Nafarroako Kirol Elkaretak eta Nafarroako Mendi Federazioak bigarren orientazio proba antolatu du apirilaren 14an, igandea, Altsasuko Dantzalekuko kirol instalazioetan. Zazpi kategoria izanen dira: hiru talde (open hori, open laranja eta open gorria) eta lau bakarkako kategoria (Open horia, haur hasiberriak; open laranja; open gorria eta open beltza). Proban parte hartzeko izena eman behar da cdnavarra.com bidez.
Kategoriaren arabera distantzia eta desnibela desberdina izanen da, eta kontrol gehiago edo gutxiago izanen dituzte; esaterako, Open Horikoek 2,8 kilometroko distantziako ibilbidea egin beharko dute, 35 metroko desnibelarekin eta hamaika kontrol izanen dituzte; Open Laranjako parte hartzaileek 4,1 kilometroko ibilbidean ariko dira, 80 metroko desnibelarekin eta hamabi kontrol izanen dituzte; Open Gorria kategorian 4,8 kilometrotan ariko dira, 13 metroko desnibelarekin eta hamasei kontrol izanen dituzte, eta Open Beltzako parte hartzaileek 5,2 kilmetroko ibilbidea eginen dute, 185 metroko desnibelarekin eta hemezortzi kontrol izanen dituzte.
10:00etan zabalduko dute txapelketaren zentroa, eta 10:30ean open beltza kategoriako parte hartzaileak ateartzen hasiko dira. Parte hartzaileak bi minuturo aterako dira. 11:30ean beste kategorietako parte hartzaileak ateratzen joanen dira, eta 12:30ean azkenengo parte hartzaileen irteerak izanen dira. 14:00etan helmugaren itxiera izanen da.