Txirrindularitza

Iker Gomez, Paris-Roubaix juniorrean giltzarri

Guaixe 2024ko api. 9a, 10:30

Iker Gomez, eskuinean, Paris-Roubaixen. FEDERAZIOA

Espainiako selekzioarekin Iparraldeko infernuan lehiatu zen altsasuarrak lan itzela egin zuen Hector Alvarez liderra Top-10ean sailkatu ahal izateko

Nazioen Koparako baliagarria den Paris-Roubaix juniorrean Espainiako junior mailako selekzioa lehiatu zen, eta bertan lan ordainezina egin zuen Quesos Albeniz talde sakandarreko Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak. Mikel Zabala hautatzailearen esanetara aritu zen Gomez, eta helburua Hector Alvarez liderrarendako lana egitea zen. Lasterketak 111 km gogor zituen, eta galtzadarrizko 17 eremu, 29 km inguru. Alvarez hogeigarren sailkatu zen joan zen urtean, eta aurten bederatzigarren sailkatu zen, besteak beste Iker Gomezek egindako lan ordainezinari esker. 

Alvarezek Orchiesen gurpila zulatu ondoren, altsasuarrak itxaron egin zion, eta lasterketako aurreko talderaino eraman zuen liderra. “Lan egitea tokatu da. Alvarezek zulaketa izan ondoren, aurreko taldearengana heltzeko tira egin dut. Hura lortuta, geratzen zitzaidan indarrarekin helmugara heltzea zen asmoa, eta lortu dut. Beraz, oso kontentu nago. Esperientzia itzela izan da” azaldu zuen altsasuarrak helmugaratzean. 

Paris-Roubaix juniorra Jacob Orzel eslobeniarrak irabazi zuen. Hector Alvarez bederatzigarren sailkatu zen, 1:04ra, eta Iker Gomez 61., 11 minutura. Lasterketa “oso gogorra” izan zen, “hasieratik”. “Galtzadarrien eremu guztietan jendea zegoen animatzen. Aparteko esperientzia izan da, oso gogorra; errepikatzea nahiko nuke”.