrengo batean errepikatzeko modukoa. Datorren Korrikarako plana egina dago. Ez dakigu nora joango garen, non pasako den Korrika asteburuan, baina norabait joango gara. Hori oso argi dugu”.