Astekaria

"Herria bizitzeko modua aldatu zitzaiela esaten zuten"

Guaixe 2024ko api. 16a, 09:00
Egitasmoa sustatu duten erakundeetako ordezkariak aurkezpenean.

'Elkar zaintzen duten emakumeak' egitasmoa jarri dute martxan Altsasuko Kirol eta Berdintasun sailak, Altsasu, Olazti eta Ziordiko oinarrizko Zerbitzuak eta Sakanako Mank-eko Anitzartean-ek. Sara Salazar eta Aizaga Zeberio kirol eta berdintasun teknikariak dira, eta Arantxa Erbiti gizarte langilea. 

Altsasuko emakumeen ongizatea hobetzea, arrazio anitzengatik zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei arreta berezia jarrita helburu duen Elkar zaintzen duten emakumeak egitasmo pilotua garatu dute Altsasuko Udaleko Kirol eta Berdintasun saileko teknikariek, Altsasu, Olazti eta Ziordiko oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langile eta hezitzaileak, eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartea Zerbitzuko gizarte hezitzaleak elkarlanean. Egitasmoaren ardatza ariketa fisikoa eta emozioen lanketa direla esan dute Sara Salazar Romo Kirol teknikariak, Aizaga Zeberio Petriati Berdintasun teknikariak eta Arantxa Erbiti Beloki gizarte langileak. Aurrenekotik 39 saio izanen dira eta hamabi atzenekoetatik. 

Nolaz sortu da egitasmoa? 
Aizaga. Joan zen urtean sortu zen. Garai hartan Altsasuko Udalaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana ebaluatzeko parte hartze prozesua egiten ari ginen. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrekin elkarlanean beste lansaio bat egin genuen, hartan hainbat jatorritako emakumezko altsasuarren beharrak, kezkak eta abarrak ezagutu genituen. Zenbait emakumezkok helarazi ziguten askotan bakardadea sumatzen zutela, oso zaintzari emanak bizi direla, batez ere beraien seme-alaben eta bikoteen zaintzara, eta beraiendako denborarik ez zeukatela. Estres egoera horretan bizi zirela, nahiz eta momentu hartan ez zuten horrela adierazi. Eta behar zutela guk udaletik zerbait antolatzea etxetik pixka bat ateratzeko aitzakia bat edukitzeko, beste emakume batzuk ezagutzeko eta beraien osasuna zaintzeko. Eskaera eta proposamen horri heldu eta hainbat zerbitzutako teknikariak harremanetan jarri ginen, eta lankidetza proiektu honi forma eman diogu. 

Kezka eta behar horiei buelta emateko zer prestatu duzue?
Sara. Ariketa fisikoa egiteko saioak eta, gainera, emozioak lantzeko saioak ere bai, emakumezko horien egoera landuko da, ezagutzeko eta aurrera eramateko haien bizitzan. Ariketa fisikoaren aldetik helburua da gozatzea, ariketa fisikoa egitea zer den probatzea eta ondo sentitzea ariketa fisikoa egin ondoren. Ea pixkanaka gai garen haiek beraien bizitzetan ariketa fisikoa sartzen, eta modu aktibo batean bizitzea. Ez bakarrik besteengandik kezkatzea, baizik eta bakoitzak bere gorputzari garrantzia ematea. Gorputza lantzen bada, ondoren emozionalki hobeto zaude. Talde batekin lan egindako ariketa da, onura fisikoez aparte bestelakoak ere baditu. Haiek gustura bukatu zuten saio pilotua egin genuenean eta aurten errepikatzea pentsatu dugu, emakumezko gehiagori parte hartzeko aukera emanez. Eta hemen gaude. 

Zer eginen dute ariketa fisikoa lantzeko? 
Sara. Daukagun irakaslearekin denetarik proba dezakete. Prest dago zumba emateko, core lantzeko, indar ariketak, luzaketak... Eskaintza zabal bat izanen dute, ariketa errazekin, guztiek lasai jarrai dezaten, eta gozatzeko. Apirilaren 12an, ostiralean, bilera egin genuen, elkar ezagutzeko. Bilera hori garrantzitsua izan zen partaideen nahiak jakiteko, irakasleak ikusteko zer nahi duten eta saioak egokitzeko. Taldea nahiko heterogeneoa denez, begiratu behar da ere emakumezkoak zer baldintza fisikotan dauden, esandakoa, gustura egoteko eta ariketak haien nahietara egokitzeko.

Arantxa Erbiti Beloki, Aizaga Zeberio Petriati eta Sara Salazar Romo.

