Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapia taldeak bolada gorabeheratsuan jarraitzen du. Martxoaren 23an Navarro Villosladari 55 eta 73 irabazi eta gero, apirilaren 6an jokatutako partidan 77 eta 71 galdu zuen Aranguren Mutilbasket taldearen kontra. Bi taldeak parez pare hasi ziren baina talde altsasuarrak aldea ateratzea lortu zuen. Tamalez, azken unean Mutilbasketek partidari buelta ematea lortu zuen eta 6 tantoren aldeagatik gailendu zen. Unai Flores izan zen CBASK-eko puntuatzaile nagusiena (17 puntu).
Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (38 puntu). CBASK Narum Fisioterapia hamabigarren postuan dago (30 puntu). Apirilaren 13an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean bigarren eta lider izateagatik borrokatzen ari den Aguerri Larraona Claret taldea hartuko du Zelandi kiroldegian, 17:50ean, Altsasun. Erronka ederra du talde altsasuarrak.
Emakumezkoen seniorrak, ongi
Emakumezkoen Lehen Senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak 65 eta 42 galdu zuen martxoaren 24an jokatutako partidan, baina apirilaren 6an Sanduzelairen kontra Iruñean jokatutako partidan 39 eta 44 gailendu ziren altsasuarrak, lehia estu baten ondoren. Sanduzelai egon zen aurreratuta partidaren zati handi batean, baina azken laurdenean CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak partidari buelta ematea lortu zuen eta merezitako garaipena lortu, animorako primeran datorkiena. Usuri Astiz izan zen talde altsasuarreko jokalari aipagarrienetakoa, 10 defentsa errebote egin zituelako (4 puntu).
Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (44 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak hamaikagarren jarraitzen du (27 puntu), partida bat gutxiagorekin. Apirilaren 13an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena den Larraona Claret taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan Altsasun hasiko den partidan.