Martxoaren 23an Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko NKJ-etako lehen fasea jokatu zen Barañainen. Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko zazpi gimnastak parte hartu zuten bertan. Laugarren mailan Enara Perez, Haizea Perez, Ainhoa Marijuan eta Uxue Zubelzu lehiatu ziren, pilota aparailua edo elementua hartuta. Eta bigarren mailan Ane Iturrioz, Naroa Diaz eta Nagore Erdozia gimnastek hartu zuten parte, mazoekin. Iskiza Sakanako koordinatzaile Olaia Agirre orokorrean "oso pozik" dago gimnastek egindako lanarekin. "Oro har oso lan ona egin zuten guztiek, eta emaitza politak lortu genituen. Esaterako, Enara Perez kadetea (2010 maila) lehen postuan sailkatu zen, eta jubeniletan Ane Iturrioz (2007-2008 maila) txapelduna izan zen eta Nagore Erdozia (2005-2006 maila) hirugarrena".
Espainiako Banakakoan
Nafarroako Txapelketan egindako lan bikainari esker, bigarren mailan lehiatu ziren Ane Iturriozek, Naroa Diazek eta Nagore Erdoziak apirilaren 14ra bitartean Castellonen jokatu zen Banakako Oinarrizko Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketarako plaza edo txartela lortu zuten. Nafarroako Txapelketan aurkeztu zuten lan ariketa berbera eskaini zuten, maza aparailuarekin egindako lana. Abenduan hasi ziren koreografia prestatzen.
Taldetik banakakorako saltoa
Orain arte taldeka lehiatu dira Espainiako Banakako Txapelketan parte hartuko duten gimnastak. 2023an Iskiza Gimnasia Erritmikoko oinarrizko jubenil taldea Nafarroa Arenan jokatutako Espainiako Taldekako Txapelketan estatuko 147 talderen artean 29. sailkatu zen, eta Nafarroako Bigarren Mailako txapelduna izan zen. Bost gimnastak osatzen zuten taldea, baina horietako bik taldea utzi zuten. "Taldeka lehiatzeko gutxienez bost gimnasta behar dira, eta bik utzi zutenez, jubeniletan geratu ziren beste hiru gimnasta hauekin banakako txapelketetara salto egitea erabaki genuen" dio Agirrek. Taldeka aritzetik banaka aritzera, aldea badago. "Aldaketa handia da, urte asko ibili direlako taldeka lanean, eta emaitza onekin, gainera. Bakarka aritzera pasatzea kostatzen da, badu bere zailtasuna. Mentalki gogorragoa da. Baina Nafarroako Banakako Txapelketako lehen fasean emaitza politak izan dituzte, eta pozik gaude".
Ikastera
Iskizakoak "espektatibarik gabe" joan ziren Castellonera. "Banakakoan maila oso handia da, potentea. Espainiako Txapelketan lehiatzen ari diren gimnasta askok urte asko daramatzate bakarrik lanean, eta abantaila hori dute. Gure gimnastendako bakarrik lehiatzen diren lehen urtea da. Hortaz, espektatibarik gabe joan ginen. Gure lana defendatu nahi genuen, puntuazioa eta bestelakoak ez zitzaizkigun axola. Guretako esperientzia berria zen, guztiz. Beti bezala, ikastera joan ginen" argi du Olaia Agirre irakasle eta Iskizako koordinatzaileak. "Dena ongi ateratzea, hori litzateke guretako aldaba jotzea. Akats larriak ez egitea eta ariketa ongi bukatzea. Horrekin, pozik zoratzen geundeke. Emaitzei baino, sentsazioei begira goaz, lana ongi egiteari begira. Kategoria bakoitzean 150 gimnasta inguru daude, hau beste mundu bat da. Gimnastak tapizetik pozik ateratzea. Hori pozik baino gehiago egotea da guretako".
Olaia Agirre: "Taldeka aritzetik banaka lehiatzera aldaketa handia da; baina ongi ari dira"
Nafarroako bigarren fasea, Altsasun
Castellonetik bueltan, Iskizako gimnastak ez dira geldituko. Apirilaren 20an, larunbata, Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko NKJ-etako bigarren fasea hartuko du Altsasuk. Nafarroako 21 klubetik gerturatutako 136 gimnastak hartuko dute parte, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren mailan. Martxoaren 23an Barañainen lehiatu ziren gimnasta guztiak lehiatuko dira, txapelketaren behin betiko sailkapena lehen fasean eta bigarren fasean egindako lana batuz egiten baita. Zelandi kiroldegian jokatuko da, 9:00etatik hasita 14:00ak arte, eta sarrera irekia da. Gimnasia erritmikoaz gozatzeko, aukera aparta. "2019an hartu genuen azken aldiz Nafarroako Txapelketa, eta, horregatik, gogo handiz hartu dugu aurtengoa antolatzeko erronka. Aste pare bat daramagu guztia prestatzen; ongi ateratzea nahi dugu, beste urte batez ere txapelketa Altsasura bueltatzeko, eta ez bospasei urtean behin. Gogotsu gaude" nabarmendu du.
Lehen fasean lehiatu ziren Iskizako zazpi gimnastez gain Nerea Palomino ere lehiatuko da, laugarren mailan, mazoekin. Lehen fasean ezin izan zuen aritu, baina bigarrenean parte hartzera animatu da. Helburua ikasitako guztia ongi erakustea da, lehen fasean egindako lanari eustea, eta, ahal bada, hobetzea. Etxean egonda, gainera, motibazioa handiagoa da.
Olaia Agirre: "Apirilaren 20an, larunbata, Nafarroako Banakako Txapelketako bigarren fasea hartuko du Zelandik. Gogotsu gaude, eta sakandarrak gonbidatuak zaudete"
Liga eta beste
Iskizakoek prakak bete lan dituzte hemendik aurrera. "Martxora arte lasai ibiltzen gara, ariketak eta koreografiak prestatzen, baina martxotik ekainera bitartean ia ez gara gelditzen". Espainiako Banakako Txapelketaren eta Nafarroako Banakako bigarren fasearen ondoren, Iskizako Liga eta taldekako txapelketen txanda etorriko da. "Apirilaren 28an, igandea, Altsasun Iskizako Liga prestatzen dugu. Iskizako gimnasta guztiek parte hartzen dute, txapelketa taldekoak eta eskolakoak. Izan ere, berehala NKJ-etako Nafarroako Taldekako Txapelketak hasiko dira, eta landutakoa erakusteko aprobetxatzen dute gure gimnastek. Erakustaldi txikia da, eta beste klub batzuetako gimnastak gonbidatzen ditugu. Datorrenari heltzeko nolabaiteko irteteko pistola-tiroa da".
Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldean 86 gimnasta inguru daude aurten. Aurten bost txapelketa talde prestatu dituzte, 25 gimnasta guztira. Haiei Espainiako Banaketan lehiatzen ari diren hiru gimnastak batu behar zaizkie, Altsasuko eskolako 33 gimnastak eta Arbizuko eskolako 25ak. Talde ederra.