Non eginen dituzte kirol ariketa horiek?
Sara. Printzipioz astean bi saio eginen dira Garbitoki eraikinean. Asmoa ere badago mendi txango bat egiteko. Pasa den urtean egin zuten eta gustura egon ziren. Horrela haiek ere beste baliabide batzuk izanen dituzte, zer mendi daukagun ezagutu eta haien kabuz egiteko. Kirol azpiegiturak ikustera ere joango gara; ikus dezaten zer instalazio ditugun, zein aukera daukaten haien kabuz egiteko, edo udalean zer eskaintza daukagun, probatzeko eta ikusteko. Ariketa fisikoa egiten apirilaren 15ean hasiko dira, garagarrilaren 13ra arte.

Nola landuko dute emozioen arloa?
Arantxa. Horretarako, Ana Beaumont psikologoarekin harremanetan jarri gara. Ordu eta erdiko saioak izanen dira, hamabostean behin eginen direnak. Saio bakoitzean lantzen diren gauzek hausnarketa behar dute, horregatik garrantzitsua iruditzen zitzaigun saioen artean epe hori jartzea. Landuko dituzten gaiak emakumezkoek beraiek ekarritakoak izanen dira, beraiek mahai gainean jarritakoak dira. Ez dago definituta. Lehenengo da: zer nahi duzue? Zeintzuk dira zuen beharrak? Horiek pixka bat landuko dituzte. Eta iruditzen zaigu taldeak garrantzia duela, zeren, azkenean, profesional bat dago, baina denen artean saiatzen dira, norberak egoerak jarriz edo ideiak ematen. Autoestimuarekin lotutako aholkuak izango lirateke. Badaude batzuk nahiz eta jendez edo senidez inguratuta egon, bakardadearen sentimendu hori dutenak, kontzientzia hartu eta zer irtenbide edo zer aukera dituzten aztertuko dute. Ezagutza. Zeren batzuetan ez dugu geure burua ezagutzen, eta lehenengo gauza da hori. Eta geure burua ezagutzen ez dugunez, irtenbideak edo aholkuak non nondik jaso ez dakigu. 

Egoera berean jende gehiago ikusi, eta elkarrekin aurrera egiteko?
Arantxa. Hori oso-oso garrantzitsua da. Iruditzen zaie agian bakarrik daudela, edo: “niri hau gertatzen zait, eta hau gertatzen zaidan bakarra naiz”. Eta partekatuz taldearen laguntza jasoko dute. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan guk antzeko proiektu bat genuen eta horretaz konturatzen ginen. Alde batetik, badu zailtasun bat. Ez gaudenez partekatzera ohituta, hasieran agian kosta egiten zaigu gure arazoak partekatzea. Baina behin esperientzia hori bizita bai, kontzientzia hartzen dute, eta ikasketa da: “zeinen ongi, denon artean irtenbideak lortzen ditugula”. 

Zein izan zen saio pilotuaren zuen eta haien balorazioa? 
Aizaga. Egia esan balorazioak oso onak izan ziren. Horretarako bakarrik lan saio bat egin genuen abenduan. Emakumeekin elkartu ginen eta beraiek oso eskertuta zeuden. Aipatzen zituzten alderdien artean, esaten ziguten egindako jarduera fisikoa eta emozionaleko saioak baliagarria izan zitzaizkiela emakume gehiago ezagutzeko, kalera ateratzen zirela baina ez lehen zeukaten beldur horrekin-edo. Adibidez, jarduera fisikoa herriko emakume batek gidatzen zuenez, emakume hori ere ezagutu zutela. Herria bizitzeko modua aldatu zitzaiela esaten zuten. Eta lehen aipatu dugun bakardade egoera horri buelta emateko tresnak edo jarri genituela. Guretako hori oso inportantea izan zen, zeren helburuetako bat hori zen. Horregatik, erabaki dugu aurten proiektua bere zera guztiarekin jarraitzea. Baina balorazioak oso-oso emankorrak izan ziren. Eta beraiek eskatu ziguten, mesedez, proiektuarekin jarraitzeko. 

Oraindik izena emateko aukera dago?
Aizaga. Aurten bi talde osatu ditugu. Aurrenekoa apirila eta garagarrila artean ariko da. Talde hori dagoeneko beteta dago. Bigarren taldea irailaren 23tik azaroaren 28ra bitartean izanen da. Dagoeneko batzuek interesa dute. Interesa duen Altsasuko edozein emakumerendako ere irekita dago izen ematea. Horretarako, gurekin harremanetan jarri beharko dute. Hona harremanetarako bideak: Berdintasun Saila, berdintasuna@altsasu.net edo 948 56 48 23; Kirolak Saila, kirolak@altsasu.net edo 948 56 34 10; Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, ssbaltsasu@ssbaltsasu.eus edo 948 46 76 62 eta Anitzartean anitzartean@sakana-mank.eus edo648 070 710.