Irabazi asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntza deialdia egin du udalak

Guaixe 2024ko api. 18a, 11:16

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Laguntzen helburua da premia berezia duten eta Altsasun eragina duten biztanleen bizi baldintzak hobetzea ahalbidetuko duten ekimenak sustatzea eta dinamizatzea.

Altsasuko Udalak egin duen deialdiaren bidez diruz lagunduko dituen proiektu eta jardueren helburua izanen da: integrazioa, aukera berdintasuna, gizarte  arriskuko egoeren prebentzioa edo kalteberatasun, babesgabetasun, mendekotasun edo gizartebazterkeriako egoeren tratamendua erraztea. Dirulaguntza deialdiak 7.456 euroko poltsa du. Deialdian interesa dutenek eskabideak maiatzaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte. 

Deialdiko dirulaguntzak jaso nahi dituzten instituzio edo elkarteek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Batetik, pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak, inskribaturik daudenak Nafarroako Elkarteen Erregistroan, eta dokumentazioa eguneraturik dutenak. Bestetik, irabazi asmorik ez edukitzea. Horrekin batera, estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraziko da, berariaz, haren helburua dela hainbat jarduera egitea gizarteratzea, aukera berdintasuna eta indarkeriarik eza ahalbidetzeko, baita giza eskubideen urraketa ezagutarazteko eta konpontzeko ikerketak egitea eta gizarte-arriskuko egoerak prebenitzea eta kalteberatasun,
babesgabetasun, mendekotasun eta gizarte bazterketako egoerak tratatzea ere.

Dirulaguntzarako eskubidea izateko eskatzaileek erakutsi beharko dute Nafarroan era aktiboan jarduten dutela.  Gainera, helburu sozialak betetzeko adinako egitura edukitzea eta proposaturiko helburuak erdiesteko behar diren eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea. Azkenik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte. Deialdiari buruzko informazioa altsasu.eus udal webgunean dago.