Emakumezkoak zaintzeko egitasmoa

Guaixe 2024ko api. 10a, 10:11

Proiektuaren sustatzaile diren erakundeetako ordezkariak.

Emakumezkoen emozio ongizatea eta fisikoa ditu helburu hainbat erakundek elkarlanean garatutako proiektuak.  

Altsasuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren ebaluazio prozesuan jatorri anitzetako emakumeen beharrak, interesak, kezkak… zeintzuk ziren ezagutzeko lansaio bat izan zen. Han jasotakoak izan ziren zaintza lanetan daudela eurentzako denborarik gabe, eta bakardadea sumatzen dutela. Horren ondorioz, Elkar zaintzen duten emakumeak programa abiatuko dute apirilaren 15ean, astelehenean. Alde batetik, ariketa fisikoa egiteko aukera izanen dute izena eman duten emakumezkoek. Guztira 39 saio izanen dira. Emozio egoera Ana Beaumont psikologoarekin landuko dute dozena bat saiotan. 

Egitasmoa Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Altsasu, Olazti eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu dute, elkarlanean. Proiektuaren udaberriko txanda beteta dago, baina udazkenekoan, irailaren 23tik azaroaren 28ra arte, izena emateko aukera da. Horretarako, antolakuntzan dauden erakundeekin harremanetan jarri behar da.